Prentsa Aretoa

2020/10/29

EAJ-PNVk Andoni Aldekoaren profesionaltasuna abalatu du EITBko zuzendari aukeratzeko, eta oposizioari eskatu dio haren lana errespetatzea eta konfiantza izatea

Legebiltzarrak Aldekoaren kandidatura babestu du ente publikoko zuzendariaren aukeraketan, talde jeltzalekoen eta sozialisten botoekin ebatzi dena. “Profesional bikaina, elkarrizketa bailatzen duen pertsona, kargurako behar den profila soberan betetzen duena”, esan du Joseba Diez Antxustegi legebiltzarkideak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Aldekoa aukeratu dute EiTBko zuzendari nagusi, Legebiltzarrak gaur egin duen osoko bilkuran. Bere hautagaitzak, Eusko Jaurlaritzak proposatuak, Ganberaren oniritzia jaso du jeltzaleek eta sozialistek eman duten botoekin. Euskal Ganberak aukeratu ondoren,  Iñigo Urkullu Lehendakaria izango da izendapen-dekretua izenpetuko duena.

Aldekoak karguan ordezkatuko du Maite Iturbe, eta EA-PNVren aburuz, pertsonarik egokiena da ente publikoari datozen urteotan  planteatuko zaizkion erronkei aurre egiteko, orain arte egin duen ibilbidearen abala  bere alde duela. Kazetaria da ogibidez, eta gaur egun Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusia da. Aldekoak esperientzia dauka komunikazioaren esparruan  zein alderdi instituzionalean. Bere ibilbide profesionala EiTBn hasi zuen eta hainbat erantzukizun izan zituen Cadena Ser eta Canal Bizkaia Televisión-en; Komunikazioko buru izan zen Bilboko udalean eta Urkullu Lehendakariaren aholkulari  ere bai. Meritu nahikoak ditu euskal irrati telebista publikoan irekiko den etapari berme guztiei ekiteko.  Halaber, jeltzaleek baztertu egin dituzte hasiera batetik bere hautagaitzak jaso dituen kritika justifikaezin eta desegokiak, eta Legebiltzarreko taldeei eskatu diete errespetua  erakustea “izendapen bat kritikatzea bere kudeaketaren emaitzak ezagutu aurretik, hutsegite handia da, etorkizunean eman litezkeen hutsegiteak auzitan jarri ahal izateko sinesgarritasuna galtzea eragiteaz gain, halakorik gertatzekotan”.

Joseba Diez Antxustegi  legebiltzarkideak uste du Aldekoak aukera bat merezi duela, bere lorpenek, neurri handi batean, Legebiltzar honetan emango den batasun eta adostasunaren araberakoak izango direlako. “Errespetua eta konfiantza, denok merezi dugulako besteen konfiantza jasotzea, Andoni Aldekoak ere, eta hemendik opa diogu bere eginkizunetan asmatzea. EiTBk erronka erraldoiak izango ditu hemendik aurrera,  beste hedabide publikoek dituztenen antzekoak. Ezagutzen dugu merkatua eta ezagutzen ditugu inguruan dituen lehiakideak. Erronka horiei guztiei arrakastaz ekiteko ere beharko da  erakunde honetatik denok jarrera bat izatea: elkarren arteko gatazkaren bide okerretik jarrai dezakegu edo, bestela, lankidetzaren bidea aukeratu”. Hala, alderdi guztiak animatu ditu EiTBren baitan lankidetzarako bidea hartzea “hazten eta indartzen” jarrai dezan zerbitzu publikoa izateko borondatea, objetibotasuna eta aniztasuna bermatuz.

EH BILDUREN FOBIAK

Kritikarik amorratuenak etorri dira EH Bildukoen eserlekuetatik, EiTBren zuzendaria aukeratzeko eredu aldaketa planteatzeaz gain, Aldekoaren balioa jarri  baitute auzitan  . “Ezin izan dute auzitan jarri komunikazio munduan egin duen ibilbidean eginiko ezer, ezta aurrekontu handia duen sozietate publikoa zuzentzeko gaitasuna ere. Ideologia izan da aurpegiratu ahal izan dioten gauza bakarra”, esan du Diez Antxustegik, bere afiliazio politikoagatik erantzukizun hori hartzeko gaitasungabetuta ote dagoen galdetzearekin batera. “Eskubideak batzuentzat soilik? Euskadin EAJk botoen %39 jaso ditu; Bildu %28ra baino ez da heldu. Estatistika kontu bat da. Probabilitateari begiratuta, objetiboki  handiagoa izango da pertsona bat EAJkoa izatea. Pertsona horiek gainerakoek baino eskubide gutxiago izango al dituzte? Diez Antxustegik gogora ekarri du Maddalen Iriarte eta Jasone Agirre ETBtik datozela eta eskubide osoa dutela politikan parte hartzeko eta egoki jotzen dutenean kazetaritzara itzultzeko, baina alderantziz egindako ibilbide hori Ezker Abertzaleak eskandalagarri jotzen du. EAJ-PNVko ordezkariak egotzi die  politika sabelarekin egiten dutela, eta ez buruarekin, eta, horrez gain, adituak direla gai guztiak politizatzen: “Beti eta guztietan egin duzue ahalegina: herrietako jaiekin, auzo elkarteekin, kirol elkarteekin eta, jakina, nazioarteko pandemia ere politizatu nahi izan duzue”.

Bilduk osoko bilkuran defendatu duen lehiaketa publikoari dagokionez, Diez Antxustegik azpimarratu du “zilegi” dela aldaketak planteatzea, baina horiek gauzatzen ez diren bitartean EiTB ezin da gelditu. Aukeratu duten bidea hori bada, zera esan die “ekar ezazue proposamena Legebiltzar honetara, bertan eztabaidatzeko. Baina, bien bitartean, daukaguna daukagu. Apeta baten fruitu ez den prozedura, baizik eta parlamentu honek adostu eta onartu zuena. Hori da gure joko eremua eta EiTBk ezin du hibernatu zuek erreforma hori aurkeztu eta legebiltzar honetan eztabaidatu, aztertu eta adostu arte” .