Prentsa Aretoa

2020/07/09

Urkulluk lehen mailako osasun arreta indartuko du 400 osagile gehiagorekin, eta 7 osasun zentro eraikiko ditu Gasteizen, Murgian, Donostian, Ordizian, Aretxabaletan, Bilbon eta Zallan

Errenterian egin den ekitaldian, Lehendakariak osasun arloko profesionalen eskuzabaltasuna eskertu du, eta hitzeman du Euskadiko osasun publikoaren kalitatea bermatuko duela “murrizketarik egin gabe”: “Osakidetza da gure bermerik onena”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Iñigo Urkullu Lehendakari eta berrautaketara aurkezten den lehendakarigaiak gaur eman ditu ezagutzera EAJ-PNVk igandeko Euskal Hauteskundeetara eramango duen hauteskunde egitasmoan osasun alorrerako jasotzen diren konpromisoak, besteak beste lehen mailako arreta indartzea 400 mediku berri kontratatzearekin eta osasun zentro berriak eraikitzea Donostian, Ordizian, Aretxabaletan, Vitoria-Gasteizen, Murgian, Bilbon eta Zallan. Errenterian egin den ekitaldi politikoan Urkullurekin izan da Nekane Murga Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko burua. Bertan, Arabako zerrendaburuak baieztatu du bere Exekutiboa gai izan dela azken zortzi urteotan “osasun publikoa murrizketarik egin gabe bermatzeko konpromisoari eusteko, baita egoera ekonomiko zailenetan ere. Eta berdin egiten jarraituko dugu”. Halaber, Urkulluk eskertu nahi izan du “Covid-19aren krisiari aurre eginez Osasun Sailak, Nekane Murga Sailburu andreak eta bere lantalde osoak egin duten lana. Beti erne, beti adi, birusaren jarraipena eginez. Osakidetza da gure bermerik onena”, esan du. Urkullu eta Murga osasun arloko lau profesionalekin egon dira Errenterian: Irune Galarraga erizaina, Carmen Solorzano pediatra, Imanol Kerejeta psikiatra eta Juan Mari Iñiguez Larrialdietako medikua.

Urkulluk, hitza hartu bezain laster, bere doluminik sentikorrena adierazi nahi izan die Euskadin pandemia honetan hil diren 1.600 pertsonen familiei, eta Ordizian erregistratu den agerraldi berria ekarri du gogora. “Basurton, Txagorritxun eta Orion izan ditugu, eta arintasunez erantzun dugu. Oraingo honetan, Ordizian daukagu. Erantzuten ari gara. Ezin dugu guardia jaitsi. Horrekin batera, beharrezkoa da norbanakoaren eta taldearen erantzukizuna azpimarratzea: higiene-neurriak, gizarte-urruntzeak eta maskaren erabilera.Ezin gara utzikerian erori. Nahiz eta okerrena pasa den, adi jarraitu behar dugu”, ohartarazi du. “Gure konpromisoa da test masiboak egiten jarraitzea, agerraldi berriak azkar detektatzea eta foku berrietan kirurgikoki jardutea. Zailena gainditzea lortu dugu, baina apaltasunez jardun behar dugu. Orain arte sekula eman ez den egoerari aurre egin diogu eta aurre egiten jarraitzen dugu. Bide luzea geratzen zaigu aurretik, zeregin handia”.

Arabako zerrendaburuak Euzko Alderdi Jeltzaleak Hauteskunde Egitasmoan osasun alorrean jasotzen dituen konpromisoak azaldu ditu:

- Lehen mailako arreta indartzea, lehen arretako 400 profesional mediku berri prestatuz eta familien erizaintzan eta komunitateko erizaintzan plantilla handituz

- Egunero 3.500 PCR test baino gehiago egiten jarraituko dugu.

- Osasun Zentro berriak irekiko ditugu: Gasteiz, Murgia; Zalla, Bilbao; Donostia, Aretxabaleta edo Ordizian.

- Euskadiko Osasun publikoaren legea onartuko dugu.

- Euskadiko Kluster biosanitarioa sustatuko dugu, elkarrekin lan eginez babes-ekipoen eta osasun tratamenduen beharrei hobeto erantzuteko.

- Arreta integral soziosanitarioa hobetuko dugu. Gehiago hurbilduko dugu osasunaren eta adinekoen egoitzen arteko kudeaketa.

“Hau da gure erantzuna, osasun publikoarekiko konpromiso irmoa eta osoa dugu. Ziurgabetasunaren aurrean, erantzun zehatzak eta ziurrak eta konfiantza. Hau da Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa gure osasun publikoa indartzen jarraitzeko”, amaitu du.

Murgak bere aldetik baieztatu duenez “Osasuna lehentasuna da, gizabanako guztien eskubidea” eta gogora ekarri duenez “Osakidetza da euskal herritargoak ondoen baloratzen duen zerbitzu publikoa”. “Euskadik dauka Estatu osoan herritar bakoitzeko osasun alorrean egiten den inbertsiorik altuena”, aldarrikatu du. Sailburu andrearen esanetan “azken hilabete hauetan mundu mailako pandemiari aurre egin behar izan diogu eta Osakidetzak berriz ere erakutsi du bere gaitasuna. Osasun sistema indartsua da. Sendoa. Gaitasuna dauka era guztietako egoeretara moldatzeko. Gai da behar duena artatzeko eta zaintzeko. Eta hori dena lortzen da, batez ere, profesional talde bikainari esker. Euskal herritarrekin hitzemanda dauden pertsonak dira eta gaur aprobetxatu nahi dut beren lana eskertzeko. Hemen ez dugu inor atzean uzten, ezta inor artatu gabe ere”.