Prentsa Aretoa

2020/07/07

Urkulluk esan du enplegua dela "Herriak partekatzen duen helburua, guztien ongia eta lehentasuna"

Vitoria-Gasteizen egin den ekitaldian, Lehendakari eta EAJ-PNVk Araban aurkezten duen zerrendako buruak ohartarazi duenez “etorkizunerako trena uztailaren 12an pasatuko da eta, hartu ezean, galdu egingo dugu”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Iñigo Urkullu Lehendakari eta berrautaketarako hautagaiak gaur baieztatu du enplegua dela “Herriak partekatzen duen helburua,guztien ongia eta lehentasuna”. Gasteizko Salburua auzoan EAJ-PNVk egin duen ekitaldian, Arabako zerrendaburuak berretsi du langabezia tasa, berriz ere, %10etik jaistea izango dela hurrengo legealdirako izango duen lehentasunetako bat. Baina helburu hori ez du bilatuko edozelako enplegu mota sortuaz. “Gure lehentasuna ere bada enpleguaren kalitatea hobetzea. Plan berezi bat daukagu enpleguen behin-behinekotasuna eta partzialtasuna murrizteko. Gure konpromisoa da enplegu gehiago eta hobea”, baieztatu du Urkulluk, eta adibide bat eman du datorren igandeko hauteskundeetan jokoan dagoen guztia irudikatzeko. “Etorkizunerako trena igandean pasatuko da, uztailak 12, eta behin baino ez da igaroko: hartu ezik, galdu egingo dugu”.

Urkulluk gogora ekarri du Euzko Alderdi Jeltzaleak Egitasmo bat daukala gazte enplegua indartzeko, eta egitasmo honen helburua dela “gazteek beren bizitza proiektua Euskadin bertan garatu ahal izatea”, emantzipatzeko adina aurreratzean. Egitasmo honek beste hainbat helbururekin batera proposatzen du “30.000 gazteri lehen lan esperientzia ematea; Prestakuntza Duala eta ‘Unibertsitatea gehi Enpresa’ programa indartzea eta ekintzaile gazteei laguntza ematea. “Gazteen ardurak gure ardurak dira, gure zeregina”, baieztatu du.

Lehendakariaren hitzetan “enplegua eta ekonomia suspertzea dira moneta berberaren alderdi biak. Enplegua da ekonomia osasuntsu eta lehiakorraren ondorioa, funtzionatzen duten enpresena, beren ideiak errealitate bihurtzen duten eta horiek aurrera eramateko prestatzen diren gazteena”. Eta helburu horiek guztiak erdiesteko eskatu du Euzko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoa.

Bestalde, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte politiketako sailburuak azaldu du, milioi bat langile lortzea duela helburu Eusko Jaurlaritzak datorren legegintzaldirako, 1.500 milioi euroko aurrekontua duen enplegu-plan berezi baten bidez, 150.000 lanpostu berri sortzeko. "Gure helburua milioi bat langile lortzea da", adierazi du.

Urkullu lehendakariak gazteriarekin duen konpromisoa adierazi du Artolazabalek. "Gazteekiko konpromisoa, besteak beste, 30.000 gazteri lehen lan-esperientzia ematea izango da. Eta enplegagarritasuna hobetzeko errezetak tutoretzapeko laguntza pertsonalizatua izaten jarraituko du. Prestakuntza eta prestakuntza gehiago, enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa sortzeko. Egungo eta etorkizuneko enplegu nitxoak orientatzeko eta detektatzeko tresnak", adierazi du, “Gutxi dela eman dezake, baina asko da. Ez dugu etsiko. Ez dugu inor atzean utziko".