Prentsa Aretoa

2020/07/05

Jai-giroan Zaldiaran, Ernio eta Serantesko tontorreratik parte-hartze jendetsurako deia

Ehunka alderdikide eta alderdizale jeltzalek lagundu dituzte gaur Iñigo Urkullu, Bakartxo Tejeria eta Leixuri Arrizabalaga EAJ-PNVren hauteskunde kanpainaren ekitaldi zentrala egin den hiru mendietarako igoeran: “Euskadiren suspertzea igandeko boto bakoitzarekin hasiko da”, baieztatu du Lehendakariak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Igande goiz eder batean eta jai giroan, ehunka alderdikide eta alderdizaleren laguntzarekin, Iñigo Urkullu, Bakartxo Tejeria eta Leixuri Arrizabalaga, datorren igandeko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako zerrendaburu jeltzaleak, Zaldiaran (Araba), Ernio (Gipuzkoa) eta Serantesera (Bizkaia) igo dira euskal herritarrak deitzeko azken 40 urteotako hauteskunderik garrantzitsuenak izango direnetan parte hartzera. “Mendira etorri gara, gure asabek egiten zuten moduan: salbuespen egoeren aurrean, salbuespen neurriak hartu behar dira”, baieztatu du Urkulluk Zaldiaraneko tontorretik, jeltzaleen kanpainako ekitaldi zentralaren erdigunetik.

Lehendakaria izan da hitz egiten azkena, teknologiari esker aldi berean eta era koordinatuan egin den ekitaldian. Hala, Urkulluk parte hartzeko deia egin du, pandemiak eragin duen egoerak “indarra, burua eta bihotza” eskatzen dituelako. Hiru dira, Lehendakariaren esanetan Euskadik hurrengo lau urteotan igo behako dituen “gailur gogorrak”: enplegua, gizarte kohesioa eta autogobernua. “Erronka honek exijitzen digu indarrak batzea, eta Euzko Alderdi Jeltzaleak indarra, burua eta bihotza batzen ditu”, baieztatu du. “Euskadiren suspertzea boto bakoitzarekin hasiko da igandean. Indarrarekin bozkatzea eskatzen dut. Buruarekin bozkatzea. Gure balorerik onenekin bozkatzea. Bihotzarekin bozkatzea eskatzen dut. Datorren igandean, Euzko Alderdi Jeltzalea. Euskadi Zutik!”, amaitu du Arabako zerrendaburuak, igoeran eta mitinean bere ondoan egon nahi izan duten alderdikide eta alderdizale jeltzaleek txalo zaparrada beroa eskaini dioten bitartean.

Serantesetik eta Erniotik ekitaldirako deia egin dute adarrekin eguerdiko 12:00ak jota. Hitz egiten lehena izan da Arrizabalaga, eta Serantes mendiko gailurretik paralelismo bat egin du krisi honi aurre egiteko behar den ahaleginaren eta lehen euskal alpinistaren lorpenaren arteko antzekotasuna nabarmenduz, eta duela 40 urte, Martín Zabaletak Everesteko gailurra iritsi zela gogora ekarriz. “Berriz ere, historia egiteko momentua da!”, baieztatu du hautagai jeltzale eta Gatikako alkateak igandean bozkatzeko deia egi aurretik “Euskadiren etorkizuna noren eskuetan utziko dugun erabaki beharko dugu”.

Jarraian hitz egin du Bakartxo Tejeriak Erniotik. Agur laburra egin ondoren, Eusko Legebiltzarreko presidente andre eta berrautaketara aurkezten den hautagaiak bere mezua zabaldu du ondorengo bertsoa botaz:

"Usadiorik zaharrena
denboran mantentzen dena
herriarekin herriarentzat
ta herriarena
mendi ta euskararena
abertzaleontzat dena
herria berriz zutik jartzeko
jakin prest gaudena".

Ekitaldia itxi du lehendakariak, lehenengo bere hitzekin eta, ondoren, beste txistularirekin batera, `Ikusi Mendizaleak´ joaz. Hunkituta, hiru mendietatik, denok batera abestu dute mendizaleek gehien estimatzen duten abestia, gaurko ekitaldiari amaiera jarriz.

Eguraldi onak, parte hartze handiak eta jai giroak ahalbidetu diote EAJ-PNVri U-12ko hauteskundeetarako kanpainako ekitaldi zentrala arrakasta handiz egitea. Inoiz egin ez den formatuan egin da, hiru arrazoi nagusirengatik:gaur egungo osasun egoerarekin bat datoren ekitaldia izan delako eta, egoera honetan, ezinezkoa delako toki itxietan ekitaldi masiboak egitea; mendira igotzeak, euskal herritarrek nagusiki estimatzen duten jarduerak, ondo baino hobeto sinbolizatzen duelako euskal gizartean datozen urteotan egin beharko duen esfortzua, hau da, taldean geureganatu beharko dugun erronka, kordada berean bat eginik, inor atzean utzi gabe; eta hiru gailur horietatik, deiadar mendien tradizioan bezala, EAJ-PNVk euskal hiritargo osoa deitu nahi izan duelako, Euskadiko etorkizunera begira, berebiziko garrantzia izango duten hauteskundeetan parte hartzera.