Prentsa Aretoa

2020/07/04

"Gernikako Arbola gustura botako luketenei" "botoekin, demokraziarekin eta askatasunarekin" aurre egitera deitu du Ortuzarrek

Vitoria-Gasteizen, Lehendakari eta Arabako zerrendaburu Iñigo Urkulluk, Euskadiko hiritargoari eskatu dio, botoa eman baino lehen, “krisitik ateratzeko erantzukizuna noren eskuetan jarriko dugun” pentsatzea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzarrek kanpaina hasieratik bere buruari jarri zion araua apurtzea erabaki du gaur, hau da, bere hitzaldietan ez zituela beste alderdi politikoak ezta haietako buruak edo lehendakarigaiak aipatuko. Eta arau hori apurtu du argi eta garbi eta sendotasun osoz salatzeko Vox egiten ari den “kanpaina nazkagarria”, legala dela esan duten arren. Era berean salatu du Ciudadanosek, Autogobernuaren eta Euskal Herriaren Eskubide Historikoen kontra behin eta berriz agertu denak, bihar bertan Gernikako Batzar Etxea bisitatuko duela, duela ez hainbeste “forutasunaren defendatzaile deitzen direnekin”. Horregatik guztiagatik, Ortuzarrek euskal herritarrak deitu ditu “Gernikako Arbola gustura botako luketen” alderdi biei “botoen, demokraziaren eta askatasunaren bidez "aurre egitera”, baita gure erakundeetara sartzea eragoztera “botoen, demokraziaren eta askatasunaren” bidez. Jeltzaleen buruak itxi du EAJ-PNVk gaur bertan Vitoria-Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egin duen ekitaldia. Bertan,Iñigo Urkullu Lehendakari eta Arabako zerrendaburuak hitza hartu du eta hiritargoari eskatu dio botoa eman baino lehen bere buruari galde diezaiola “krisitik ateratzeko erantzukizuna noren eskuetan jarriko ote dugun”. Mitina hasteko hitzak esan ditu gaur Arabako zerrendan bigarren doan Jone Berriozabalek, eta hautagai jeltzaleak aldarrikatu du EAJ-PNV Arabako errealitatetik oso hurbil dagoen alderdia dela. “Esperientzia dugu eta prest gaude berriro ere susperraldia lideratzeko”, baieztatu du.

Ortuzarrek hasteko hitz egin du Ciudadanosek Gernikako Arbolaren ondoan egingo duen ekitaldiaz. “Imajinatzen dut Ekonomia Ituna desagerrarazteko ideiarekin jarraituko dutela, gure autonomia mugatzeko, gure nortasun ezaugarri bereziak desagerrarazteko… Ez dute esango, baina bai pentsatuko dute eta, hori baino okerragoa dena, ahal badute, egin egingo dute”, ohartarazi du. “Baina, hori baino lotsagarriagoa da Gernikara ekarriko dituztela lehenago forutasunaren defendatzaile bakar gisa aurkezten zirenek, espainiarra izan arren, eta gure abertzaletasunaren aurka egiteko. Ustezko foralistek Gernikan sartuko dute Troiako Zaldia”, gaitzetsi du jeltzaleen buruak. Jarraian, Ortuzarrek Vox ekarri du gogora eta esan du “Espainiako eskuindarreko anaia bikien `fatxasolen lehengusua´ bezalakoa” dela. “Kanpaina nazkagarria egiten ari dira. Etxean jaso ditugun gutunazalak ere... Hauteskunde Batzordeak esan du legearen barruan daudela. Legearen barruan egongo da. Baina lotsagarria da, iraina ere bai. Ez dute merezi gure erakundeetan sartzea. Eta ez ditugu harrikadekin geldiarazi behar, beren mailara jaistea delako, edo okerrago: botoekin geldiarazi behar ditugu, demokraziarekin, askatasunarekin. Horiek askatasunetik eta demokraziatik ihes egiten dutelako, katuek uretatik ihes egiten duten modu berean”, baieztatu du. “Jarrai dezatela orain arte bezala: Euskadiko erakundeetara bisitan etortzen. Bisita bat… eta agur”. Gauzak horrela gerta daitezen, jeltzaleen buruak “forutasuna horren sustraituta daukaten Arabako hautesle guztiei” eskatu die “beren botoa ondo pentsatzea”. “Eta Arabak bere foruei eustea eta bere forutasunaren iragan,orain eta etorkizunari eustea nahi duenak, Herrialde hau bertatik gobernatua izaten jarraitzea nahi duenak, gure Ogasuna, gure errepideak, gure lehen sektorea, gizarte politikak nahi dituena; Madriletik baino, Vitoria-Gasteiztik gobernatua izan nahi duenak, boto bat dauka, boto segurua, huts egiten ez duena, bertakoa eta bertakoen mesedetan lan egiten duena: EAJ-PNVren aldeko botoa”. EAJ-PNVk nahi duelako “bihar Gernikara joango direnek nahi dutenaren kontrakoa: guk gure autogobernua areagotu nahi dugu horrek hobetuko duelako krisi berriei bermeekin aurre egiteko behar dugun kudeaketa, gure jendearen bizitza itxaropena hobetuko du; autogobernu zabalagoa nahi dugu, foru indartsuagoa, Ekonomia Itun zabalagoa, hori delako gizarte honentzat oparotasun gehiago eta hobea ekarriko duena. Ona da Arabarentzat eta ona da Euskadirentzat”, amaitu du.

Urkulluk bere diskurtsoa hasi du Covid-19aren pandemiaren biktimei oroimen hunkitua eskainiz eta hasiera batean Araban eta Gasteizen bizi ziren momentu latzak gogora ekarriz. “Hunkigarria da garai hartan bizi ziren zailtasun eta sufrimenduak gogoratzea, arlo sozio-sanitarioko pertsonalaren eskuzabaltasuna, gizartearen elkartasuna… Ikastetxeetan aktibitate presentziala eteteko lehenak izan ginen, hemen, Araban, Osakidetzak ondo erantzun zuen.Arabak eta Gasteizek elkarlana eginaz erantzun zuten. Horregatik gaude orain zutik eta indartsu”, baieztatu du Lehendakariak. “Pandemiak erakutsi du osasun publikoa gai publiko bilakatu dela eta erantzun globalak behar dituela. Euskadin prest gaude berme guztiekin erantzuteko. Gaur, gure Aurrekontu osoaren laurden bat bideratuta dago Osasun Sistema Publikora. Estatu osoan biztanle bakoitzeko gasturik handiena egiten duen erkidegoa gara. Ez da berria. Gure Autogobernuaren eta gure erakundeen alde egin genuen apustuaren isla da”, aldarrikatu du Arabako zerrendaburuak. Eta hori dena dago jokoan uztailaren 12an. “Egunotan galdera bat planteatzea proposatzen dizuet. Noren eskuetan jarriko dugu krisitik ateratzea lideratzeko erantzukizuna? Hori da hauteskunde hauetan egin behar dugun galdera. Gure erantzuna da Euzko Alderdi Jeltzalea: segurtasuna, zorroztasuna, esperientzia eta konpromisoa. Boto bakoitzarekin eraiki dezagun gehiengo zabal bat krisitik ateratzeko bidea gidatzeko. Segurtasuna, egonkortasuna, konfiantza. Krisitik ateratzeko, Euzko Alderdi Jeltzalea”.

Esperientzia, ezagutza eta jardunbide egokia dira Jone Berriozabal legebiltzarkideak, EAJk Araban aurkeztuko duen zerrendako bigarrenak, nabarmendu dituen ezaugarriak. “Herri hau oso ondo ezagutzen duen Alderdia gara, jakin dakigu bere indarguneak eta ahultasunak zein diren. Esperientzia dugu eta prest gaude, berriz ere, Euskadiren susperraldia gidatzeko”, adierazi du: “Araban aurkezten dugun hautagaitza, Urkullu Lehendakaria zerrendaburua delarik, tresna egokia da ezagutza horretan sakontzeko. Gazteak eta esperientziadunak bateratzen dituen hautagaitza da. Ilusioa eta eskarmentua. Hautagaitza honek bermatzen du une oro ezagutzea Arabako txoko guztietako emakume eta gizonek zer pentsatzen duten, zerk kezkatzen dituen eta zer erronkari aurre egiteko prest dauden”, gaineratu du.