Prentsa Aretoa

2020/06/30

Urkulluk Hendaian defendatu du Euro-erregioa, Euskararen Lurraldeen arteko lotura eta EAJ-PNVren europeismoaren adierazpen gisa

Lehendakari eta berrautaketarako hautagai jeltzaleak mugaz gaindiko mugikortasunaren eta Abiadura Handiko Trenaren aldeko aldarrikapena egin du Hendaian, duela egun bi eraberritzeko lanak amaitutakoan,berriro funtzionatzen hasi den tren geltokian EAJ-PNVk egin duen ekitaldian

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Iñigo Urkullu EAJ-PNVko lehendakarigaiak Euskadi-Nafarro-Akitania Berria Euro-erregioaren balioa aldarrikatu du gaur `Euskal Hiria´Euskararen Lurraldeen arteko lortura indartzen duen gune gisa. Halaber, Arabako zerrendaburuak aldeztu du Euro-erregioak mugaz gaindiko lankidetza proiektuak bultzatzea `Uztai Atlantiko´ deritzona finkatzea eta Europan eragile estrategiko bihurtzea. Tren bidezko mugikortasunak, Ardatz Atlantikoarekiko lotura barne, toki esanguratsua hartu behar du proiektu horietan: izan ere, Urkulluren ekitaldi politikoa `mugaren´ beste aldean egin da, Hendaian, Euskotrenek eraberritu duen tren geltokian, astelehenean berriro zabaldu zena %100ean Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin egin diren berriztatze lanak amaitu ondoren. Topaketa berean izan dira Gipuzko Buru Batzarreko presidente eta Gipuzkoako zerrenda jeltzaleko hirugarren doan Joseba Egibar; Gipuzkoako zerrendako bigarren Maria Eugenia Arrizabalaga eta Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko Sailburu andre eta Gipuzkoako zerrendako laugarren doan Arantxa Tapia. Tapiak bere aldetik adierazi du Euskadi Europako korridore atlantikoko komunikazio eta konektibotasunaren “katebegi nagusian” kokatzen dela; eta horregatik, EAJ-PNVk Mugikortasun Jasangarrirako Sistema bultzatzen jarraituko du tren bidezko garraioa ardatz nagusitzat hartuz.

“Voltairek esan zuen euskal herritarrak garela Pirinioen alde bietan dantzan egiten duen herria. Bada,Pirinioen alde banatan lan egiten eta ikasten, hazten eta garatzen jarraitzen duen herria gara” esanez hasi da Urkullu. “Estatu bitan eta hiru komunitate politiko berezitutan banatuta bizi gara. Herri bat gara, sustrai historiko eta kultural sendo eta sakonek bateratzen gaituzte. Hiru hizkuntza ezberdin hitz egiten ditugu, baina euskara da gure arteko lotura. Europan bizirik jarraitzen duen hizkuntzarik zaharrena da, gizateriaren ondarea ere bai”, baieztatu du hautagai jeltzaleak EAJ-PNVren Hauteskunde Egitasmoak mugaz gaindiko lankidetzaren esparruan jasotzen dituen konpromisoetako sei iragarri baino lehen. Hala, Lehendakariak proposatu du topaketa eta lankidetza foroa eratzea, Euro-erregioaren zeregina bultzatzea Europako hegoaldeko ardatzeko komunikazioa sustatzeko eta Abiadura Handiko trenbide lotura eta mugaz gaindiko herrien arteko mugikortasuna erraztuko duten garraioak bultzatzea.

Kulturaren eta hezkuntzaren esparruan, Urkulluk Euskampus izenekoa sustatuko duela hitzeman du, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko proiektua. “Esperientzia hori Lanbide Heziketara eramango dugu”, aurreratu du Lehendakariak. Alderdi ekonomikotik, Urkulluk hitzeman du industria, ikerkuntza eta garapen proiektu berriak bultzatuko dituela espezializazio adimenduneko alorretan: fabrikazio aurreratua, aeronautika, automozioa, energia berriztagarriak, osasuna eta nekazal-elikadura sektorea. Amaitzeko, Lehendakariak proposatu du kultura eta turismo alorrean Nafarroa eta Iparralderekiko lankidetza finkatzea.

Hautagai jeltzaleak ez du gaurko aukera pasatzen utzi nahi izan, EAJ-PNVk bere oinarrietan duen europeismo sakona aldarrikatu gabe. “Euzko Alderdi Jeltzaleak Europaren etorkizunarekiko konpromisoari eutsiko dio. Bere sorreratik dituen printzipioak berreskuratuko dituena, bere oinarriak Europa osatzen duten herrien indarrean finkatuko dituena . Euro-erregioa da `Euskal Hiria´ deitzen dugunaren, Uztai Atlantikoaren eta Europaren geroaren alde egiten dugun apustua”, amaitu du.

Arantxa Tapiak bere aldetik nabarmendu du, Euskadi Europako korridore atlantikoko komunikazio eta konektibotasunaren “katebegi nagusian” kokatuta dagoela eta,horregatik, Europako Batasunak lehentasun jo duela. “Eskudun diren estatu bietako bakar batek ere ez du bereganatzen lotura hori garaiz eta behar den moduan amaitzeko erantzukizuna. Berandu doaz eta berandu joaten jarraituko dute. Baina Ardatz Atlantikoko tren bidezko lotuneak lehentasun izaten jarraitzen du”, esan du.

Hala, bete gabe jarraitzen duen konpromiso horren aurrean, Tapiak nabarmendu du EAJ-PNVren konpromisoa dela eta izango dela Mugikortasun Jasangarrirako Sistema bat bultzatzea, tren bidezko aukera ardatz nagusitzat joz. “Ulertzen dugu tren bidezko sistema dela lurreko garraio publikoaren bizkarrezurra. Etorkizuneko abiadura handiko zerbitzuak uztartuko dituen sistema eraikitzen ari gara, hurbileko zerbitzuekin, metropolitanoekin eta tranbiekin. Gure helburua da 2024rako tren bidezko bidaiari eta merkantzien garraioa handitzea”, amaitu du Tapiak.