Prentsa Aretoa
2020/06/27
Galdera erabakigarria planteatu dio Urkulluk euskal gizarteari: "Noren eskuetan jarriko dugu Herri hau zutik jartzeko lana?"
Lehendakaria, Leixuri Arrizabalaga eta Andoni Ortuzar Zornotzan izan dira EAJ-PNVk gaur goizean eskaini duen mitinean. EBBko presidenteak Euskadiko selekzioaren elastikoa jantzi du, eta krisiari aurre egiteko orduan Herri gisa jardun beharra aldarrikatu du “denok bat eginik”
2020.06.27_Iñigo Urkullu. Ekitaldia Zornotza
PARTE HARTZEA IñIGO URKULLU - 2020/06/272020.06.27_Andoni Ortuzar. Ekitaldia Zornotzan
HITZALDIA - 2020/06/272020.06.27_Leixuri Arrizabalaga. Ekitaldia Zornotzan
HITZALDIA - 2020/06/27
Argazkiak...
“Krisiaren lehen parteari aurre egin diogu, osasun-krisiari. Orain, bigarren parteari heldu behar diogu, ekonomiaren eta enpleguaren krisiari. Uztailaren 12an Eusko Legebiltzar berria aukeratuko dugu. Galdera da: noren eskuetan jarriko dugu Herri honen gidaritzari heltzeko erantzukizuna?”. Iñigo Urkulluk Amorebieta-Etxano udalerria aukeratu du gaur, non aste honetan bertan ibilgailu elektrikoa garatzeko 17 milioi euro jasoko dituela iragarri den, euskal gizarteari “gako” jo duen galdera egiteko. Urkulluk berehala eman du erantzuna. “Erantzunik onena da Euzko Alderdi Jeltzalea. Euzko Alderdi Jeltzaleak egitasmo bat aurkezten du, ibilbide bat eta eskarmentu kontrastatua. Segurtasuna eskaintzen dugu. Zorroztasunez kudeatzen dugu. Lantalde bikaina daukagu. Euzko Alderdi Jeltzalea. Euskadi esku onetan dago”, baieztatu du Arabako zerrendaburu eta lehendakarigaiak Zornotzako Herriko Plazan egin den ekitaldi politikoan. Ekitaldi berean hitz egin dute Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko zerrendaburuak, eta Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak.
Osasun krisia kontrolpean jartzea lortzen hasi direlarik, Urkulluk nabarmendu du ahaleginak bideratu behar direla gainean daukagun krisi ekonomikoaren ondorio latzei aurre egitera. “Urte gogorrak datozkigu, ekonomia berroneratzeko eta aktibatzeko. Krisi ekonomikoa sakona eta globala izango da. Mentalizatuta eta prest egon behar dugu. Halako krisi itzelaren aurrean, neurri bereko erantzuna eman behar da. 2019an lortu genuen langabezia %10etik jaisteko helburua. Orain ere, horixe da gure lehentasun nagusia. Berriro egingo dugu”, baieztatu du Lehendakariak. Lanaldi osoko 70.000 lanpostu galtzeko arrisku errealaren aurrean, Urkulluk eskaintzen du “norabidea markatzen duen, helburuak erabakitzen dituen eta ekimenak zehazten dituen Gobernu Egitasmoa”. Berrikitan lortu dena eman du horren adibide gisa, oso hurbilekoa. “Aste honetan bertan jakin da hemen, Boroan, ikerketa zentro bat instalatuko dela ibilgailu elektrikorako estrukturak fabrikatzeko lanetarako. Hori ez da inprobisazioa, ezta kasualitatea ere. Estrategia baten parte da. Proiektu honek jasoko du Eusko Jaurlaritzak emango duen 8 milioi euroko ekarpena. Lehentasuna da. Ekimen zehatza. Ekimenak behar ditugu, ez hitzak. Industriarekin eta enplegu sorrerarekin hitzemanda gauden seinalea da. Berrikuntzaren eta ibilgailu elektrikoak fabrikatzera bideratutako I+G estrategiaren alde egiten dugun apustuari erantzuten dion ekimena. Ekonomia berdearen eta deskarbonizazioaren alde egiten dugun apustuari erantzuten dion ekimena. Ibilgailu elektrikoaren eta mugikortasun ez kutsakorraren aldeko apustua. Horixe da Herri apustu bat, krisi honetatik indartuta irten gaitezen. Zornotza da horren adibide argia, irtengo garela eta Euskadi zutik dagoela erakusten duen adibidea”, amaitu du.
Urkulluk gaurko ekitaldiari alderdi ekonomikotik heldu badio, Andoni Ortuzar alderdi emozionaletik joan da. Lauaxeta ekarri du gogora EBBko presidenteak, olerkari, kazetari eta EAJko alderdikidea duela 83 urte fusilatua izan zena, eta 2016ko ekainaren 17an Zornotzan eman zuen mitinean esandako hitzak ekarri ditu gogora. Egun hartan Ortuzarrek plazako guztiak zutik jarri zituen Euskadiko selekzioaren elastikoa janztean. Une hartan Euskadiko autogobernuaren gainean zeuden (eta dauden) mehatxuei aurre egiteko konpromisoa, irmotasun eta defentsa erakusteko egin bazuen, gaur eguerdian elastiko berbera jantzi du “euskal gizarteak krisialdi honetatik ateratzeko jantzi behar duen lan-jantzia” delako “eta krisi honetatik irtengo gara Herri gisa lan egiten badugu. Denok bat eginik. Den-denok elastikoa jantzita. Euskadiren elastikoa. Selekzio nazionala eta industria. Nortasuna eta proiektu ekonomikoa. Euskara eta teknologia. Horixe da aurrera egiteko daukagun sekretua: herri-nortasuna, herri-erantzuna, helburu batzuk lortzeko batasuna. Eta proiektu ekonomiko eta sozial argiak kalitatezko enplegua sortzeko eta oparotasuna eragiteko. Horretara dedikatuko da EAJ hurrengo legealdian, hurrengo lau urteotan”, nabarmendu du Ortuzarrek.
Leixuri Arrizabalaga izan da Zornotzako mitinean lehen hitzak esan dituena, eta argi baino argiago utzi du Euskadi prest dagoela ekonomia bide onera eramateko, lehenagotik egin den lan onari esker. “Aurrera eginez, gure nortasun propioarekin, zorroztasun, errealismo eta seriotasunarekin, eraldatze etengabean dagoen munduan”. Enplegua EAJ-PNVren lehentasun politiko, sozial eta instituzionala izanez, Arrizabalagak gazteen enpleguaz hitz egin nahi izan du. “Gure gazteengan inbertitzen jarraituko dugu. Enpresarekin kolaboratuko dugu gure gazteei soldata duinak eskaintzeko, beren bizimodua egin ahal izan dezaten eta lehenago emantzipatu ahal izan daitezen”, gaineratu du Bizkaiko zerrendaburuak.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15