Prentsa Aretoa

2020/06/26

EAJ-PNVk garraio elektrikoaren, ibilgailu elektrikoaren eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiten du Euskadi jasangarriagoa eraikitzeko xedez

Iñigo Urkullu Lehendakari eta lehendakarigaiak eta Gipuzkoako burukide eta herrialde horretako zerrendan bigarren tokian aurkezten den Maria Eugenia Arrizabalagak Pagoetako Parke Naturalean bost ekimen aurkeztu dituzte ingurumenari eta trantsizio ekologikoari lotuak, talde jeltzaleak hurrengo legealdian horiek biak bultzatuko dituelarik

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Garraio publikoa, ibilgailu elektrikoa eta energia berriztagarriak bultzatzea dira Lehendakari eta berrautaketara aurkezten den Iñigo Urkulluk eta Gipuzkoako zerrendako bigarren lekuan doan Maria Eugenia Arrizabalagak gaur Pagoetako Parke Naturalean aurkeztu dituzten helburuetako bi. Bi proposamen horiek ere jasotzen dira EAJ-PNVk bere hauteskunde egitasmoan trantsizio energetikora eta ingurumenera dedikatzen duen atal zabalean. “Ingurumena da osasuna, lehiakortasuna eta enplegua. Energia eta ingurumen-trantsizioa, Euskadi aurrerakoiago baterako lanabesa”, baieztatu du Urkulluk.

Lehendakariak bost ekimen hitzeman ditu hurrengo legealdirako: klima aldaketari buruzko lege berri bat; energia kontsumoan energia berriztagarriak %20era irits daitezela; eskualde guztietan Mugikortasun Jasangarrirako Plan bat abian jartzea oinezko edo txirringa bidezko mugikortasuna %20 igotzeko; tokian tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa bultzatzea; azpiegitura berdeak eta naturan oinarritutako soluzioak; eta Euskadin zuhaitz-azalerako 10.000 hektarea berri gaitzea.

Urkulluren esanetan, Euskadik asko eskaini ahal eta behar du klima aldaketaren kontrako borrokarako eta garapen jasangarriaren aldeko apusturako. “Euskadi garapen jasangarriarekin eta nazioartean klima-aldaketaren inguruan adostu diren helburuekin hitzemanda dago. ‘Think global, Act local’ filosofia geureganatzen dugu. 2030 Agenda eta Nazio Batuek Garapen Jasangarrirako ezarri dituen 17 helburuak geureganatzen ditugu. Larrialdi Klimatikoa deklaratu dugu 2050ean karbono isurketan herrialde neutroa izateko konpromisoarekin . Herri txikia izanik ekarpen handia egin dezakegu klima aldaketaren kontrako borrokan. Garraio publikoa, ibilgailu elektrikoa eta energia berriztagarriak garatu beharra aldarrikatzen dugu. Helburu zehatzak dira.Jarduera irmoak”, adierazi du Lehendakariak.

María Eugenia Arrizabalagak bere aldetik nabarmendu duenez “ EAJ-PNV da aukerarik eraginkorrena Euskadiko ingurune naturalaren hobekuntza bultzatzeko, ekosistemen narriatzea geldiarazteko eta bioaniztasuna babesteko; nekazaritzako lurzorua babesteko eta gure baserrien etorkizuna sustatzeko; eta, nola ez, Karbono gutxiko ekonomia berritzailea sustatzeko”.