Prentsa Aretoa

2020/06/25

Herri hau martxan jarri zutenak eta koronabirusaren krisian okerren daudenak omendu nahi ditu EAJ-PNVk kanpainarako egin duen iragarkian

‘Gogoa nun dugu‘ abestiarekin, emakume eta gizon nagusiek beren eredua jarraitzera animatzen gaituzte Euskadi berriz ere zutik jartzeko: Urkullu Lehendakariak lekukoa hartu du eta hitzeman du “guztiongatik” berreraikitzeko lanak lideratzeko prest dagoela

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Duela hainbat hamarkada Euskadi zutik jarri zuten emakume eta gizonei eskaini zaien tributua. Emakume eta gizon haiei egiten zaien omenaldia, beren ekarpenik, konpromisorik eta sakrifiziorik gabe ez ginatekeelako hemen egongo, ez ginatekeelako garenak izango. Koronabirusaren krisian okerren egon diren emakume eta gizonei zor zaien aitortza, beraiek direlako `normaltasun berri honen´ lehen urratsetan okerren daudenak. Pertsona berberak dira batean zein bestean: gure nagusiak. Beraiek dira beren eredua jarraitzera animatzen gaituztenak, ekintzaile izatera, beraiek duela hainbat urte egin zuten modu berean, gure aberria berreraikitzera. Lekukoa hartu du Urkullu Lehendakariak, gure gizartea berroneratzeko prozesu hau “guztiongatik” eta guztien alde eginez lideratzeko hitzeman duelarik . `Gogoa nun dugu´ abesti ospetsuaren letra eta doinua bidelagun, horixe da EAJ-PNVk gaur eguerdian bere sare sozialen bidez zabaldu duen iragarkiarekin helarazi nahi digun mezua, uztailaren 12ko Euskadiko Hauteskundeetarako kanpaina hasteko ordu batzuk falta direla.

Bideoaren protagonista nagusiak dira pandemian okerren egon diren pertsonak: gure nagusiak. Gure gurasoak. Gure amona eta amamak. Gure aitona eta aitaitak. Bizitza osoan lan egin dutenak beraiena baino bizimodu hobea guri emateko. Den-dena eman baitzuten, baita beren bizia ere, Euskadi egoera delikatu eta latzetik ateratzeko. Beraiek dira une honetan aurrera egitera animatzen gaituztenak, beren lekukoa har dezagun. Beraiei zor diegu. Oraingo honetan, guri dagokigu Euskadi zutik jartzea eta denok sinesten dugun Herri hori eraikitzen jarraitzea.

Eta gogo eta kemen hori adierazi nahi digute `Gogoa nun dugu´ abestiarekin. Xeberrik eta Bittor Kapanagak konposatu zuten eta Gontzal Mendibilek eta Xeberrik berak abestu dute. `Gogoan nun dugu´ abestiak hitz egiten digu egoera latzei aurre egiteko moduaz, estualdietatik indarra atera beharraz eta une latzetan egin behar denari heltzeko beharraz. Abesti hau 1976an egin zuten eta ordukoa ez da gaur egun bizi den testuingurua, baina, azken hilabeteotan bizi izan dugun egoera latzaren ondoren, mezu horrek protagonismo berria hartu du: herri hau, elkartasunarekin, edozein eragozpen eta oztopo gainditzeko gai dela. Diskurtso politikoetatik harago, EAJ-PNVk emozio bat adierazi nahi du: sekula amore ematen ez duen herriarena. Euskadi Zutik.

Iragarkia Getariako kaleetan eta Askizu auzoan grabatu dute. Pertsona nagusiek parte hartu dute bertan, bakar bat ere ez da aktorea eta denek dute zerikusia musikarekin edo abesbatzen batekin. Bideoa egiteko, EAJ-PNVk abestiaren bertsio bat grabatu du, Dani Venegasek egina.

Gogoan nun dugu’, azken finean, emozio bat da. Nondik gatozen gogoratzea, alegia, gauden tokira nortzuek eta nola ekarri gintuzten eta, elkartuta jarraitzen badu “noizbait helduko dela ametsi dugun eguna”.

Bide latza benetan igan behar duguna
nahiz eta egunetan dana dan iluna
noizbait helduko da amets dugun Eguna.

Gogoa nun dugu, gazteok zer gara
indarrak alkartu eta goazen hauzira.