Prentsa Aretoa

2020/04/17

Pandemiaren aurrean Legebiltzarreko akordioak txalotu ditu EAJ-PNVk, "orain tokatzen dena bultzada ematea eta elkarlanean aritzea delako"

Jeltzaleek uste dute adostasunek Covid-19ren aurkako erantzunaren eraginkortasuna hobetuko dutela, eta konfiantza indartuko dutela gizartearentzat izugarri gogorra den une batean. "Ahalegin partekatuak beti dira positiboak. Eztabaidak antzuak dira"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean euskal erakundeak egungo osasun krisiari ematen ari zaizkion erantzuna indartzeko lortutako akordioak baloratu ditu gaur EAJ-PNVk, eta pandemia horren aurkako borrokan elkarrekin aurrera egiteko tresnarik onena direla adierazi du. "Egoera gogor honek utzi dizkigun giza ondorio larriek eta arlo ekonomikoan etorkizunean etorriko direnek lankidetza, elkarrizketa eta elkarlana eskatzen dute. Talde-lana medio aurrera egingo dugu krisitik lehenbailehen ateratzeko eta pertsonengan, enpleguan eta enpresa-ehunean izango dituen ondorioak arintzeko ". Ildo horretan, jeltzaleek oposizioari dei egin diote berriz ere, ika-mikak eta joko politikoak alde batera utz ditzan eta garrantzitsuan zentra dadin: pandemia honen aurrean elkarlanean aritzea. "Ahalegin partekatuak beti dira positiboak. Liskarrak antzuak dira. Denok aparkatu behar ditugu gure ezberdintasunak, existitzen direnak eta normalak direnak, norabide berean bultzatzeko eta krisi hau ahalik eta azkarren eta kosturik txikienarekin gainditzeko. Egoera biziki gogorra da, eta gizarteari konfiantza, lasaitasuna eta, batez ere, irtenbideak eskaini behar dizkiogu, irtenbide koordinatuak. Konfiantza hori gaurko egunean lortutakoak bezalako akordioekin lantzen da, helburu berak batzen gaituelako: lehenbailehen irten eta galdutakoa berreskuratu".

Gaur goizean Diputazio Iraunkorrak egin duen bileran, taldeek akordio zabalak lortu dituzte hezkuntza-sistemarekin eta osasun-arloarekin lotutako gaietan; hala, baliabide gutxiago duten ikasleei interneterako sarbidea eta beharrezko tresna teknologikoak ematen jarraitzearen alde agertu da, "Konfinamenduak behartzen gaituen hezkuntza-eredura iristeko aukerak murriztu ez daitezen". Osasunaren arloan, eta lehentasuna lehen unetik arreta soziosanitarioa eta pertsonen zaintza izan direla aitortuta, taldeek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote ahalik eta test azkar eta PCR proba gehien egiten jarrai dezala, eta ikerketari babesa eman diezaiola.

Bilkuran parte hartu duten EAJ-PNVko bozeramaileek argi utzi nahi izan dute gauza bat dela Eusko Jaurlaritzaren kudeaketari egindako kritika politiko logiko eta legitimoa, eta beste gauza bat dela lehendakariak eta bere talde osoak pertsonen osasunarekiko duten konpromisoa auzitan jartzea. Zentzu horretan, pandemia hau lehenbailehen atzean uzteko aste hauetan guztietan zehar egindako ahaleginak baloratu dituzte. "Jaurlaritza honek ahal duen guztia eta gehiago egiten ari da egoera honetatik ateratzeko eta lehenbailehen normaltasunera itzultzeko. Jaurlaritza honek atsedenik gabe jarraituko du lanean osasun-materialaren eskuragarritasuna bermatzeko, lanbide-taldeak indartzeko, egoitzetako egoerari arreta berezia eskaintzeko eta susperraldi ekonomikoari eta enpleguari laguntzeko ". Beren hitzaldietan zehar, jeltzaleen ordezkariek animo eta babes mezu bat helarazi nahi izan diete gaixotasun hori pairatzen ari diren pertsona guztiei, bai eta haien senideei ere, eta eskertu egin dute euskal gizartearen gehiengo zabalaren portaera eredugarria, ulertu baitu borroka honek guztiok inplikatzen gaituela. Osasun arloko profesionalei egunero "koronavirusari aurre eginez eta gaixoei bizitza errazagoa eginez" egiten duten lan nekaezina aitortu diete.

"Egoera honetatik elkarrekin ateratzen jakingo dugula" sinetsita, lanean jarraitzeko beharra aldarrikatu du EAJ-PNVk, erakunde eta esparru guztietan, elkarlana eta erantzunkidetasuna bultzatuz. "Erantzukizunetik jokatu behar dugu, eta batzen gaituena guztiaren aurretik jarri, eta ez aurrez aurre. Zalantzarik gabe, krisi honetatik ateratzea premiazkoa da guretzat ".