Prentsa Aretoa

2020/03/31

"Urteurrena berrogeialdian", Iñigo Iturrateren iritzi-artikulua

40. urteurrena berrogeialdian. Ez genuen inoiz imajinatuko! Gaur hauteskunde-kanpaina betean egon behar genuen, eta ordu hauetan segur aski Gernikako Juntetxean, non aurtengo ospakizunen ekitaldi nagusietako bat egingo genuen. Baina koronavirusa gure bizitzetan sartu da eta dena nahasi du.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Gaurko egunez, baina 1980an, Legebiltzarrak bere lehen bilera egin zuen Gernikan. Jesús María Leizaola lehendakariak, 40 urteko erbestealdiaren ondoren, erakunde honen lehen hitzaldia eman zuen, eta Gernikako arbolaren ondoan egin zuen, gure historiako kapitulu garrantzitsuenak idatzi diren lekuan. Bide batez, 5 emakume baino ez zeuden lehen Legebiltzar horretan. Gaur egun, kopuruan gainditzen gaituzte. Politikan bultzatzen jarraitu behar dugun berdintasunean aurrerapausoa.

1980ko martxoaren 31tik lau hamarkada igaro dira. Denbora honetan guztian Euskadiko erakundeak osatzen joan dira, eta Herri bat martxan jarri da. Guztion artean gaur egun Eusko Legebiltzarra dena altxatzen joan gara. Oso zaila da ibilbide horren laburpena egitea baina nire memorian beti egongo dira ETAk eta GALek hil zituzten lau legebiltzarkideak eta 2014tik omendu ditugunak: Fernando Buesa, Gregorio Ordoñez, Enrique Casas eta Santi Brouard. Ezabatzen oso zaila da, halaber, Legebiltzarraren independentzia eta gure autogobernua defendatzeagatik Auzitegi Gorenak zigortutako Juan Maria Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbaoren irudia. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 14 urte geroago zuzendu zuen estropezu hori. Legebiltzarraren irudi instituzionala zaintzeko izan zuten duintasuna da guretzat jarraitu beharreko adibide bat.

Gaur, hilaren 16tik deseginda eta itxita dagoen Parlamentu bat ospatzen ari gara. Ez dakigu noiz arte, hori osasun agintarien esku geratzen da. Espero dezagun ahalik eta azkarren, horrek esan nahiko baitu borroka gainditu dugula.

Hauteskundeak izango dira, eta legealdi berri bat hasiko dugu: hamabigarrena. Gure historiari kapituluak gehitzen jarraituko dugu, eta duintasunez betetzen jarraituko dugu, orain arte bezala, gure funtzioak. Desberdinen arteko akordioak landuko ditugu, eta oraindik interpelatzen ari zaizkigun eztabaida handiak bultzatuko ditugu: gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta indarkeria matxistaren aurkako borroka, gizarte-babeseko gure sistemaren etengabeko hobekuntza, klima-aldaketaren aurkako borroka, autogobernua eguneratzea eta bakean, bizikidetzan eta askatasunean oinarritutako gizartea sendotzea. Herri honetatik historia idazten jarraituko dugu, eta elkarrekin egingo dugu. 1980an, lehentasuna zuen diktadurako hamarkaden ondoren Herri bat altxatzea eta Gernikako Estatutua martxan jartzea.

Gaur, bide legal eta demokratikoetatik amaitu eta eguneratu nahi dugu. Denon artean egingo dugu, pandemia egoera honetatik aterako garen bezala. Elkarrekin. Auzolanean.