Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2019/11/11

EAJ-PNVk aurrekontuak adosteko borondatearekin negoziatzeko deia egin dio oposizioari, "atzoko blokeo irudiaren aurrean gizarteak irtenbideak eta egonkortasuna eskatzen dituelako"

Mikel Arruabarrena legebiltzarkide jeltzalearen ustez, Eusko Jaurlaritzaren proiektua "ekonomiaren hozte globalaren aurkako aterpea" da, eta enplegua sortzea, haztea, gastu soziala indartzea, genero desberdintasunari aurre egitea eta klima aldaketari aurre egitea ahalbidetuko du. "Gizarteak bizi-baldintza duinei eusteko moduko aurrekontuak izan daitezen", esan du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aurrekontuak negoziatzeko aldiari ateak zabaldu zaizkio jada, eta gaur Eusko Jaurlaritzako sailburuak sail bakoitzaren kontu publikoak zehazten hasi dira Legebiltzarreko batzordean. EAJ-PNVren ustez, Pedro Azpiazu sailburuak gaur proposatu duen aurrekontu-proiektua ona da euskal herritarrentzat, antidoto gisa balioko baitu Europan ekonomia hozteko dagoen mehatxurako. "Gizarteak bizi-baldintza duinei eusteko behar dugun aurrekontua da. Langabezia tasa jaisten jarraitzeko, enplegu berriak sortzeko, gastu soziala indartzeko, genero desberdintasunei aurre egiteko eta klima aldaketaren aurka eraginkortasunez borrokatzeko aurrekontu egokia da", ziurtatu du Mikel Arruabarrena legebiltzarkideak. Horregatik, EAJ-PNVk eskatu die oposizioko taldeei kontu horiek akordiorako benetako borondatearekin negozia ditzatela eta elkar ulertzera iristeko ahalegina egin dezatela. "Atzoko hauteskundeek utzi ziguten argazkia, argazki nahasia da, blokeokoa, Espainiako alderdi nagusien ezintasun politikoa konpontzeko balio izan ez duena. Jendea nazkatuta dago ezegonkortasun politikoarekin. Herritarrek nahi dute Legebiltzar honek aurrekontua onartzea, konponbideak, egonkortasuna eta ez itxurakeria nahi dituztelako, ", ohartarazi du Arruabarrenak.

Jaurlaritzak dagoeneko argi utzi du negoziaziorako tartea egon  badagoela, eta beharrezko urratsak emango dituela akordioak bilatzeko. "Gure ustez, ez da itxurakerietan aritzeko edo diskurtso arranditsuak egiteko garaia; Jaurlaritzak ahalegin nabarmena egin du euskal herritarren gehiengo batek nahi duen aurrekontua aurkezteko, eta zilegi da Legebiltzar honetan ordezkatuta dagoen gehiengo horrek aurrekontu horiek adosteko borondatearekin negoziatzea exijitzea. Euskadik behar dituen aurrekontuak dira, eta espero dugu urte honen amaieran onartu ahal izatea, gure gizarteak dituen erronkei aurre egin ahal izateko". Ordezkari jeltzaleak berretsi du gizarteak politikariei eskatzen diela suminduratik eta blokeotik aldentzeko eta elkar ulertzearen eta herri honi mesede egiten dioten akordioen alde egiteko. "Emaitzak eskatzen dizkigute, akordioak eskatzen dizkigute, politikariok bizimodua atera dezagun  jendearentzat onak diren gauzak adostuaz".

Arruabarrenak aurrekontuen proiektu honetan jasotzen diren bi gai nagusitan jarri du arreta: Ingurumen politiketan eta genero ikuspegian. Izan ere, 2020rako aurrekontu guztien 11.774 milioi euroetatik, 540 milioi bideratuko dira ingurumenaren iraunkortasunera eta 1.236 milioi emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eta berdintasuna lortzeko lanera.

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA