Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2019/10/28

EAJ-PNVk ekintza estrategikoak proposatu ditu tokiko merkataritza egungo kontsumitzailearen profilera egokitzeko

Gertuko merkataritzaren digitalizazioa funtsezkoa izango da sektore horrek gizarte premia eta tendentzia berriekin lehiatzeko, adierazi du Unai Grajales legebiltzarkide jeltzaleak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Legebiltzarrak bilkura monografikoa egin du gaur, merkataritzaren etorkizunari buruz. EAJ-PNVren legebiltzar-taldeak formula berriak proposatu ditu kontsumoa berraktibatzeko, bezeroak lortzeko eta etorriko diren erronka berriei arrakastaz aurre egiteko. Horren inguruan, Unai Grajalesek nabarmendu du batasunak eta elkarlanak duten garrantzia hiri eta herrietan merkataritza jarduera bermatzeko. Sektore estrategikoa, esan du, ez bakarrik enplegua eta aberastasuna sortzeko duen ahalmenagatik, baita ere kohesio ekonomikoa, soziala eta urbanoa dakarrelako. “Merkataritzak gure hiri eta herrien eredua definitzen du. Gure herritarren sozializazioa laguntzen duen ingurua da, eta segurtasuna dakar gure kaleetara. EAJ-PNVn ondo dakigu zer nolako garrantzia duen”. Baieztatu duenez, gertuko merkataritzak espazio nabarmena du, galdu behar ez duena, merkataritza elektronikoak lortu ez duen “balioa dakarrelako”. “Bezeroek irten, sozializatu eta ondo pasatu nahi dute dendetan”.

Grajalesek adierazi du badakiela zer nolako zailtasunak dauzkan merkataritzak, aurrez aurre duen egoeran bat egiten baitute kontsumo ohituren aldaketak, globalizazioaren eraginak eta merkataritza elektronikoaren gorakadak. “Merkataritza sektoreak eraldaketa sakona izan du eta aldaketa-abiadura asko azkartu da azken urteotan. Baina erantzuteko gaitasun mugatua du, zahartze maila handia duelako eta, ostera, enpresa-dimentsio txikia. Aldaketak hainbat faktoreri lotuta daude: garapen teknologikoa, lehia globaleko inguru berriak, eta gizarte ohitura berriak”. Guzti horren aurrean, gaineratu du, sektoreak erabakiak hartu behar ditu eta tresna berriei heldu, baina “ez da bakarrik egongo. Gure betebeharra da eraldaketa-prozesu horretan laguntzea. Konfiantza daukagu bere gaitasunean”. Administrazio publikoen zereginari dagokionez, erantsi du lehiakortasuna sustatu behar dutela, hiriguneak modu eraginkorrean kudeatu eta modu adimentsuan sustatu sinergiak merkataritzaren, turismoaren, ostalaritzaren edo kulturaren artean. “Irudia hobetzea, prestigioa ematea eta modernizazioan laguntzea”. Sektoreak ere badauka zer egin: “bere DNA bilatu behar du, bertan sakondu, ekin, berritu eta jabetu zein unetan bizi den, bezeroan zentratuta. Bide horretan beti egongo da EAJ-PNV. Elkarrekin egin behar dugu aurrera, euskal merkataritzaren etorkizunerantz”.

Gertuko merkataritzaren digitalizazioa giltzarrietako bat izango da sektoreak lehiatu ahal izateko tendentzia eta behar sozial berriekin: online erosketekin. Ordezkari jeltzalearen ustez, berrikuntza teknologikoa demokratizatu beharra dago, merkataritza tradizionala digitalizatu ahal izateko. “Denbora eta ahaleginak galtzen ditugu denda handiak geldiarazi nahian, nahiz eta horiekin batera dihardugun duela 50 urtetik, eta bitartean, txikiak ixten ari dira egungo kontsumitzailearen profilera egokitzen ez jakiteagatik edo egokitzeko gaitasuna ez izateagatik”. Hori da funtsezko erronka, adierazi du, eta hortan prestatu beharra dago.

EAJ-PNVk proposatzen duen merkataritza politikaren funtsezko lerroen helburua da merkataritza tekniken modernizazioa, kostuak gutxitzea eta finantzazio-iturrietarako sarbidea eta formakuntza hobetzea, bereziki, eraldaketa digitalera zuzendutakoak. Izan ere, Grajalesen ustez, merkataritzak inguratzen gaituen berrikuntza teknologikoa baliatu behar du merkataritza globalean bere lehiakortasuna mantentzeko.

Merkataritza, amaitu du, bidegurutzean dago. Baina bere indarrari, ekiteko gogoari eta etengabe hobetzeko borondateari esker, indartuta irtengo da. “Elkarrekin lan egingo dugu merkataritzari merezi duen balioa emateko”.

 

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA