Prentsa Aretoa
2019/10/17
Iñigo Iturrate: “Memoria Historikoa zorrotz, adostasunez eta egindako bidea aitortuz eraikiko da, handikeria eta protagonismorik gabe”
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako legearen aurka bozkatu du EAJ-PNVk, alde batera uzten dituelako memoria historikoaren alorrean egindako jarduera guztiak eta, hori aurkeztu dutenerako, Jaurlaritzak aurreproiektua eginda zeukalako. “Eremu politikoan nabarmendu eta zarata egin baino ez dute bilatzen”
“Aurrera egiteko eta herri honen memoria berreskuratzeko, beharrezkoak dira adostasuna, zorroztasuna eta diskrezioa. Beharrezkoa da, batez ere, aitortzea abiapuntua ez dela berria, ibilbide bat egina daukagula. Eraikitako guztia indartu eta sendotuko duen lege bat behar dugu, eta ez da hori gaur EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hona ekarritakoa”. Lege proposamena aintzat hartzearen aurka bozkatu du EAJ-PNVk, eta halaxe azaldu du Iñigo Iturrate legebiltzarkideak; izan ere, egileek “demagogia, handikeria eta protagonismoa” baino ez dute bilatu. Iturrateren iritziz, benetako memoria historikoa adostasun zabalenaz eraiki beharra dago, aurretik jardundakoekiko errespetuz; eta alderdi proposatzaileek hori ahaztu dute, “bilatzen duten bakarra oso bestelakoa baita: eremu politikoan nabarmendu eta zarata egin hauteskunde bezperatan”.
“EH Bilduk eta Podemosek sinestarazi nahi digute orain arte Euskadin ez dela ezer ere egin Gerra Zibilaren eta frankismoaren biktimen justiziaren, egiaren eta erreparazioaren alde. Ez dute aitortzen aurreratutakoa, eta ez dituzte kontuan hartzen erakundeetatik eta elkarteetatik egindako legeak, dekretuak, kalte-ordainak edo ekintzak. Zero kilometroan jartzen gaituzte, modu injustuan, nahiz eta Euskadi aitzindaria eta erreferentzia izan den memoria politika publikoak abian jartzen”. Baina ez hori bakarrik, ohartarazi du Iturratek. Bi talde horiek ezikusiarena egiten dute, izan ere, Eusko Jaurlaritza legea amaitzen ari da, egungo arau esparrua osatu eta indartuko duena. Aurreproiektua talde politikoei eta biktimen kolektiboei aurkeztu die, kontrastatzeko, akordioaren eta elkarrizketaren bidez aurrera egiteko borondate osoa erakutsiz. Hori dela eta, ziur agertu da Euskadiko biktimek merezi duten legea izango dutela, eta taldeei dei egin die batasunez eta lankidetzaz joka dezaten, etekinak eta propaganda bilatu beharrean. “Gogor egingo dugu lan, orain arte egin dugun bezala, lege bat onartzeko, etorkizuneko erronkei modu hobean aurre egingo diena, eta azken hamarkadetan egindakoari balioa emango diona”.
Bilkurako eztabaidan, Iturratek gogora ekarri ditu Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusiak egindako azken adierazpenak, ETA 36ko gudariekin konparatu baitzuen. Esan duenez, horrelako adierazpenek zaildu egiten dute memoria eta bizikidetzaren alorrean adostasunak partekatzea. “Artxandako, Zirardamendiko edo Intxortako gudariek askatasuna, demokrazia eta gure eskubideak defendatu zituzten kolpisten aurrean. Besteak saiatu ziren beren ideiak inposatzen, tiroka erahiliz edo lapa-bonbak jarriz. Biak gauza bera direla uste duenarekin akordioak lortzea oso zaila da. Konparaketa hori gizatxarkeria da, kontsentsu-aukera oro zapuzten du.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15