Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2019/09/26

EAJ-PNVk bat egin du larrialdi klimatikoari buruzko adierazpenarekin, eta beroketa globala “premiazko erronka kolektibotzat” jo du

Eusko Legebiltzarrak bat egin du aldaketa klimatikoaren ondorioak gutxitzeko neurriak sustatzeko eta hartzeko konpromisoa hartu duten erakundeekin. “Euskadik bide onetik aurrera darrai, baina guztion artean gehiago egin beharra daukagu”, baieztatu du Irune Berasaluze legebiltzarkideak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Beroketa globalaren aurkako borroka da aurrez aurre dugun erronka konplexuenetakoa. Horri aurre egin behar diogu eta, horretarako, beharrezkoa da erakundeen eta gizarte osoaren lan koordinatua. Euskadi komunitate aitzindaria garapen iraunkorrarekiko konpromisoan, ingurumenean eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokarako estrategian. Bide onetik goaz, baina lanean jarraitu beharra daukagu”. Irune Berasaluzek horrela defendatu du EAJ-PNVren erabakitasuna ekintza klimatikoa lan-ardatz gisa ezartzeko, eta elkarlanean aritzeko mundu mailako arazo horri konponbideak bilatze aldera.

Aitortuta Euskadi herri txikia dela eta, beraz, bere ekarpena mugatua dela, Berasaluzek nabarmendu du euskal erakundeek eta herritarrek egindako lana erronka horren lidergoa hartzeko. Nabarmendu egin ditu Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen industria-, fiskalitate-, energia-, ikerketa- eta berrikuntza-politikak aldaketa klimatikoaren ondorioak gutxitzeko. Abian jarritako neurrien artean aipatu ditu Jasangarritasun Energetikoari buruzko lege berria, Ingurumen Administrazioari buruzko Lege Proiektua, “Klima 2050” Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategia eta 2030 Energia Estrategia. “Jaurlaritzaren konpromisoa erakusten dute emisio-gutxitzearen helburuarekin eta trantsizio energetikoarekin. Herri gisa, helmuga horietara iritsi beharra daukagu guztion ahaleginaz eta inplikazioaz”, adierazi du.

Era berean, Berasaluzek positiboa deritzo orain arte egindako ibilbidea, eta geratu gabe pausoak ematen jarraitzera animatu ditu erakundeak, eragileak eta gizartea, izan ere, “egoera larri batean gaude”. “Larrialdi klimatikoa lehentasuna da gure taldearentzat eta, gainera, guztioi dagokigun ardura da. Arazo globala da, eta horren aurrean, gertuen dauden erakundeek asko dute esateko. Egia da aurrera egin dugula, eta lortutakoak aitortu behar ditugu, baina gehiago egin behar dugu”. Bide horretan, legebiltzarkide jeltzaleak azaldu duenez, “kontzientzia soziala areagotu egin da, negutegi efektuko gas gutxiago isurtzen da, eta energia berriztagarrien erabilerak gora egin du”. Hala ere, ohartarazi duenez, neurriak eta erabakiak hartzen jarraitu behar dugu. Hori dela eta, pozez hartu du Eusko Legebiltzarrean lortutako akordioa, erakunde honek ere bat egin dezan, Urkulluren gobernuak uztailean egin bezala, larrialdi klimatikoaren adierazpenarekin eta berretsi dezan beroketa globalaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa. “Aldaketa klimatikoa benetako arazoa da, eta hemendik ere jardun beharra daukagu”, amaitu du.

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA