Prentsa Aretoa

2019/03/14

EAJ-PNVk Darpon sailburuaren lana defendatu du eta Europan erreferente bihurtu den osasun sistemaren alde egin duen ekarpena nabarmendu du

Eusko Legebiltzarreko talde jeltzaleak kritikatu du kudeaketa lan garden eta zuzena egin duen sailburuaren kontra oposiziokoen aldetik “gezurra, zarata eta susmo giroarekin” elikatu duten “eraso eta suntsitze kanpaina”

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Darpon sailburuaren lana defendatu du eta Europan erreferente bihurtu den osasun sistemaren alde egin duen ekarpena nabarmendu du

ARGAZKIA JAITSI

Jon Darponen dimisioa ezagutu ondoren, EAJ-PNVren legebiltzar taldeak bere “babes osoa” eskaini nahi dio Jaurlaritza utzi berri duen sailburuari, eta 2012 urtetik hona Osasun Sailean egin duen lan handia eskertu nahi dio. Halaber, EAJ-PNVk berretsi nahi du Osakidetzaren LEPean irregulartasunak eman zitezkeela susmatzen hasi bezain pronto Darponek egoera kudeatu zuela zorroztasunez, gardentasunez eta arintasunez. “Sailburuari berretsi nahi diogu gure babes osoa eta erabaki honekin erakutsi duen eskuzabaltasun handia balioesten dugu, Jaurlaritzaren lana eta proiektua ez oztopatzea bilatu duelako eta bi legealditan bere ahalegin guztiak eskaini dizkiolako. Ohorea ematen dio Herri honen interesak bere izen onaren gainetik jarri izanak, azken lan eskaintza publikoan egin diren irregulartasunen erantzulea ez dela jakin dakien arren”.

Legebiltzar talde jeltzalearentzat “oposiziokoek markatu duten bidea Osakidetzak sistema publiko unibertsal eta kalitatezkoa babesteko behar duenaren kontrakoa da. Sailburuaren kontra egin duten borroka horretan oposizioko alderdiak euskal gizartearen izen ona gutxiesten eta zikintzen ari dira”. Halaber, legebiltzarkide jeltzaleak oso kritiko agertu dira beren interesak “kosta ahala kosta eta edozein prezioren truke“ ase nahi dituzten taldeek oposizioa egiteko agertu duten moldearekin “beren azkon politikoen diana eta beren estrategia partidisten helburu bihurtu duten pertsona ezeren erantzule ez dela jakin arren. Kanpaina suntsitzailea egin dute, gezurrez, manipulazioz eta amarruz betea Eusko Jaurlaritzaren izen ona kaltetzeko eta bereziki Darpon sailburu jaunarena. Susmoa elikatu dute inolako probarik izan ez arren eta Jaurlaritzaren sinesgarritasuna ahultzeko helburu bakarrarekin. Pertsona bat arrazoirik gabe difamatu dute eta doilorkeria da jokaera horri eman diezaiokegun izen bakarra”.

Estrategia zital honek, alabaina, ez du txikituko ezta orbanduko ere Darpon sailburuak Sailaren eta osasun sistema osoaren zerbitzura eman duen denboran erdietsi dituen lorpenen zerrenda: osasun azpiegiturak martxan jarri izana, besteak beste Urduliz eta Eibarko Ospitaleak; Biocruces eraikin berria edo Retuerto eta Orozkoko osasun zentro berriak; azken bost urteotan biztanle bakoitzeko osasun aurrekontua %9 igo izana; umetoki-lepoko, bularreko eta kolon-ondesteetako minbiziaren baheketa programak eta 2018-2023 epealdirako Plan Onkologikoa martxan jarri izana; ebaketarako itxaron zerrenden adierazleak estatuko bataz bestekoen azpitik, 49 eguneko bataz besteko itxaron aldia; Estatukoa eta EBko herrialdeetakoa baino organo emate tasa handiagoa dira Darponek egin duen lan bikainaren adibideetako batzuk. Lorpen horiek guztiek ahalbidetu dute euskal gizarteari osasun arreta kalitatezkoa,modernoa eta gero eta hobea ematea. Izan ere, Osakidetza da gaur egun euskal hiritarrek gehien balioesten duten zerbitzu publikoa: erabiltzaileen %95ek ondo baloratu dute ematen den arretaren kalitatea eta %60tik gora erabiltzailek esan du bikaina dela. “Bere eta departamentuko profesionalen lanari esker, Euskadiko osasun zerbitzua gaur egun erreferentea da Europa mailan, eta Osakidetza eredugarria da gainerako osasun sistementzat;halaber gure osasun emaitza onek jarri gaituzte, esate baterako, bizitza itxaropenaren zerrendako lehen tokietan. “Jon Darponek lan egin du zerbitzu unibertsal, publiko eta kalitatezkoa bermatzeko. Bere karguari zegozkion ardurak zorroztasun eta zintzotasun osoz bete ditu, pertsona guztiek osasun arreta jasotzea ahalbidetu du. Lortu duen guztia soilik egin daiteke zuzendaritza lan ona eginez eta talde profesional on eta eskarmentudunekin, osasun sistemarekin konpromisoa hartuta. Hori dena erakutsi dute Jon Darponek eta azken 7 urteotan bidelagun izan dituen langile guztiek”.

Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos legebiltzar taldeak “onena opa dio” sailburuari hemendik aurrera bere gain hartuko dituen erantzukizunetan. “Sailburu bat neurtzen da egin duen lanagatik, bere dedikazioagatik eta lortu dituen gauzengatik. Ez da neurtzen gezurrak asmatuaz edo bere kontrako kanpaina eginaz. Konbentzituta gaude euskal osasun sistemari egin dion ekarpena beti baliotsua izango dela,hala erakutsi duelako. Bere ibilbideak utzi dizkigun arrastoek lagunduko digute erreferentziazko osasun sistema bat finkatzen”, amaitu dute ordezkari jeltzaleek.