Prentsa Aretoa
2019/02/13
Amaia Arregi: “Altsasuko gazteen kasua berrikusi beharra dago, proportzionaltasunez eta guztiontzako justizia beraren printzipioa jarraituz”
Eusko Legebiltzarrak ekimen bat onartu du gaur, ezarritako zigorren desproportzioa galdegin du eta akusatuak askatzea eskatu “bide judizialak amaitu arte”
“Hasiera-hasieratik gaitzetsi genituen erasoak eta baztertu egiten ditugu. Baina irmotasun berberaz adierazten dugu ezarritako zigorrak zeharo desproportzionalak direla eta ez dugu ulertzen kasua Audientzia Nazionalean epaitzea, eta ez bere jurisdikzio naturalean. Estatuan istilu asko egon izan dira segurtasun indarrak tarteko, eta lesio larriagodunak; baina arduradunak ez dituzte Audientzia Nazionalean epaitu eta zigor hamaika aldiz arinagoak izan dituzte Altsasukoekin konparatuta”. Amaia Arregi EAJ-PNVren legebiltzarkideak baieztatu du bere taldeak “justizia osoa eta proportzionaltasuna” eskatzen jarraituko duela erabaki honetan emandako abusu juridikoen aurrean. Abusu horren erakusgarri, aldi baterako espetxeratzea luzatzea aipatu du Arregik, eta gogoratu du gazteek 800 egun baino gehiago daramatzatela espetxean. Hori dela eta, eskatu du epaiketak irekita jarraitzen duen bitartean gazteak aske uztea. “Audientzia Nazionalak ezarritako baldintzarik gabeko espetxeratzea injustizia latza da, abusua. Prozesu osoaren desproportzioa ikusita, indarrean dauden legeak aintzat hartuta, uste dugu gazte kondenatuak behin-behineko askatasun-egoeran egon daitezkeela. Halaxe egin dute beste kasu batzuetan, ‘La Manada’ kasuan, adibidez”.
Audientzia Nazionalak Sententzia berrikusi eta irizpena eman behar du orain. Zortzi akusatuek aurrean dituzten zigorrak bederatzi eta hamahiru urte bitarteko espetxeratzeak dira. “Goardia zibilen aurkako atentatua, lesioak, desordena publikoa eta mehatxuak” leporatzen dizkiete. Auzitegiak baztertu egin zuen delitu terroristengatik kondenatzea, Fiskaltzak eta akusazioek eskatu zuten bezala.
Ordezkari jeltzaleak babes osoa adierazi dio Altsasuko herriari, eta prozesu osoan zehar izandako jarrera eredugarri eta zibikoa goraipatu du. Era berean, aipu berezia izan du Javier Ollo alkatearentzat, eta txalotu egin du hark egindako lana normalizazioaren eta bizikidetza baketsuaren alde. Lan horren ondorioz injustiki kritikatu eta mespretxatu dutela salatu du. “Hemendik animatu nahi ditugu printzipio horiek defendatzen jarrai dezaten eta justiziaren sugarra piztuta mantendu dezaten”, amaitu du Arregik.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15