Prentsa Aretoa

2018/11/12

Kerman Orbegozo: “Etorkizuneko EEPak hobetzeko Osakidetzaren proposamena abiapuntu ona da guztiok hautaketa-sistemak eztabaidatu eta adosteko”

Osakidetzak txosten independente bat aurkeztu du Legebiltzarrean, aditu jurista batek egindakoa. Langileen hautaketa hobetzeko balizko neurri asko jaso ditu txostenak. Oinarri horrek balioko du eragile guztiek, legebiltzar-taldeek eta sindikatuek egungo hautaketa-prozesuaren erreformari buruz eztabaida eta gogoeta egiteko. EAJ-PNV Sailaren eta Osakidetzaren bidelagun izango da. “Elkarlanerako jarrera izango dugu”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EEPen erreformarako azterlan independentea aurkezteak aukera ematen du gogoeta- eta eztabaida-prozesu bati ekiteko legebiltzar-taldeen eta hautaketa-prozesuetan inplikatutako eragileen artean, prozesuak hobetzeko, modernizatzeko eta berregokitzeko. Abiapuntu ona da, adierazi du Kerman Orbegozo legebiltzarkideak, dagokigun ardura zatia hartu eta egungo prozesua hobetzeko proposamenak bilatzen laguntzeko. “Osakidetzak hainbat eta hainbat neurri jarri dizkigu mahai gainean, aditu batek diseinatutakoak, aztertu, eztabaidatu eta topaguneak bilatu ditzagun. Abiapuntu ona delakoan gaude, eta gure taldeak deiari erantzungo dio Sailari, sailburuari eta Osakidetzari birformulazio-prozesu honetan laguntzeko borondate osoz. Jon Darpon Sailburuak elkarlanerako jarrera erakutsi digu agerraldian, eta gure konpromisoa  da gomendio horiek sakon aztertzea eta esparru komuna bilatzen laguntzea”.

Orbegozok gaur aurkeztutako txostenaren profesionaltasuna eta objektibotasuna nabarmendu ditu, eta baieztatu du giltzarri izango dela etorkizuneko lanerako. “Garrantzitsuena da egungo EEP berme osoz amaitzea eta eredu berrian lanean hastea, kontuan izango dituena azterlan honez gain baita ere inplikatutako gainontzeko eragileok egingo ditugun ekarpenak”.

Osasun sailburuak agerraldia egin du Legebiltzarrean, EAJ-PNV eta PSE-EEren talde parlamentariek eskatuta, iragan ekainaren 21ean Eusko Legebiltzarrak onartutako mozioa betetze aldera, langileak hautatzeko prozesuetan gardentasun eta aukera-berdintasun printzipioak bermatzeko hainbat neurri jasotzen zituena. “Jakin nahi genuen Saila zer ari den egiten eta zer proposatzen duen indarrean dauden legeak betearazteko etorkizuneko EEPetan, eta uste dugu Sailak eta Osakidetzak emandako azalpenek ondo bete dutela Parlamentuaren mandatua”, esan du Orbegozok.

Talde jeltzalea bat dator Eusko Jaurlaritzarekin beharrezkoa dela Euskal Osasun Zerbitzuan hiru hamarkada baino gehiagoz egondako sistema erreformatzea. “Agerikoa da hobetu daitekeela, eta 35 urte igarota, Osakidetzan langileak hautatzeko eredua eguneratu eta modernizatu egin behar dela egungo egoerara egokitzeko. Txostena arretaz aztertuko dugu, eta gaur planteatutako neurrietan sakonduko dugu; elkarlan aktiborako jarrera izango dugu”, amaitu du Orbegozok.