Prentsa Aretoa

2018/11/10

Memoriaren Eguna: EAJ-PNVk elkartasuna, duintasuna eta konpromisoa eskatu du biktima guztientzat

Talde parlamentariak parte hartu du Eusko Legebiltzarrak indarkeriaren biktima guztiei egindako omenaldian, “inor baztertu eta parekatu gabe, guztiek pairatu baitzituzten funtsezko eskubideen urraketak”

rss Ezagutzera eman
Memoriaren Eguna: EAJ-PNVk elkartasuna, duintasuna eta konpromisoa eskatu du biktima guztientzat

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren legebiltzar-taldeak parte hartu du, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrak biktima guztiei egindako omenaldian, Memoriaren Eguna dela eta. Parlamentu kanpoan izan da ekitaldia, “Gauerdiko iparrorratza” eskulturaren alboan, eta bertaratuek lore eskaintza eta bi minutuko isilunea egin dute. Iñigo Urkullu Lehendakaria Gobernu taldearekin batera joan da, eta Bakartxo Tejeria presidentea izan da ekitaldiaren buru.

Jeltzaleen ustez, “etorkizunean bakea eta bizikidetza nahi baditugu gogoan izan behar ditugu indarkeriaren injustizia eta eragindako kaltea”. Biktima guztien duintasuna (inor baztertu edo parekatu gabe) bestelako iritzien gainetik daude: biktima guztiek indarkeria pairatu dute, funtsezko eskubideen urraketak pairatu dituzte, biktima guztiak berdinak dira minaren aurrean.

Aurten, Memoria Egunaren xedea da ikuspegi kritikoz aztertzea zein izan den gizarteak eta erakundeek azken 60 urteotan zehar biktimei emandako erantzuna. EAJ-PNVren ustez, funtsezkoa da iraganaren berrikusketa kritikoa egitea; aitortzea nork zer egin zuen gaizki, eta ez genuela beti jokatu biktimek behar zuten prestasunaz eta irmotasunaz. Jeltzaleok gure egiten dugu Gogorak (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak) proposatutako dokumentua, zeinak aitortzen baituen terrorismoaren eta indarkeriaren aurrean izandako erreakzioa ez zela nahikoa izan 70. eta 80. hamarkadetan, eta inplikazio soziala eta politikoa 90. hamarkadatik aurrera eman zela. “Terrorismoaren eta indarkeriaren aurrean, etorkizuna eraikitzen duen erantzuna zera da: beste guztiaren gainetik jartzea biktimekiko elkartasuna, eta konpromiso argia, inplikatua eta partekatua giza duintasunarekin, bizitzeko eskubidearekin eta pertsona guztien giza eskubideekin, balio goren gisa”. Bakartxo Tejeria Ganberako presidenteak irakurri du testua.

Legebiltzarrean izandako ekitaldiaren ondoren, taldearen ordezkaritza bat Miramar Jauregira joan da. Bertan, Iñigo Urkulluk egun hau ospatu du.