Prentsa Aretoa
2018/09/30
Ortuzarrek Sánchezen gobernuari exijitu dio hartutako konpromisoak betetzea: “Denborak aurrera darrai eta pazientzia gero eta txikiagoa da”
Jendez gainezka eta jai giroan egin den Alderdi Egunean, EBBko presidenteak eta Urkullu Lehendakariak Estatus Berriaren inguruko akordioa are zabalago egiteko prest daudela adierazi dute, baina EAJ-PNVren printzipioei edo euskal hiritargoaren gehiengoaren borondateari uko egin gabe
Alderdi Eguna 2018 - Andoni Ortuzar, EBBko presidentea
MINTZALDIA - 2018/09/30Alderdi Eguna 2018 - Iñigo Urkullu, Lehendakaria
MINTZALDIA - 2018/09/30Alderdi Eguna 2018 - Jokin Castiella, EGIkidea
MINTZALDIA - 2018/09/30
“Gobernatzea adierazpenak egitea baino askoz gehiago da. Gauzak egitea da, konpromisoak betetzea, arazoak adore osoz onartzea. Eta hori da, hain zuzen, Euskadirentzat eskatzen duguna: hartutako konpromisoak behingoz bete ditzatela. Denborak aurrera darrai eta pazientzia gero eta txikiagoa da”. Hitz horiek esan nahi dizkio Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Alderdi Egunean, EAJ-PNVk Forondako zelaietan ‘Prest!’ goiburupean milaka alderdikide eta alderdizale jeltzalerekin batera ospatu duen honetan. Iñigo Urkullu Lehendakariak EAJ-PNV osatzen duten emakume eta gizon guztien ahalegina hitzeman du. “Euskal autogobernua eguneratzeko eta sakontzeko akordioa are zabalago egiteko”, lan horri “ batzuen maximalismoei eta besteen manikeismo eta gelditasunei aurre eginez” egin beharko zaiolarik. “Ekin egingo diogu”, bermatu du Urkulluk. Eszenatoki ondoan jarri duten lazo hori erraldoi batekin gogoratu dituzte espetxean edo erbestean dauden Kataluniako politikariak. Horietako batzuk behin baino gehiagotan egon dira Alderdi Egunean, eta Ortuzarrek eta Urkulluk gaurkoan ere exijitu dute berehala askatuak izan daitezela. Gainera, EAJren ekitaldi nagusian izan dira Europa, Amerika eta Afrikako 13 naziotako 16 talde politikotako ordezkariak.
Ortuzarrek baieztatu du zuzentzen duen alderdia prest dagoela ezagun diren erronkei aurre egiteko (suspertze ekonomikoa, euskal autogobernua zabaltzea, berdintasuna, migrazioak, eta abar), baina baita hurrengo asteotan sor litezkeen erronka berriei ere bai. Hauteskunde orokorrak, esate baterako. EAJ-PNV Euskadin gobernatzen dituen erakundeetan ematen ari den bultzadarekin alderatuta, jeltzaleen buruak ez du ezkutatu nahi izan kezka handia eragiten diola Espainiako politikan ematen ari den egoera “zoroak”. “Hilabeteak daramatzagu lotsatuta, urliak edo sandiak ikasketak amaitu ote dituzten; ez dakit noren masterra egiazkoa ote zen; eskoletara joaten ziren ala ez; edo ministro andreren bat pertsona ezagunen inguruan iruzkin lotsagarriak egiten grabatu ote duten”, deitoratu du Ortuzarrek. Eta hori dena gertatu bitartean Estatuko Gobernua ez da hitzetatik ekintzetara pasatzeko gai izan, EAJ-PNVk bere borondaterik onena erakutsi duen arren. “Kongresuan saiatu gara gure bost botoekin zentzun apurtxo bat jartzen. Soberan erakutsi dugu behar dena egiten dakigula, Madrilen ere Euskadiren interesak defendatzen ditugula. Baina ez hori bakarrik, gure esparrutik kanpoko gai nagusiei ere begiratzen diegu, pentsioen igoerari , besteak beste. Baina, argi izan! EAJk ez du edozer onartuko eta, beharrezkoa izan denean ere, ustelkeriarekin amaitzen ez dakien Gobernua kentzen lagundu dugu. Zentsura mozioaren ondoren ere erakutsi dugu badakigula laguntzen, egoera politiko zoroan ere gauzak ondo irten daitezen”, azaldu du. Ortuzarren hitzetan, “uste dut ezin garela zintzoagoak izan”, baina era berean argitu duenez “zintzoa izatea ez da leloa izatea”. “Beste indar politikoak labankadaka hasi dira eta Gobernu berriak hor jarraitzen du, berba onekin, bai, baina berbak… errealitate bihurtu gabe. Argi eta ozen esan nahi dut hemen: Pedro Sánchezen Gobernuarengandik gehiago espero dugu, eta horregatik exijitzen diogu gehiago. Hitzetatik ekintzetara igaro beharra dago, hitz onetatik eta iragarkietatik ekintzetara, agindutakoetatik transferentzietara; eta hori dena berehala egin behar da. Guztiz premiazkoa da Estatutua osorik betetzea eta hitzez hitz egitea. Premiazkoa da Euskadirekin hitzemandako konpromisoak abian jartzea”, ohartarazi du jeltzaleen buruak.
Ortuzarrek azaldu du Euskadin elkarrekin bizi direla pertsonen bizimodua hobetzeko konpromisoa daukan Jaurlaritza eta diskurtsorik ez duen oposizioa. “Eta hemen, oposizioak, zer esan ez dakiela dabilenean, bi klitxerekin erasotzen gaitu: alderdiaren ustezko arima biak eta EAJren ustezko ustelkeriak”, esan du Ortuzarrek salaketa biak ezeztatzeko. Autogobernuari eta Estatus Berriari dagokion aldetik, EBBko presidenteak argi baino argiago hitz egin nahi izan die “multzo hutseko oposizioari eta atzetik animatzen eta eztabaida zikintzen dabilen hedabideari”. Batzuei eta besteei esan die EAJk “ahal den autogobernurik handiena eta onena” nahi duela Euskadirentzat “eta, gainera, euskal alderdien arteko akordio zabal baten bidez eta Madrilekin eta Bruselarekin adostuta egin nahi dugu”. “Oinarriak adostuta daude, eta argi daukagu zabalagoak izan ahal zirela, baina hor daude eta legitimoak eta demokratikoak dira. Oraingo eta geroko faseetan gehiago zabaldu nahi ditugu. Euskadirentzat nahi dugu ahal dugun autogobernurik zabalena eta onena, eta Euskadiko alderdi guztien artean adostu nahi dugu. Baina ez hori bakarrik, Madril eta Bruselarekin ere adostu nahi dugu. Baina une honetan akordio barruan ez daudenek ere badaukate mugitu beharra. Akordioak, lurra bezala, lantzen dituenarentzat dira. Proposatuko digutena zehatz-mehatz irakurri eta aztertuko dugu eta asmorik onenarekin erantzungo dugu. Baina hatzamarrarekin seinalatuko dugu euskal hiritargoak mundu global honetako erronkei aurre egiteko behar duen autogobernurako aurrerapausoak oztopatu nahian dabilena”. Batzuek EAJ-PNVri kosta ahala kosta egotzi nahi dioten ustelkeriari dagokionez ere, argi eta garbi mintzatu da Ortuzar “Euzko Alderdi Jeltzalea alderdi zintzoa da. Kode etiko zorrotza daukagu. Inork ere ezin dizkigu lezioak eman. Ez gara perfektuak, gu ere gizakiak gara. Dena ez dugu ondo egiten eta, behar bada, baten bat egon daiteke oso bide onetik ez doana, zuzen ez dabilena. Baina, hori gertatzen denean, hartu eta baztertu egiten dugu. Horrelakoren bat dagoenean, segituan egiten dugu. Horrela izan da iraganean eta berdin izango da etorkizunean. Euzko Alderdi Jeltzalea, besteei gustatu ez arren—eta ez zaie bat ere gustatzen–, ez dago eserita akusatuen eserlekuan. EAJ susmotik libre dago”.
Ortuzarrek bere hitzaldiaren zati bat dedikatu du EH Bilduren eta Euskadiko Partido Popularraren jardun politikoaren zinismoa salatzera. Elkar aldaratzen duten poloak dira baina ez daukate zalantzarik elkar erakartzeko, jeltzaleak zigortzea lortzeko bada. “Jaurlaritza eta EAJ makurrarazteko, horretarako bai elkartzen direla Bildu, Podemos eta PP, hirurak biribilketa alaian. Hor ez daukate inolako arazo ideologikorik: euskal muturreko ezkertiarrek ez dute inolako arazorik ‘ETAren lagun’ edo ‘Venezuelako chavismoaren jarraitzaile’ deitzen dituztenekin bat egiteko edo haiekin batera bozkatzeko. Autogobernu lantaldean, Bildurekiko akordioak debekatuta daude, baina beraiek Gobernuaren jarduna geldiarazi nahi dutenean, guztiz zilegi da Bildurekin bozkatzea. Bildurekin gertatzen den bezala: PPrekin bozketetan bat egiten dugunean ‘badatoz neoliberalak’ esaten dute; baina haiek berdin bozkatzen dutenean –eta sarritan egiten dute– ez da ezer gertatzen”.
Amaitzeko, Ortuzarrek hitz batzuk eskaini dizkie David Bonvehí PDeCAT alderdiko presidenteari, Forondan izan dela aprobetxatuta. “David bertan izateak eta eszenatokian jarri dugun lazo hori horrek Katalunian bizi duten egoera ekartzen digute gogora eta, bereziki, espetxean edo erbestean dauden pertsona guztiena. Gaur eta hemen, berriro ere aldarrikatu nahi dugu aske jartzea nahi dugula eta Kataluniak elkarrizketa bidezko konponbidea behar duela, demokratikoa, Euskal Aberriarentzat eskatzen dugun bezala”, amaitu du jeltzaleen buruak.
Urkullu Lehendakariak Kataluniako egoera politikoari buruzko erreferentzia eginez hasi du mitina. “Diosal berezia egin nahi diogu gaur Kataluniari. ‘Procés’ean parte hartu zuten pertsona guztien prebentziozko espetxeratzeari amaiera ematea eskatzen dugu. Prebentziozko espetxeratzea ez da neurrizkoa ezta justifikatua ere. Espainiako Gobernuaren hitzak egintza bihurtu behar dira. Distentzioa aldarrikatzen dugu, elkarrizketa adosteko borondatearekin. Mendebaldeko munduan hainbat eredu daude horretarako. Lanari ekin behar zaio behingoz”, eskatu du.
Ortuzarren diskurtsoaren ildo beretik, Urkulluk “ekintzak” eskatu ditu horrenbeste hitzen aurrean. “Europan eta XXI. mendean gaude. Herri izan nahi dugu, herri gisa egin eta erabaki nahi dugu proiektu ireki batean, mugarik gabe, subiranotasun partekatuekin. Gurea moduko herriek Nazio aitortza izango dute dagokien ekarpena egiten baldin badakite eta gauzak ondo egiten badituzte. Helburu nagusia da mundu mailan Nazio ezaguna eta aitortua izatea gure osasun, hezkuntza, gizarte babes edo ingurumen politikengatik. Helburua da nazio aitortua izatea kudeaketa lanean aplikatzen dugun euskal ereduagatik eta krisitik irtetea lortu izanagatik, gure industria politikagatik, lanbide heziketa edo berrikuntza politikagatik. Nazioartean hitz propioa duen Nazioa izatea da helburua, lankidetza, berdintasun, bake edo bizikidetza eredua partekatuz. Gaur pozik gaude ETArik gabeko lehen Alderdi Eguna ospatzen ari garelako eta horrenbeste pertsonek pairatutako min bidegabea gogoratzen dugu. Europan gaude. Europako Euskal Herria gara. Europa anitza eta askotarikoa da. 280 erregiok osatzen dugu eta horien artean 75 gara ‘Nazio Autonomo’, legeak egiteko eskumenarekin eta, momentuz, 7 gara, gehiengo batez, Estatuaz besteko borondate demokratikoa adierazten dugunak. Gure estrategia da Europa anitz hori bultzatzea, parte hartzea eta ordezkaritza irabaztea. Hauxe da etorkizunerako landu behar dugun esparrua: Euskadi Nazio Europan”, baieztatu du.
Urkulluk era berean ekarri ditu gogora Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen baitan Euskadirentzako Estatus Berria lortzeko garatzen ari diren lanak. “Erronka nagusia da gure Autogobernua indarberritzea, mundu mailan Herri gisa haztea. Baina lehenengo eta behin, lehenengoa: Gernikako Estatutua osorik betetzea lortzea. Espainiako Gobernuak pendiente daukan gaia da. Betetzea exijitzen dugun zerbait. Erronka nagusia da Itun berria lortzea, eta hemen kontu nagusia da Autogobernua eguneratzeko eta sakontzeko akordioa zabaltzea. Erronka eta helburu nagusia oso gauza sinplea da: indar politiko bakoitzak esan dezala elkarren arteko ulermena ahalbidetzera begira zer egiteko prest dagoen. Horixe da egiten ez dutena eta, ez egiteko, hitz jokoen ostean ezkutatzen dira, marra gorriak edo betoak planteatzen dizkigute. Batzuen maximalismoei eta besteen manikeismo eta gelditasunei egin beharko diegu aurre. Baina, guk, ekin egingo diegu, pausuz pausu. Ahaleginak egingo ditugu ahalik eta adostasunik zabalena ahalbidetzeko. Lehenago egin dugun bide beretik jarraituko dugu: gizartegintzari eta aberrigintzari ekingo diegu Herri gisa aurrera egin dezagun. Gorputza eta arima. Bihotza eta burua pertsona bakoitzaren alde eta Euskadiren alde. Hona hemen gure konpromisoa, eta hori lortzeko Prest gaude!”.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15