Prentsa Aretoa
2018/09/26
‘Prest‘, EAJ-PNVk igandean Forondan ospatuko duen Alderdi Egunerako aukeratu duen goiburua
Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu izango dira jeltzaleen jai nagusiaren 42. edizioaren ekitaldi nagusiko hizlariak. Alderdi Egunak bere betiko kultura eta gastronomia eskaintza zabalarekin batera dakartza, aurten ere, musika emanaldiak, kirol ikuskizunak eta txikienentzako dibertsio eta jolasak
‘Prest’. Hori da EAJ-PNVk datorren igande honetan, irailak 30, Forondako zelaietan ospatuko duen Alderdi Egunerako aukeratu duen goiburua. Urteroko jai handi honen ekitaldi politiko nagusiak hizlari izango ditu Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu Lehendakaria. Eguerdiko ekitaldi politikoaz gain, Alderdi Egunak, beti bezala eskainiko ditu kultura eta gastronomia eskaintza askotarikoak, musika emanaldiak eta kirol ikuskizunak. Etxeko txikienek ere askotariko aukerak izango dituzte dibertitzeko eta eguna giro onean pasatzeko. Euzkadi Buru Batzarreko idazkari andre Mireia Zaratek gaur arratsaldean egin du Sabin Etxean ekitaldi nagusi hau aurkezteko prentsaurrekoa. Hauek izan dira bere hitzak eta ondorengoak dira jeltzaleen jai handiaren zenbakiak eta bestelako xehetasunak.
Egunon. Bonjour. Buenos días. Esker mila, benetan, beste behin ere, Alderdi Egunaren aurkezpen ekitaldira etortzeagatik. Egun berezia da familia jeltzalea osatzen dugun guztiontzat. Egun benetan seinalatua Euzko Alderdi Jeltzaleko alderdikideontzat. Urtero bezala,hitzordua daukagu irailaren azken domekan, eta Alderdiko emakume eta gizonak prest gaude, 42. edizio honetarako aukeratu dugun goiburuak dioen bezala: ‘Prest!’.
PREST! Prest gaude lanean jarraitzeko, gogotsu ekiteko, Euskal Herriak, gure hiriek eta gure herriek, baina batez ere bertan bizi diren pertsona guztiek ongizaterik onena izaten jarrai dezaten.
Prest gaude denok, jarduera ekonomikoa eta enpresa sektoreak biziberritzen eta dinamizatzen jarraitzeko, langabezia %10etik behera jaisteko helburu horretara hurbiltzen hasiak garen honetan.
Prest gaude Euskadik gizarte politiketan eta gizarte kontzientzian eredugarri izaten jarrai dezan, eredu txalotua eta imitatua mundu zabalean.
Prest gaude euskal emakume eta gizonok harrotasuna sentitzen jarrai dezagun, harro gure osasun sistemarekin eta gure gazteek, gure seme eta alabek jasotzen duten heziketarekin.
Prest, erronka berriei aurre egiteko, besteak beste etxebizitza eskuratzeko erronka, 4.0 industria, digitalizazioa, garapen iraunkorra, ingurumena babesteko ekimenak, mugikortasuna, beste kultura,herrialde eta kontinenteetako pertsonei eman beharreko harrera, Europako integrazioa, zahartze aktiboa… eta abar luze bat.
Prest gaude Euskadik hurrengo hilabeteotan aurrerapauso handia eman dezan, urrats esanguratsua Euskal Aberriarentzat, gure estatutuen lehen artikuluak argi eta garbi esaten duen bezala.
Prest gaude, ekainean edo uztailean amaituko den ikasturte politikoan euskal hiritargoaren konfiantza jasotzeko, Batzar Nagusiak eta Udal berriak eratzera begira.
Prest gaude, Euskadiren interesak Euskadin eta Madrilen defendatzen jarraitzeko, gure autogobernuaren alde egiteko, inbertsio eta azpiegiturak erakartzeko, gure erretiratuen pentsioak hobetzeko.
Prest gaude, azken finean, euskal hiritargoaren zerbitzura egoten jarraitzeko, beren ilusioen eta eskarien zerbitzura, beren asmo eta exijentzien esanetara. Euskadi eraikitzen jarrai dezagun, hori izan delako betidanik gure eginkizun nagusia.
Urtero bezala, Alderdi Egunak hainbat jarduera hartuko ditu barnean, Euskal Herriko bazter guztietatik etorriko diren euskal herritarrak elkartuko diren egunean. Beste hainbat naziotako lagunak ere etorriko zaizkigu: Katalunia, Galizia,Balear Irlak, Valencia, Kanariar Irlak, Flandria, Venezuela, Txile, Georgia, eta abar luze bat. Ez ditugu ahaztuko aurreko Alderdi Egunetan gure ondoan izan ditugun Kataluniako politikariak. Gogoan izango ditugu. Aurten ezin izango dira etorri, batzuk espetxean eta beste batzuk atzerrian daudelako.
Alderdi Eguneko ekitaldiak 10:00etan hasiko dira eta ordu horretan emango zaie ongi etorria bertaratuei. Ordu berean, beti bezala, meza hasiko da eta 11:15ean agintarien desfileari emango zaio hasiera. 12:00etan hasiko da ekitaldi nagusia eta hizlari izango ditugu Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea. 13:15ean herri kirolak eta erromeria. 16:00etan Disko-Festa hasiko da. Beti bezala, ez dira faltako Txiki-txokoa, umeentzako ludoteka, puzgarri , rokodrommo, tirolina, jumping eta quad eta txirringa zirkuituak. Baina ez hori bakarrik.
Aurten tonbola ere izango dugu eta bertan batuko den diru guztia AVIFES elkarteari emango zaio, Buruko Gaixotasuna duten pertsonen eta beren senideen Bizkaiko Elkarteari, 30 urtetik hona buruko gaixotasuna duten pertsonen eta beren familien bizitza kalitatea hobetzeko egin duten lana eskertzeko eta, ahal dugun neurrian, ahalegin horretan laguntzeko.
Zenbakiak,aurten ere, benetan ikaragarriak dira. 90 lagunek hilabetea daramate ekitaldia antolatzeko lanetan. Hemendik gure esker onik beroena eta zintzoena EAJ-PNVko alderdikide guztien izenean. Alderdi Egunak 400.000 metro koadroko zabalera hartuko du, 130.000 metro koadro hartuko ditu ospakizunak , 25.000 metro koadro karpek eta gainerakoetan askotariko zerbitzuak eta aparkalekuak egongo dira. 29 txosna jarriko dira, 140 jantoki eta 20.000 bazkari zerbitzatuko dira. Euzkadiz kanpoko Venezuelako Erakundeak bere txosna jarriko du lehen aldiz. Beren txokoa ere jarriko dute, azken urteetan bezala, Compromiso por Galicia alderdiko kide eta lagunek.
Alderdi Egunari buruzko informazio guztia (egitaraua,txosnen kokapena, jarduerak, eta abar) eskuragarri dago jada gure webgunean, alderdieguna.eaj-pnv.eus gunean, eta AppStoren eta Google Play-en eskuragarri dugun “Alderdi Eguna” aplikazioan. Aurten ere, aurrekoetan bezala, aplikazioak ‘push’ mezuak eskainiko ditu era askotako ohar eta informazioekin, erabiltzaileen telefonora bidaliko diren jakinarazpenekin. Larunbatetik aurrera, Twitter, Facebook eta Instagram gizarte sareen bidez, azken prestaketa lanak erakutsiko ditugu eta, jakina, eguneko albisteak emango dira #AlderdiEguna eta #PREST traolekin. Eta igandean, ekitaldi politikoa streaming bidez jarraitu ahal izango da eskuko telefonoetarako egokitutako webgunean, YouTube kanalean eta gure Facebook orrialdean. Alderdi eguna 360 gradutan ere ikusi ahal izango da Facebook orrialdean, etortzerik ez duenak ezer ere gal ez dezan.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15