Prentsa Aretoa
2018/09/20
Joseba Egibar: “Harreman-eredu berria behar dugu Estatuarekin, euskal herritarren erabakiak errespetatuko dituena”
Joseba Egibar EAJ-PNVren Legebiltzarreko bozeramaileak, Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko Bilkuran egindako hitzaldiaren ondoren, balioan jarri du Lehendakariak egindako zehaztasun-ariketa, xehetu egin baititu bai Euskadik datozen bi urteotan izango dituen erronkak, bai horiei erantzuteko abian jarriko diren tresnak
Egibarrek Urkullu Lehendakariaren esaldi bat oinarri hartu du, “oinak lurrean”, baieztatzeko Jaurlaritzak “gordin ikusten dituela Herriari eragiten dieten arazoak, eta ekimen politikoz lanean diharduela horiek konpontzeko”.
Ordezkari jeltzaleak zalantzan jarri du oposizioak errealitatez duen “satelite argazkia”, eta gaineratu duenez, Jaurlaritzaren “pekatua” da “satelite argazki hori 1eko eskalara eramatea, giza eskalara alegia”, gizartearen kezkak eta zailtasunak aitortuta, eta jarduera-ardatzetan lehentasunak jarrita. “Erraza da esatea Jaurlaritzak dena oker egiten duela eta guztia gaizki doala; baina Gobernu honek lanean dihardu oinak lurrean dituela. Gabeziak antzematen ditu eta irmo erantzun egiten die, lehentasunak ezarriz”. Hori dela eta, bozeramaile jeltzaleak oposizioko taldeei –eta bereziki EH Bilduri- eskatu die mugi daitezela jatorrizko posiziotik, eta negoziatu ditzatela datozkigun erronkak: adibidez, datozen aurrekontuak edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma. Egibarrek koalizio abertzaleari leporatu dio politikaren ikuskari izan nahi duela, eta eskatu dio “hitzetatik ekintzetara” pasa dadila. “Ikuskari izatea iraganeko kontua da, eta herri honetan askok jardun dute horretan; baina guztiak desagertu egin dira. EH Bildu ez da ikuskatzailea, alderdi politikoa da. Uste dugu bustitzeko ordua dela, erabakiak hartzekoa eta akordioetara iristeko negoziatzekoa”.
Autogobernuari dagokionez, Egibarrek eguneratzea defendatu du, eta Euskadirentzako estatus politiko berrirantz aurrera egitea. “Harreman-eredu berria behar dugu Estatuarekin. Egungoa zaharkitua dago, eta ez du balio izan ezta Gernikako Estatutua betetzeko ere”. Bere ustez, autogobernu-sistema sendoagoa behar dugu, berme handiagoak izango dituena, eta oinarrituko dena errespetuan, aitortzan eta menpekotasun ezan. Egibarrek baieztatu du Estatuarekin harreman berri horretara iristeko ibilbidea “guztiz demokratikoa eta halabeharrez legezkoa” izango dela, herritarren erabakia errespetatuta. “Herri honen garapen soziala, politikoa, ekonomikoa edo kulturala herritarrek erabaki behar dute, eta hori errespetatu beharrad ago. Hori da muga bakarra: gero beharrezko guztia negoziatu beharko dugu”. Era berean, ohartarazi du inkoherentea dela indarrean dauden legeak betetzea behin eta berriro eskatzea eta, horrekin batera, egungo Estatutua garatzearen eta betetzearen aurka egitea. Gogoratu du Estatutua Lege Organikoa dela, eta 40 urte daramatzala guztiz bete gabe.
Bozeramaile jeltzaleak galdetu du ea zergatik ukatzen zaion sistematikoki herri honi zenbait alorren kudeaketa eta eskumena, adibidez, pentsioak, enplegurako politika pasiboak edo inmigrazioa. Esan du erantzuna argia dela: ez dago arrazoirik. “Zergatik ez digute uzten gure etorkizunaren ardura hartzen, horretarako behar ditugun tresnak eskuratuta? ¿Nori egiten dio kalte? Estatuaren ikuspegi unitarioa duenari, eta berea baino beste errealitateei uko egiten dionari. Hori da lurraldetasunaren sakoneko auzia, Kataluniako gatazka eta abar. Gailendu egiten den identitate bat duela uste duen jendeak, mundu guztiari behartzen dionak etorkizun kolektiboa bere erabakien araberakoa izatera, jende horrek gatazkak sortzen ditu eta, lehenago edo beranduago, konpondu egin beharko ditu”.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15