Prentsa Aretoa

2018/09/14

Eremu guztietan akordioak lortzeko asmoz ekin dio EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarreko kurtso politiko berriari

Euskadiko eta Estatuko egungo egoera politikoari buruz EBBk duen ikuspegia helarazi die gaur Andoni Ortuzarrek legebiltzarkideei. Iñigo Urkullu Lehendakariak, berriz, Politika Orokorreko Bilkurako hitzaldiaren ardatz nagusiak aurreratu dizkie

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Bileraren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian

Alderdi politiko guztiekin eremu guztietan akordioak lortzea da EAJ-PNVren helburu argia Eusko Legebiltzarra abiatzear den ikasturte politiko berrian. Hori da irakurketa nagusia, legebiltzarkide jeltzaleek ordu eta erdiz Iñigo Urkullu Lehendakariarekin eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentearekin izandako bileraren ondoren. Urkulluk datorren irailaren 20an, ostegunarekin, izango den Politika Orokorreko Osoko Bilkuran egingo duen hitzaldiaren ildo nagusiak aurreratu ditu. Ortuzarrek, berriz, Euzko Abertzaleak taldea osatzen duten gizon-emakumeei azaldu die zein den Euzkadi Buru Batzarraren ikuspegia Euskadiko eta Estatuko egungo egoera politikoaren aurrean.

EAJ-PNVk hainbat alorretan lortu nahi ditu akordioak beste talde parlamentarioekin. Besteak beste, 2019ko Euskal Aurrekontuetan (Eusko Jaurlaritza dagoeneko horiek prestatzen dihardu). Ortuzarrek aitortu duenez, egungo egoera politikoak “ez du lana erraztuko”, baina ez “Aurrekontuak aurreko urteetakoak baino hobeak edo eskasagoak izateagatik”, baizik eta oposizioko alderdiei eragiten dieten  “Legebiltzarraz haratago dauden kontuengatik”. “Historikoki, EH Bilduk ez ditu Aurrekontuak babestu arrazoi taktiko eta estrategikoak tarteko, eta azken aldian, bere erabakiak hartzeko autonomia baldintzatu nahi duten eragileek presionatuta eta hertsatuta”. PPri dagokionez, Ortuzarren iritziz “baliteke guri itzuli nahi izatea ustez Madrilen guk egindako kaltea, Mariano Rajoyren zentsura mozioa babesteagatik. Kontuen aurka bozkatzen badu, ez da aurrekontuengatik izango, baizik eta mendeku egarriak bultzatuta”. EBBren presidenteak baieztatu duenez, Aurrekontuak onartzen ez badira “ez da drama bat izango”, baina ziurtatu duenez “EAJ-PNVk asmo politiko osoa eta elkarrizketa- eta akordio-gaitasun osoa jarriko ditu Aurrekontuak onartze aldera”.

Ortuzarrek adierazi du EAJ-PNVk lanerako konpromisoa eta akordio-borondatea dituela, Euskadirentzat Estatus Politiko Berri bat lortzeko. Erronka hori hemendik zortzi hilabetera iritsiko da, aditu-taldeak testu artikulatua aurkezten duenean, Autogobernu Ponentzia osatzen duten alderdiek eskatu bezala.

Espainiar politikaren inguruko azterketan, Ortuzarrek uste du “Pedro Sánchezen aurkako eraso bortitza dagoela PPren eta Ciudadanosen aldetik”, baina ohartarazi du Gobernu sozialistaren etorkizuna ez dagoela espainiar eskumako alderdien esku, “ez baitute gehiengorik Kongresuan”, baizik eta “Sánchez dagoen lekuan jartzen lagundu genuenon esku”, alegia, EAJ-PNV, Podemos eta alderdi katalanak. Haren etorkizuna, hein handi batean, 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzearen araberakoa izango da. “Sánchezek erronka bat dauka Katalunian, eta alderdi katalanak funtsezkoak dira Aurrekontuak onartzeko. Arazoa dauka Podemosekin ere, ez baitakite zer egin: Gobernuari lagundu legealdia amaitzen, edo ezkerreko izaera indartu eta zailtasunak jarri hauteskundeak aurreratzeko aukeraren aurrean”. Lider jeltzaleak berretsi egin du EAJ-PNVk egonkortasunari ekarpena egin nahi diola.

Ortuzarren ondoren, Iñigo Urkullu Lehendakariak hartu du hitza. Gobernu Programaren betetze-maila aztertzeaz eta hurrengo ekimenak errepasatzeaz gain, Urkulluk legebiltzarkideei aurreratu dizkie Politika Orokorreko Bilkurako hitzaldirako gidalerroak (bilkura datorren ostegunean izango da, hilak 20an). Agintaldiko bigarren urtean, eta legealdiaren erdibidean egonik, Lehendakariak ere uste du jarduera politikorako “garai zailak” datozela, eta ohartarazi du “pazientzia demokratikoa” beharko dugula, eta zentzuz eta arretaz jardun beharko dugula. “Legealdiko bigarren zatian sartu gara. Ez da erosoa izango, maiatzean hauteskundeak izango direlako. Giroa aldrebestu egingo da, eta horrek zailtasunak ekarriko ditu, ez bakarrik aurrekontu-negoziazioei dagokienez, baita ere gai sektorialen alorrean, adibidez gizarte politiketan. Zailtasunei aurre egiteko prest gaude, eta arduraz, akordiorako bideak bultzatzen jarraituko dugu elkar ulertzeko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko”. Lehendakariak esan du elkarrizketarako, negoziaziorako eta izpiritu eraikitzailerako garaia dela.

Legealdi hasierako erronka nagusiei eutsi die Iñigo Urkulluk: ekonomiaren hazkundea, kalitatezko enplegua eta zerbitzu publikoak mantentzea. “Gure helburu nagusia da ekonomia indartzen jarraitzea, enplegu gehiago eta hobea sortzeko; horrekin batera, politika publikoei eutsi egin behar diegu”. Lehendakariak legebiltzarkide jeltzaleei eskatu die jarrai dezatela elkarrizketarako eta elkar ulertzerako espazioak sortzen, Herriari egonkortasuna ekarriko diotenak.