Prentsa Aretoa

2018/07/05

Mikel Arruabarrena: “Giro politiko berria nabari da, eta hori beharrezkoa da bide demokratikoak berritzeko”

Mikel Arruabarrena legebiltzarkide jeltzaleak uste du horizonte politiko berri bat ireki dela Pedro Sánchez espainiar Gobernuko presidente izendatzearekin batera. “Bide demokratikoak berritzeko, beharrezkoa zen aldaketa. Aldaketa hori eta beste giro politiko bat nabari dira orain”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkaia Irratian egindako elkarrizketan, ordezkari jeltzaleak aipatu duenez, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Pedro Sánchezek izandako bileren ondoren, Espainiako eta Euskadiko gobernuek borondatea dute Euskadira transferitzeke dauden eskumenei heltzeko, eta egungo Gernikako Estatutua oso-osorik betetzeko. “Batzorde eta lantalde bereziak sortu dituzte, gai garrantzitsuak jorratzeko: azpiegiturak, espetxe-politika berriaren beharra, eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa”.

Hori dela eta, gobernu sozialistaren jarrera berria nabarmendu du, Pedro Sánchezek Monkloan hilabete egin duenean. Adibide gisa jarri du espetxe-politika berrikusteko erabakia, behin ETA desagertuta dagoenez. “Jarrera aldaketa bat dago, gaixo terminalak eta 70 urtetik gorakoak gerturatzea aztertzeko erabakian. Presoen egoera kasuz kasu aztertzea eta gerturatzeari ekitea aurrerapausua da. Ziur nago datozen hilabeteotan aurrerapausu gehiago ikusiko ditugula”, esan du.

Autogobernu ponentzia

Autogobernua eguneratzeko Legebiltzarreko ponentziaren baitan lor daitezken balizko eta beharrezko akordioez ere mintzatu da Arruabarrena. Ponentziak ostiralean amaituko du lanaren lehen fasea, oinarri batzuk onartuta, aditu-talde bati testu artikulatua idaztea eskatu baino lehen.

Parlamentari jeltzaleak konfidantza agertu du, talde parlamentarien artean Euskadirentzako estatus juridiko-politiko berri bat adosteko aukeraren aurrean. “Positiboak gara. Oraingoz, alderdi politiko guztiak daude ponentzian, eta espero dugu, borondate politikoz, adostasun ahalik eta zabalena izatea”, amaitu du Arruabarrenak.