Prentsa Aretoa

2018/06/14

Lege Organikoaren bideari berriro ekitea proposatu du EAJ-PNVk, Trebiñu Araban batzea eskatzeko

Juan Carlos Ramírez-Escudero legebiltzarkideak beharrezko jo du gatazkan inplikatutako bost erakundeak koordinatzea, Trebiñu Arabako zortzigarren kuadrilla izan dadin

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Trebiñuko Konderria Gaztela eta Leongo Administraziotik atera eta Araban batzeko, EAJ-PNVk proposatu du berriro ekitea Gorte Orokorretan Lege Organikorako proposamenari. Horretarako, inplikatutako erakunde guztien arteko elkarrizketa abiatzea proposatu du Juan Carlos Ramírez-Escuderok (Trebiñuko Udala, Burgoseko eta Arabako diputazioak, Gaztela eta Leongo Junta eta Eusko Jaurlaritza). Elkarrizketen helburua da Lege Organiko bat idaztea, egungo lurralde-mugak aldatuko dituena, eta ondorioz, Trebiñu Euskadin txertatuko duena. Diputatuen Kongresuak onetsi beharko du Legea.

Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak jeltzale eta sozialisten ekimena onetsi du gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak lideratu dezan erlazionatutako organismo guztien arteko lantaldea, helburu izango duena Gorte Orokorretan onartuko den Lege Organiko bat egitea. Ramírez-Escudero parlamentariak uste du hori dela biderik onena gai hau konpontzeko, hainbat hamarkadaz konpontzeke dagoena. “Badakigu bidea ez dela erraza, eta konponbidea motel doala. Baina erakunde guztien arteko elkarrizketaren eta elkarlanaren alde jarraitu behar dugu, Trebiñuko herritarren nahiari erantzungo badiogu”. Ramirez-Escuderoren ustez, bost eragile horien inplikazioa da, hain zuzen ere, konponbidea zailtzen duena. Hala ere, konpontze nahian, gogoratu du Arabako Foru Aldundiak gogor lan egin duela trebiñarren premiei erantzuteko. “Gure alderdiak lanean dihardu, ahalik eta azkarren Trebiñu Arabako parte izan dadin, eta baita ere zerbitzuak emateari buruz bertakoen kezkak aintzat hartu eta horiei erantzuteko”. Bi lan maila daude, gaineratu du: politikoa eta administratiboa. Eta bi lan horietan gaude inplikatuta. “Trebiñu Arabako zortzigarren kuadrilla izatea nahi dugu, eta trebiñarrek bizimodu errazagoa izatea”.