Prentsa Aretoa
2018/05/17
Alarma soziala sortzea eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta hobetzeko proposamena manipulatzea leporatu dio Podemosi EAJ-PNVk
Amaia Arregi legebiltzarkideak “faltsukeria” deritzo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentako prestaziorik txikienetaz hitz egitea. Izan ere, proposamenak arreta hobea eta zenbateko handiagoak aurreikusten ditu
EAJ-PNVren enplegu eta gizarte gaietarako bozeramaileak, Amaia Arregik, haserrea erakutsi du Elkarrekin Podemosek egindako erabilera interesatuagatik eta gezurrengatik. Iragan apirilaren 27an jeltzaleek eta sozialistek Lege Proposamena erregistratu zuten Eusko Legebiltzarrean, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte inklusiorako. Proposamena baloratzeko prentsaurrekoa egin zuen atzo Elkarrekin Podemosek. “Herritarrak nahasten saiatu dira, eta zuzenak ez diren datuak eman dituzte, alarma soziala piztu nahian. Gure ustez, larria da egin dutena: kolektibo ahulenetako bat, babes handiena behar duen kolektiboa erabili dute. Argi utzi nahi dugu: arau berriarekin, pentsiodunek ez dituzte diru-sarrera txikiagoak izango, inondik inora ere (horixe esan du Podemosek), alderantziz: hobetu eta areagotu egingo ditugu”, baieztatu du parlamentariak.
Elkarrekin Podemosen talde parlamentariak ziurtatu zuenez, 455 euro ez dira nahikoa pertsona batek bere gastuei aurre egiteko, bakarrik, etxea mantentzeko oinarrizko premiak asetzeko. Arregik dionez, hori da lehen gezurra: “alderdi moratuak ahaztu egin du 455 euro horiek prestazioaren oinarria baino ez direla. Oinarri horri beste osagarri batzuk gehituko zaie, ondorengoen kopuruaren arabera eta bizikidetza unitatearen ezaugarrien arabera, adibidez, desgaitasuna izatea edo etxeko eremuan tratu txarrak egon izana”.
“Lege proposamenean planteatutakoa argi dago definituta 17. artikuluan, bermatutako gehienezko errentari dagokionean. Artikulu horren arabera, kide bakarreko bizikidetza unitate batentzat bermatutako errenta 659,75 eurokoa da. Bermatutako gehienezko errenta ezartzeko, batu egiten dira oinarrizko zenbatekoa, bizikidetza unitateko kide bakoitzagatik dauden osagarri indibidualak, eta bizikidetza unitatearen ezaugarriengatik dauden osagarriak. Beraz, gezurra da Podemosek esandakoa: ez dira 455 euro. Gaur pertsona batek 644,49 euro jasotzen ditu, eta legeak 15 eurotik gora handituko du”, adierazi du.
“Zenbateko horri batu behar zaio alokairu gastuei aurre egiteko beste 250 euro ere badaudela. Horretarako da Etxebizitzarako Prestazio Osagarria, edo etorkizuneko Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa. Ondorioz, norbanakoak 909,75 euro jasoko lituzke”, gaineratu du.
Zenbatekoei buruz egia ez den informazioa emateaz gainera, jeltzaleek salatu dutenez, Elkarrekin Podemos ironiaz mintzatu da pentsiodunen egoeraz, baieztatu baitu Lanbideko ikastaroak egitera behartuko zaiela. “Berriro ere ikusi dugu, azken eztabaida parlamentarietan ikusi dugun bezala, Podemosek kolektibo hori bahitu nahi duela onura partikularra lortu nahian. Kolektibo horrek gure arreta eta ardura osoa merezi du. Hori dela eta, erregistratutako Legeak, Pentsiodunentzako Errenta Bermatua sortzeaz gainera, kudeaketa espezifikoa eskainiko du Lanbiden”, nabarmendu du parlamentari jeltzaleak.
EAJ-PNVk Elkarrekin Podemosi eskatu dio albo batera utz dezala bere gatazkarako joera eta gizartea engainatu nahia, eta arduraz eta seriotasunez jardun dezatela, halaxe behar baitute herritarren interesen alde lanean diharduten talde guztiek. “Akordiorako prest jarraitzen dugu, hasieratik bezalaxe. Orain piztutako eztabaida interesatua, alderdikoia eta demagogikoa da, eta horrelakoek ez dute batere laguntzen batasuna eta patxada lortzeko, eta horixe behar dugu proposatutako erreforma lantzeko”.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15