Prentsa Aretoa

2018/05/16

Maialen Gurrutxaga: “Dopinaren aurkako Legea erreformatuta, Nazioarteko Kodera egokituko dugu”

Eusko Legebiltzarrak arau berria onetsiko du, EAJ-PNVk eta PSE-EEk PPrekin lortutako akordioaren ondorioz. Kultura, Euskara eta Kirol Batzordeak argi berdea eman dio gaur Ponentziaren irizpenari, PPren zuzenketak eta EH Bilduk aurkeztutako batzuk ere txertatuta

rss Ezagutzera eman
Maialen Gurrutxaga: “Dopinaren aurkako Legea erreformatuta, Nazioarteko Kodera egokituko dugu”

ARGAZKIA JAITSI

Kiroleko dopinaren aurkako legea aldatzeko proiektuaren tramitazioak aurrera darrai, Batzordeak ontzat eman baitu Ponentziaren irizpena. PPrekin akordioa lortuta –bere zuzenketak testuan jasota-, Euskal Ganberaren Bilkurak berretsi egingo du. Gainera, EH Bilduk defendatutako proposamen batzuk ere jasoko ditu. Maialen Gurrutxaga legebiltzarkideak azaldu duenez, horren ondorioz “lege aberastuagoa izango dugu, hobetua, eta akordio zabalekoa”.

Eusko Jaurlaritzak uztailean onartu zuen erreforma, eta oniritzia eman dio gaur Kultura, Euskara eta Kirol Batzordeak. Erreforma honi esker, euskal araua egokitu egingo da, Dopinaren aurkako Nazioarteko Kodearen arabera (2015eko urtarriletik dago indarrean). Ordezkari jeltzaleak azaldu duenez, Kode horrek irizpide berriak ekarri ditu, baita zigortutako portaera berriak eta zigorrak gogortzea ere; hori guztia euskal legean txertatuko da. Horrez gainera, aukera irekiko du lagin biologikoak aztertzeko Dopinaren kontrako Munduko Agentziaren onarpena duten laborategietan, nahiz eta horren ziurtagiririk ez izan.

Gurrutxagak nabarmendu duenez, arauak Dopinaren aurkako Euskal Agentzia aitortuko du dopinaren aurkako borrokaren alorrean eskumena duen organo gisa, eta alor horretako lanak egiteko. Ondorioztatu duenez, nazioarteko esparruan egokitutako legea izango du Euskadik, hobetutakoa, kirolean arauz kanpoko jokabideak prebenitzeko eta zigortzeko.