Prentsa Aretoa

2018/04/12

EAJ-PNVk EH Bilduren hipokresia salatu du, kritikatu egiten duelako besteek “155aren PP ustelarekin” adostea, baina ez duelako zalantzarik popularrekin butakak banatzeko orduan

Larraitz Ugarte izango da, Alderdi Popularraren eta Elkarrekin-Podemosen botoei esker, eskoletako jantokiei buruzko Ikerketa Batzordeko presidentea. Batzordea gaur eratu dute Eusko Legebiltzarrean

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk EH Bilduren hipokresia salatu du, kritikatu egiten duelako besteek “155aren PP ustelarekin” adostea, baina ez duelako zalantzarik popularrekin butakak banatzeko orduan

ARGAZKIA JAITSI

Euzko Abertzaleak legebiltzar-taldeak salatu egin nahi du EH Bilduren koherentzia falta eta hipokresia. Izan ere, talde horrek kritikatu egiten du jeltzaleek “ustelkeriaren eta 155aren PPrekin” izan dezakeen edozein akordio, baina gero, ez du inolako zalantzarik PPrekin hitzartzeko, butakak banatzeko hala interesatzen zaionean. Gaur goizean EH Bilduk eta PPk akordioa gauzatu dute, Larraitz Ugarte presidente izendatzeko eskoletako jantokiei buruzko Ikerketa Batzordean, Eusko Legebiltzarrak gaur osatzea onartu duen batzordean. Elkarrekin-Podemosek ere parte hartu du itunean.

Mikel Arruabarrena legebiltzarkideak “deigarria eta inkoherentea” deritzo jarrera bikoitz hori: “EAJ-PNVren aurka egiten dute PPrekin akordioak lortzen dituenean, baina protagonistak beste batzuk direnean ekintza politiko ona deritze, zuritu beharreko bekatu izateraino”. Arruabarrenaren ustez, zinismo hutsa da ezker abertzaleak inolako disimulurik gabe darabilena, ekintza beretsuak hain modu desberdinean baloratuz. “Herri honek, Euskadik, aurrera egin dezan egiten dugu lan guk, eta horretarako, indar parlamentario guztiekin adosten, negoziatzen eta hitzartzen dugu; baina ez ditugu arerio politikoak salatzen, ezta deslegitimatzen ere, gauza bera egiten dutenean. EH Bilduk, ordea, horixe bera egiten du, eta ez da lotsatzen, gainera; ez du bere errespetu eta koherentzia faltaren inguruko gogoetarik egiten”, gaineratu du. Parlamentari jeltzaleak EH Bilduri eskatu dio ez dezala euskal gizartea nahasi, eta hertsatuki eskatu dio argitu dezala noiz eta zertarako adostu daitekeen “euren hitzak jarraituz, 155aren eta ustelkeriaren PPrekin”. Izan ere, “badirudi akordioak ez duela balio gu gaudenean, baina, ostera, eurak daudenean, PP zilegizko solaskidea dela”. Arruabarrenak ondorioztatu du EH Bilduren obsesioa dela “EAJ eta EAJk gidatutako erakundeak zigortzea”, eta obsesio horren ondorioz, “inkoherentzia larrian erori eta herritarrei iruzur egiten diela”.  

Eskoletako jantokien Ikerketa Batzordeko bi kide jeltzaleetako bat da Arruabarrena. Batzordea gaur goizean osatu dute Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk, Podemosek eta PPk lortutako akordioaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako kide diren bi taldeak (EAJ-PNV eta PSE-EE) kanporatu dituzte lanak zuzenduko dituen Mahaitik. Arruabarrenak gaineratu duenez, akordioa itxita zegoen atzo, eta horrek erakusten du zein den oposizioak Batzorde horri begira duen asmo politikoa. “Ahoa betetzen zaie gardentasunaz hitz egiten, baina horrelako jokabideek erakusten digutena zera da: foroaren osaera adosteko gai baldin badira, gai izango dira baita ere ondorioak adosteko; ez dakit hori ere aurretiaz egingo ote duten”, ohartarazi du legebiltzarkide jeltzaleak.