Prentsa Aretoa
2018/04/12
Podemosen oportunismoa salatu du EAJ-PNVk, arriskuan jartzen baitu pentsio sistema publikoaren aldeko martxoko akordio politikoa
Josune Gorospek uste du gaur Ganberan izandako eztabaidaren bidez Podemosen helburua ez dela pentsiodunen egoera hobetzea, baizik eta EAJ presionatzea, bere jarduera politikoa baldintzatzeko. “Pentsioak eta aurrekontuak modu zentzugabean nahasten dituzte; hori eztabaida faltsutzea da, eta herritarrei iruzur egitea. Ate guztiak ixten dizkiete elkarrizketa-aukerei eta Euskadiren aurrerapenari”
Josune Gorospe EAJ-PNVren legebiltzarkideak Podemosi, ekimenaren sustatzaileari, leporatu dio “euskal gizarteari iruzur egin eta engainatzea, modu zentzugabean nahastuz pentsioen eztabaida eta aurrekontuena”. Gorospek gogoratu du pentsioak %0,25 igotzea ez dela izan 2017 Estatuko aurrekontu orokorren ondorio –aurrekontu horiek babestu zituen EAJk-, baizik eta PPk 2013an gehiengo absolutuz onartutako lege baten ondorio –lege horren aurka bozkatu zuen EAJk Kongresuan-; eta gaineratu duenez, aurrekontuen luzapena eman izan balitz ere, pentsioen igoera berbera izango zen: %0,25. “Zuei bost axola pentsiodunak, etekin politikoak kezkatzen dizue. Hona etorri zarete gu kritikatzera, gu presionatzera, eta gure jardun politikoa baldintzatzera. Kolektibo bat darabilzue zuen onura propiorako, eta kolektibo horrek behar duena aurkakoa da: gure batasuna, pentsio duinak aldarrikatzeko”.
Parlamentari jeltzaleak uste du, gaurko eztabaidaren bidez, Podemosek “hautsi egin duela” iragan martxoaren bateko akordio politikoa, alderdi guztiek babestu zutena, PPk izan ezik. Akordio hori pentsio sistema nahikoaren, iraunkorraren eta pentsio duinetan oinarritutakoaren aldekoa zen. “Batasun horrek garrantzia handia du guretzat, baina zuek ez duzue batasun hori zaintzen. Martxoko eztabaida integrala izan zen, eta horrexegatik berresten dugu”. Hori dela eta, Gorospek bereizketa eskatu du pentsioen eta aurrekontuen eztabaidentzat, eta eskatu du zabaltasunez, patxadaz eta alderdikeriarik gabe heltzea gaiari. “Pentsioen eztabaidak –Estatuko aurrekontu orokorrak aparte utzita- aurrera jarraitu beharra dauka, eta beraz, beharrezkoa da aldeko giroa sortzea, eta hau bezalako ekimen oportunistak aurkezteari uztea, giroa zapuztu eta endredatu baino ez baitute egiten, eta gainera, arriskuan jartzen dute pentsioak hobetzeko eta aurrera egiteko aukera politikoa. Tragedia txiki bat da hau”.
2018ko AURREKONTUAK
Gorospek berretsi du EAJ-PNVk ez duela PPrekin negoziatuko, harik eta Katalunian 155. Artikuluaren aplikazioa indarrean dirauen bitartean. “Autonomia bertan behera uztea erasoa da baita ere Euskadiren autogobernuarentzat. 155a desagertzea ezinbesteko baldintza da”. Baina, koherentziaz eta arduraz, “Euskadiren interesak defendatzen jarraituko dugu, euskal agendaren alde, eta politika egiten jarraituko dugu. Edozein gobernurekin eta solaskide guztiekin”. Gaineratu duenez, gure alderdiak negoziazio-aukera guztiak baliatuko ditu, horien helburua euskal gizartearen onura denean, inor kaltetu gabe. “Ez gaituzte alderdi politikoen edo gobernuen presioek mugituko. Euskaldunen eskariei baino ez diegu erantzuten”.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15