Prentsa Aretoa

2018/03/15

Amaia Arregi Parisera doa Kurdistango eskubideen urraketak epaituko dituen Herrien Auzitegi Iraunkorrean parte hartzera

Legebiltzarkide jeltzaleak EAJ-PNVren eta Herri Kurduaren arteko harremanak berretsi ditu, eta kezkatuta azaldu da Turkiako Gobernuaren jokaeraz. “Giza eskubideak beste edozein iritziren gainetik daude”

rss Ezagutzera eman
Amaia Arregi Parisera doa Kurdistango eskubideen urraketak epaituko dituen Herrien Auzitegi Iraunkorrean parte hartzera

ARGAZKIA JAITSI

Amaia Arregi legebiltzarkidea Parisera joan da, Herri Kurduarekin adiskidetasuna eta lankidetza bultzatzeko taldeartekoko gainerako kideekin batera, Turkiako agintarien aldetik nazioarteko zuzenbidearen ustezko urratzeak aztertuko dituen Herrien Auzitegi Iraunkorraren batzarrean parte hartzeko. Epaileek ikertuko dituzte Turkiako Estatuaren eta hainbat funtzionarioren kontra dauden salaketak. Funtsezko eskubideak urratzea leporatzen zioten, esate baterako, adierazpen- eta elkartze-askatasuna, hala nola herritarren kontrako indarra gehiegikeriaz erabiltzea. 

Kurduak dira munduko estaturik gabeko herri handienetako bat; 35 milioi biztanle inguru ditu lau estatutan banatuta: Turkia, Iran, Irak eta Siria. Arregiren esanetan, “herri honek arazo politiko, sozial eta ekonomiko larriak sufritu eta sufritzen ditu, baita giza eskubideen bortxaketa jarraituak ere. Bortxaketa horiek areagotu egin ziren iazko irailean, Irakeko Kurdistanen independentziarako erreferenduma egin ondoren. Bagdadek ez zuen herri-galdeketarik onartu eta emaitzak indargabetu utzi zituen”. 

Bermedun ikerketarik ez dagoenez, eta Ankarako Gobernuak gertakari horiek argitzeko oztopo ugari jarri dituenez, nazioarteko lau elkartek erabaki zuten Herrien Auzitegiaren epaileei aurkeztea hiri kurdu nagusietan izandakoa, iker dezaten. Epaila bi hilabete barru ezagutuko dugu.

Legebiltzarkide jeltzaleak nabarmendu duenez, “giza eskubideak beste edozein iritziren gainetik daude, eta urratzen badituzte, ikerketa dokumentatua eta inpartziala egon behar du. Auzitegi horretako epaileak hori egiten saiatuko dira; Turkiako Gobernuak jaso dituen salaketak aztertuko dituzte. Oinarrizkoa da erakunde horien lana, inpunitaterik egon ez dadin”. 

EAJ-PNVk harreman sendoa du Herri Kurduarekin, bereziki Iraken bizi direnekin, eta babestu egiten du independentziarako duten eskubidea.