Prentsa Aretoa

2018/02/13

Euskadin Estatuko Segurtasun Indar eta kidegoak areagotzea zentzugabekeriatzat jo du EAJ-PNVk

“Zentzugabekeria da Espainiako Gobernuaren ordezkariaren iragarpena, Estatuko Segurtasun Indar eta Gorpuko agente kopurua areagotzekoa, jakinik Euskadin badugula polizia integral bat, Ertzaintza, Gernikako Estatutuan jasotako funtzioak bete behar dituena”, adierazi du Iñigo Iturrate legebiltzarkideak, eta “insumiso izatea” leporatu dio Espainiako Gobernuari

rss Ezagutzera eman
Euskadin Estatuko Segurtasun Indar eta kidegoak areagotzea zentzugabekeriatzat jo du EAJ-PNVk

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk berriro ere defendatu du Euskadin dauden Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko kide kopurua gutxitzea, eta egokitzea Gernikako Estatutuak ematen dizkien funtzio “eskasetara”. Iturrateren ustez, Javier de Andrés Gobernuaren ordezkariak, bere adierazpenetan, agerian utzi du espainiar Gobernuak borondate gutxi duela Gernikako Estatutuan jasotako aurreikuspenak betetzeko. “Gomendatuko nioke irakur ditzala Estatutuaren 17.artikulua eta 1989ko martxoko akordioak, aurreikusten baitute Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek Euskadin duten presentzia txikitzen joatea, Ertzaintza polizia integral gisa garatzen doan heinean. Baina ikusten dugunez, De Andrések ez du inolako konpromisorik legearen defentsarekin, ezta Ertzaintzaren defentsarekin ere. ESIK agente gehiago eskatzea erabateko zentzugabekeria da, polizia integral bat badugunean”.

Iturraterentzat “ez dago arrazoirik orain, Ertzaintza hedatuta eta ia funtzio polizial guzti-guztiak eskuratu dituenean, Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko kide kopurua areagotzea proposatzeko”. Eta are gutxiago, gaineratu du, ETAren jarduera desagertu egin denean. “Espainiako Gobernuak ez dio errealitate berri honi jaramon egin nahi, eta uko egiten dio Estatutuaren mandatuak betetzeari. Espainiar Gobernuak gobernu intsumisoa izaten jarraitzen du”.

Parlamentari jeltzaleak Gobernuaren ordezkariari leporatu dio “Eusko Legebiltzarraren eskaerei muzin egin eta aintzat hartu ez izana”, polizia kopurua bere eskumenen eremu hertsira mugatzea eskatzen baitute. “Berriro ere eskatuko diogu Barne Ministerioari Segurtasun Batzordearen baitan atea ireki diezaiola akordioari eta egokitze-prozesurako irizpideak adosteari”.