Prentsa Aretoa

2018/02/02

EAJ-PNVk salatu egin du espainiar Gobernuak eskua sartzea Funtzio Publikoaren autoantolamendu-gaitasunean

Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren (zeinak Euskal Funtzio Publikoaren 35 orduak baliogabetzen baititu) parlamentari jeltzaleak Eusko Jaurlaritza babestu du, sindikatuekin “konponbiderik onena” adosteko asmoz

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren talde parlamentariak “erabateko desadostasuna” adierazi du Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean, erabaki baitu Euskal Funtzio Publikoko 35 orduak baliogabetzea. Estibaliz Larrauri legebiltzarkideak adierazi duenez, “Auzitegiak, Estatuari arrazoia emanaz, Funtzio Publikoa antolatzeko dugun eskumena urratu du, halaxe zehaztuta baitago Gernikako Estatutuaren 10. artikuluan. Horretara, gure autogobernuaren aurka egiten dihardu, eta ‘kafea denontzat’ formula ezartzen dihardu”. Larrauriren ustez, espainiar Gobernuaren estrategia birzintralizatzailearen beste adibide bat baino ez da. Estrategia horren ondorioz, gure eskumenak eta sindikatu-akordioak gutxiesten dituzte.

Ordezkari jeltzaleak gogoratu du 35 orduko lan astera itzultzea Mahai Orokorreko sindikatu guztiekin negoziatutako erabakia izan zela, “Auzitegi Gorenak muzin egin dio akordio-izpirituari eta Madrilgo tesia inposatu du”.  Era berean, adierazi du ebazpena are okerragoa dela emandako uneagatik. Izan ere, espainiar Gobernuak iragarri du aztertzen diharduela lan aste hori ezartzeko aukera Administrazio Orokorreko langile publiko batzuentzat. “Estatua aztertzen ari den neurri bera ukatzen digu guri. Legez aitortuta daukagun negoziazio-gaitasunari betoa jartzen digu”.

Neurria ez da berehala aplikatuko, eta Eusko Jaurlaritzak aztertu egingo du jakinarazten diotenean. Larrauri bat dator Urkullu exekutiboaren erabakiarekin: sindikatu nagusiekin elkarrizketa irekitzea, hala badagokio, adostutako konponbideak hartzeko. “Ziur gaude Jaurlaritzak irtenbiderik egokiena bilatuko duela, eta horretarako sindikatuekin akordioa, elkarrizketa eta negoziazioa bultzatuko dituela”.