Prentsa Aretoa

2017/12/31

“Norberaren indarretan konfiantza” eduki eta “alor bakoitzean ahalik eta adostasun handiena” lortzeko Lehendakariak egindako deia nabarmendu du EAJ-PNVk

Eusko Legebiltzarreko EAJren bozeramaleak, Joseba Egibarrek, Lehendakariaren Gabon Zaharreko Mezuaren balorazioa egin du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren bozeramale parlamentarioaren hitzetan “auto-estimu kolektiboko ariketarako deia da” Urkullu lehendakariaren Urte Zaharreko mezua. Lehendakariak “arazoak ez dituela ezkutatu” esan ondoren, “norberaren indarretan konfiantza izatea, gure barruko potentzialean konfiantza izateko” adierazpena nabarmendu du bozeramaleak, “desafioak eta erronkak ugari izanik, konponbidearen muina alor bakoitzean ahalik eta adostasun handiena lortzean datza”.

Joseba Egibar sinetsita dago “ezinbestekoa dela elkarrizketa politiko-instituzionala, baina, aldi berean, behar-beharrezkoa dela elkarrizketa ekonomiko-soziala”. Guztiarekin harremanetan sartzea da kontua, “berraktibatze ekonomikotik hasi eta kalitateko enplegua lortzea, justizia sozialaren ikuspuntutik eta, baita burujabetza politikoaren ikuspuntutik ere, Herri honek bere buruaren jabe izateko beharra duen neurrian”.

“Auto-estimu eta partekatutako lidergo instituzional, politiko eta sozialaren ildotik hori guztia kontuan hartuta, bukatzen ari den urtearen laburpen ona da; eta 2018ak eman dezakeenaren aurrerapen ona da” esan du.

Euskadi eta Kataluniaren arteko antzekotasunei buruz galdetuta adierazi du, “elkar alderatu ahal izateko, lehenengo eta behin Kataluniak sufritzen duen defizit demokratikoa ordezkatu behar da”. Hori dela eta, zera azpimarratu du “Espaniako gobernuaren aldetiko desaktibazio politiko-judiziala behar du Kataluniak”. “Normaltasun bidetik joateko, preso dauden buruzagi eta hautetsiak aske egon behar dute ezinbestean, eta Carles Puigdemontek inbestidurara normaltasun giroan ailegatu behar du – horretarako botoak baititu.

“Elkar alderatu ahal izateko –Euskadi eta Katalunia– defizit demokratiko hori ordezkatu behar da lehendabizi, egiturazkoa den defizita” azaldu du. “Espainiako gobernuak eragindako defizitak Kataluniako politika ezegonkortu du eta, are gehiago, independentismo katalanaren judizializazio prozesua izan daitekeenari bide emateko bezperan dago, horrek guztiak ekar dezakeenarekin” ohartarazi du.

“2018 urtean estrategia politiko-judiziala desaktibatu behar du Espainiako Gobernuak, normaltasun bidetik joan gaitezen. Hortik aurrera ikusiko ditugu antzekotasunak” bukatu du.

Azkenik, 2018a kontsultaren urtea izango ote den, ETAren desegitea etorriko den edo espetxe-politikan aldaketak gertatuko ote diren galdetuta, erantzun du “gauza horiek guztien urtea izan daiteke”. “ETA desegiteak eta espetxe-politikan errotiko aldaketak gertatzeak lagun dezakete giro politiko eta soziala askoz ere hobea izateko, eta gaur egun ezinezkotzat jotzen ditugun adostasunak lortzeko moduan izatea” adierazi du. “Bi kontu horiek, eta hemen edo Katalunian egin daitezkeen kontsulta guztiak, normaltasun politikoko zantzuak izango lirateke” amaitu du.