Prentsa Aretoa

2017/12/22

EAJ-PNVk EH Bilduri eta Elkarrekin-Podemosi ohartarazi die akordioari ezetza emateko jarreran tematzeak ekar ditzakeen arrisku

Eusko Legebiltzarrak gaur, ostiralez, onetsi ditu 2018rako aurrekontuak, XI. Legealdiko bigarrenak, jeltzaleek eta sozialistek PPrekin adostu duten akordioari esker. Oposizioko gainerakoek, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos taldeek, 11.486 milioi euroko kopurua egiten duten kontuen kontra bozkatu dute, amaitzear dagoen ekitaldikoak baino %3,9 handiagoen aurka,alegia

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • Josune Gorospe legebiltzarkideak ausardia eskatu die EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos taldeei, ezetzaren sorgin gurpiletik ateratzeko eta, hiritargo osoaren onerako izango den elkarrizketa eta negoziaketa bidera hurreratzeko. “Adostasun zabala behar dela aldarrikatzen jarraitzen dugu”.
  • “Aurrekontu onak ditugu 2018an ere Gobernu programaren bidez hartutako konpromisoak garatu ahal izateko eta egonkortasuna, politika publikoak eta gizarte ongizatea bermatzeko”. Gorospek era berean azpimarratu du kontu hauek ekonomiaren hazkundeari lagunduko diotela eta enplegu gehiago eta hobea sortzeko bidea erraztuko dutela.
  • 2020 urtera arteko epean Eusko Jaurlaritzak 13.500 plaza aterako ditu Administrazioan lehiaketa publikora. Gorospek adierazi bezala hori da “enplegu publikoaren egonkortasunaren alde egiten den apustuaren adibide argia”

Eusko legebiltzarrak gaurko ostiralez onartu ditu Euskadik 2018rako izango dituen Aurrekontuak. Bigarren urtez, aurrekontuak onartu dira EAJ-PNVk eta PSE-EEk PPrekin adostu duten akordioari esker. EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek kontra bozkatu dute. Datorren urterako aurrekontua 11.486milioi eurokoa izango da, aurreko urtekoa baino ia %4 handiagoa; baliabide publikoen %77 gastu sozialera bideratuko dira. EAJ-PNVren aburuz, kontu publikoak onartu izanak erakundeen eta aurrekontuen egonkortasuna finkatzen du eta Eusko Jaurlaritzak XI. Legealdi honetarako ezarri zituen helburuak gauzatzea ahalbidetzen du.

Legebiltzarkide jeltzale eta gai ekonomikoetarako bozeramaile Josune Gorospek EH Bilduri eta Elkarrekin-Podemos taldeei ohartarazi die elkarrizketari,negoziaketari eta akordioari ateak ixteko jarrera horretan tematzeak dakartzan arriskuez. “Bestela jardun zezaketen ausartagoak izan baziren. Beren jarrera horiekin oso egoera arriskutsuan jarri dira eta egunen batean erabaki beharko dute aurrera egiten duten edo jarrera horretan kronifikatzen diren”. Talde horiek biek adosteari uko egin dioten arren, jeltzaleek eskua luzatu dute eta elkar ulertzeko aukera planteatu dute, ezberdinen arteko itunak eta akordioak Euskadirentzako onenak direlakoan.

EH BILDURI EMANDAKO ERANTZUNA

EH Bilduk “155.aren aldeko alderdiekin” akordioetara iritsi izana leporatuz egin dituen kritiken aurrean, Gorospek koherentzia eta zintzotasuna eskatu dio koalizio abertzaleari eta gogora ekarri ditu EH Bilduk Legebiltzarrean sozialista eta popularrekin batera bozkatu dituen bozketak. “Jarduera berbera ezin da biziotzat jo aurkari politikoak egiten duenean eta, aldi berean, bertutetzat hartu norberak egiten duenean.PSE-EE eta PPrekin adostutako akordio horietan EH Bildu agertzen bada ez dago bekaturik ,eta egotekotan ere, zuritu egiten ditugu. EH Bilduk egiten badu koiunturala da eta guk egiten badugu estrukturala. Zintzoak izan zaitezte”. “Horrela ari zarete Euskadi eraikitzen eta Herri honen alde egiten?” galdetu die.

PODEMOSI EMANDAKO ERANTZUNA

Legebiltzarkide jeltzaleak alderdi moreari deitoratu dio negoziaketen hasieratik akordioa ahalbidetzeko erakutsi duten borondate eskasa. Zuek, aurpegiratu die, zuzenketa bidez Jaurlaritzaren politikak indartzeko eta akordio batetara iristeko aukera izan duzue, baina ezetza eman duzue ez zaizuelako interesatu. “Alderdiak neurtzen dira egiten dutenagatik eta ez esaten dutenagatik. Diskurtsoa egitea erraza da eta zuena moduko diskurtso demagogikoa,are errazagoa. Egitea, ordea, ez da horren erraza, eta zuek Eusko Jaurlaritzari egurra emateko ekimenetan baino ez duzue parte hartzen”