Prentsa Aretoa
2017/12/11
Aurrekontuak ez negoziatzeko EH Bildu eta Podemosen “itxurakeria eta bertigo politikoa” gaitzetsi ditu EAJ-PNVk
Eusko Legebiltzarrak uko egin die, EAJ, PSE-EE eta PPren botoez, EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek 2018rako Euskadiko Aurrekontu-proiektuari aurkeztutako osoko emendakinei. PPrekin lortutako akordioak bermatu egin du hilaren 22ko bilkuran Kontu Publikoak onartzea
EAJ-PNVk deitoratu egin du EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek aurrekontu-proiektuak negoziatzeko duten borondate falta, eta horren bitartez eragin ahal izateko Eusko Jaurlaritzak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko diseinatutako politika publikoetan. Jeltzaleen ustez, bi alderdi horiek aukera aparta galdu eta bizkarra eman diote elkarrizketari, uko eginez egonkortasun politiko eta instituzionalari, eta bere diskurtso politikoa lehenetsiz. Jarrera horren aurrean, EAJ-PNVk PPrena kontrajarri du: partida politikoa jokatzen jakin du, proposamen errealistak eta posibilistak eginez. Josune Gorospek adierazi duenez, akordioetara heltzea beti da ona Euskadirentzat, “herri honetan inor ez dagoelako soberan, eta guztiok beharrezkoak garelako eraikitzeko, aurrera egiteko eta gizartearen ongizatea areagotzeko”. Baina, gaineratu duenez, EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek uko egin diote negoziazioari, eta galdu egin dute Eusko Jaurlaritzak abian jarriko dituen politika publiko batzuk zuzenketa partzialen bitartez nabarmentzeko aukera.
“Euskadi eraikitzeko bat egiteko aukera zeneukaten, baina hori baztertu duzue. Eta okerrena, koldarkeria eta itxurakeria izan dira arrazoiak. Kalean faktura politikorik ez izateko. Politika itxurakeria baino zerbait gehiago da, politika da konpromisoak hartzea eta erabakiak hartzea. Lehentasunak ezartzea urriak diren baliabideetan, arduraz jokatzea eta koherente izatea”, esan du Gorospek.
Bestalde, Joseba Egibar bozeramaile parlamentariak EH Bilduri aurpegiratu dio mantendutako estrategia politikoa, horrek PPri ahalbidetu baitio politikaren erdigunean egotea. Baieztatu du bi abstentziorekin kontuak onartzea ahalbidetu zezakeela eta, ondorioz, joko-taula aldatu. “Benetan kezkatzen bazaituzte PPrekin lortutako hitzarmenak, aukera izan duzue aurrekontu-negoziazioan sartzeko, eta akordio hori ekiditeko, bi legebiltzarkide abstenituta. Jakin badakizue gehiengo osoa lortzeko boto bakarra falta zaigula, eta EH Bilduren abstentzioak balio duela PP gabe aurrekontuak onartzeko”.
Era berean, Egibarrek uste du EH Bilduk bertigo politikoa izan duela, eta berak utzi diola erdiguneko lekua PPri –Legebiltzarreko bosgarren indarrari-. “Ez dituzue zuen abaguneak baliatu”, esan du. Hori dela eta, koalizio abertzaleari eskatu dio taula politikoa mugitu dezala, benetan EAJren alternatiba izan nahi badu. “Ez dakit noiz eta nola, baina ziur nago EH Bilduk herri hontarako alternatiba politiko eta soziala izan nahi duela. Horretarako, gobernatu egin beharko du, eta EAJrekin gobernatu, gainera. Hori hala izan dadin, aurreiritziak alboratu beharko ditu”, amaitu du.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15