Prentsa Aretoa

2017/11/29

EAJ-PNVk NEXT jarriko du abian, euskal gazteak beren geroa pentsatzera eta erabakitzera animatzeko prozesua

Sabin Etxea euskal gazteentzako kontzertu areto bilakatuko da larunbat gauean. Sarrera doakoa izango da eta musika eta dibertsioa eskainiko dira.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“280 karakterretan NEXT zer den adierazi beharko banu, nik esango nuke NEXT EAJren barruan eman den prozesua dela, gure gazteriari gehiago eta hobeto entzuteko. NEXT ez dugu egin guk gehiago hitz egiteko, gehiago entzuteko baino. NEXT da gazteei entzuteko molde berria, eurak izan daitezela beren geroa pentsatu eta erabakiko dutenak. Hori da NEXT, gazteak eta etorkizuna”. Txio honekin definitu du Mireia Zarate, Euzkadi Buru Batzarreko idazkari andreak NEXT proiektu berria: EAJ-PNVren baitan sortu den prozesua, zeinetan alderdi osoak parte hartuko duen, euskal gazteei entzuteko eta beren ahalduntzea bultzatzeko. Proiektu honetan inplikatuko dira alderdi honek gobernu erantzukizunak dituen erakunde guztietako herri ordezkariak eta urrutien kokatuta dagoen herriko Uri Buru Batzarra; Lehendakariarengandik hasita eta herri txikieneko zinegotziarenganaino. “Ez dugu atzera egingo”, esan du Zaratek Sabin Etxean prozesua aurkezteko egin den prentsaurrekoan.

NEXT EBBren gidaritzapean azken hiru urteotan garatu den prozesuaren fruitua da, eta datorren larunbatean borobilduko da Sabin Etxean egingo den jai ikusgarri eta apartarekin. Hausnarketa prozesua 2014 urtean hasi zen. “Une hartan ez genekien urrats gehiago emango genituen eta, are gutxiago, egitasmoak izenik izango ote zuen. Argi genuen gauza zen etorkizuneko politika ezin dela eraiki geroaren protagonistak izango direnekin kontatu gabe: gaurko emakume eta gizon gazteak. Unibertsitatera edo Lanbide Heziketara sartu berri diren pertsonak, ikasketak amaitzear dituztenak, lehen lan esperientziak bizi dituztenak eta epe laburrean beren etorkizuna baldintzatuko duten erabaki garrantzitsuak hartu beharko dituztela ikusten ari direnak.

Beren bizimodua baldintzatuko duten galdera guztiak hasi zitzaizkigun dantzan alderdi barruan. Zer nolako lana egingo dute? Hemen egiteko modurik izango ote dute? Zenbat urterekin emantzipatuko dira? Etxebizitza propioa eskuratu ahal izango dute? Zer harreman dute politikarekin? Beren bizimodua hobetzeko tresna izan daitekeela uste dute? Nola ikusten gaituzte? EAJ-PNVrekin hitz egiteko prest daude, elkarrekin, beren etorkizuna eraiki dezagun?”, azaldu du Zaratek ha explicado Zarate. “Ekinean jarri ginen. Euskadiko gazteen iritziak eta eguneroko bizimoduan beraiekin harremanetan dauden pertsonen irizpideak ezagutzeari ekin genion. Aurretik sekula ez bezala egiteko prest geunden: sakontasunez, zorroztasunez eta lagungarri izateko borondatearekin. Entzuten geniela erakutsi nahi genien eta, gainera, identifikatu zizkiguten eskari,beharrizan eta kezketan oinarritutako erantzun politikoak eskainiko genizkiela hitzeman genien. Beren kezka eta ardurak, ez beste batzuenak. Horixe zen erronka”, gaineratu du. Elkarrizketak egin ziren 250etik gora pertsonarekin,lantaldeak antolatu ziren eta Jokoaren Teorian oinarritutako hainbat dinamika egin ziren (Lego, Post-it,…) eta euskal gazteriak politika nola ikusten duten eta beren lehentasunak ezagutzeko ikerketak egin ziren, eta milaka orduko elkarrizketen eta hausnarketen emaitza gisa sortu da NEXT.

Next EAJ-PNV osoa inplikatzen duen prozesua da. Gobernu ardurak ditugun erakundeetatik hasita eta urrutien kokatuta dagoen herriko Uri Buru Batzarreraino. Hau da, Alderdi hau osatzen dugun emakume eta gizon guztiok gara beharrezko. Guztiok parte hartu beharko dugu prozesu honetan. Nola? Gazteei entzunaz, eurak dauden tokietara joanaz, gazteekin kalitatezko elkarrizketa eraikitzaileak izanaz, beren ilusio eta ardurak aintzat hartuaz, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borroka gaurko eta biharko eragile eraldatzaile bihurtuaz, lehenengo hitza euskaraz esanaz. Orain arte hori dena egin izan badugu, are sendotasun handiagoarekin egin beharko dugu. Hori da NEXT.

NEXT fisikoa eta birtuala da, NEXT institutuan, liburutegian eta lokalean egongo da, eta Instagram, Youtube edo Facebook-en egongo da. Harreman zuzena lehenetsiko dugu, solaskideari aurpegira begiratzeak ezin duelako ezerk ordezkatu eta benetan eraldatzailea delako. Gazteekin kontaktatuko dugu beraiek elkartzen diren tokietan, beren eskariak adieraziko nahi dizkiguten eta beren etorkizuna eraiki nahi duten gazteak dauden tokiraino iritsiko gara. Eta NEXT gizarte sareetan ere egongo da, euskal gazteriaren topaguneetako bat delako. Entzun nahi diegu eta gauzak argi eta garbi esan diezazkiguten. Horrela gerta dadin, hainbat kanal digital sortu ditugu beren eskariei zuzenean erantzun ahal izateko, EBBKo kide batek, foru diputatu batek edo zinegotzi batek. Eta erantzun horiek albait arinen emateko,jakina. Halaber, nexteuskadi.eus web gunea egin dugu Nexten helburuak eta asmoak azaltzeko. Kezkak,ideiak eta eskariak bertara bidali ahal izango dira eta hortik monitorizatuko dugu gure gizarte sareetako aktibitatea. Elkarrizketa horiek Instagram, Facebook, Twitter, Youtube eta Whatsapp gizarte sareetan bideratuko dira.

Next proiektuaren helburu nagusia da prozesu hau proposamen eta irtenbide politiko konkretuetan gauza dadila eta proiektu horiek gazteen beharrizan eta eskarietan oinarrituta egon daitezela. Proposamen eta irtenbide horiek guztiak EAJ-PNVk jasoko ditu eta praktikan jarriko ditu bere barne funtzionamenduan eta euskal erakundeetan garatzen duen jardun politikoan. EAJ-PNVren eta etorkizuneko protagonistak izango direnen artean eginiko politika izango da.    

Next abian dago, ON dago. Next EAJ-PNVren agendaren parte bihurtu den proiektua da.Proiektu estrategikoa, egunez egun monitorizatu eta bultzatuko duguna eta edukiz beteko duguna. Ulertu dugu biharko politikak ezin direla pentsatu politika horiek garatu beharko dituztenekin batera joan barik. EAJ-PNVren oinarrizko tresna elkarrizketa izan da beti. Next egitasmo honekin, gure asmo eta konpromiso nagusia izango da Euskadiko emakume eta gizon gazteei entzutea, haiekin hitz egitea. Hitz egin dezagun zuzenean.Guztiekin, bakoitzarekin. Hori da Next.

Next larunbatean, abenduak 2, abiaraziko dugu Sabin Etxe barruan egingo den jai handiarekin, asteburu berean eraikinak bere 25. urteurrena ospatuko duelarik. Ostiral arratsaldean gizarteko eragileei harrera ekitaldia eta mapping ikuskizuna eskainiko zaie; larunbat goizean ate irekien jardunaldia egingo da alderdikideentzat eta hiritargoarentzat. Eta larunbat gauean gazteentzat erreserbatutako momentua iritsiko da: NEXT jai handia. Ateak 21:00etan zabalduko dira (doako sarrera) bertara sartu, dibertitu eta, jakina, hitz egiteko prest dagoen edonorentzat. Ikuskizuna izatea nahi dugunez, gure areto nagusia eraldatuko dugu 300 pertsona hartzeko kontzertu aretoa izan dadin. Larunbat gauean El Mentón de Fogarty eta Berta Bitttersweet-en musika entzungo dugu, Bocabeats Comedia taldekoekin dibertituko gara eta Das deben eta Mr Kul DJ-en energia sentituko dugu. Kanpoan food-truck bat jarriko da eta taberna zabalik egongo da jaiak iraun bitartean.