Prentsa Aretoa

2017/11/13

Estatutua erreformatzeko metodologia-proposamena aurkeztu du EAJ-PNVk

Autogobernua eguneratzeko eta testu artikulatu berria idazteko prozesuan jarraitu beharreko pausuak ezartzen ditu dokumentuak. Horren arabera, Legebiltzarraren Osoko Bilkurak testua onartu ondoren, Gorte Orokorrei bidali aurretik, kontsulta ahalduntzailea egingo litzateke

rss Ezagutzera eman
Estatutua erreformatzeko metodologia-proposamena aurkeztu du EAJ-PNVk

ARGAZKIA JAITSI

Autogobernua eguneratzeko Lantaldea elkartu da gaur. Bertan, EAJ-PNVk lan-metodologia proposamena aurkeztu du, Autonomia Estatutua erreformatzeko testu artikulatu berria idatzi eta onesteko. Behin taldeek eskatutako agerraldiak entzunda eta alderdi bakoitzak Autogobernua eguneratzeko bere proposamena erregistratuta, Ponentziak bigarren faseari ekingo dio orain. EAJ-PNVk berretsi egin zuen iragan legealdian aurkeztutako oinarrien dokumentua, eta mantendu egin du bere balio osoa. Hortik aurrera, proposamenen kontraste- eta eztabaida-fasean sartuko da orain Ponentzia. Jeltzaleek berretsi dute “akordio transbertsala bilatuko dutela, ahalik eta zabalena baina betorik gabea, aitortuz demokrazia batean gehiengoak baliagarriak direla”.

Estatutua erreformatzeko Proiektu berrirako akordio bat lortze aldera, lehen pausu gisa, EAJ-PNVk proposatu du legebiltzar-talde bakoitzak balorazio bat egin dezala, gainontzeko alderdien dokumentuei buruz. Balorazio horretan jaso beharko dira zein puntutan datozen bat edo zein puntu sintetizatu daitezkeen proposamen komun batean. Puntu horiei buruzko idazkera adostua bilatu beharko dute taldeek. Halaber, testu artikulatua izango dena idaztea errazteko, taldeei gomendatu zaie beren proposamenak doitu ditzatela egungo edo geroko Estatutuaren egiturara, eta oinarri eta printzipioak txertatu ditzatela goiburu eta xedapenetan. Lan-eskema hau oinarri hartu du Ponentziak, eta hilabeteko epea ezarri du taldeek kontraste- eta sintesi-ariketa hori egin dezaten.

TALDEEN NEGOZIAZIOAK

Jeltzaleek defenditutako metodologiaren arabera, “neurri handian bat etorritako edo atxikitako puntuak eztabaidatu egingo dira, bi talde edo gehiagoren testu komuna bilatze aldera”. Testu bateratuak adosteko elkarrizketak Ponentziaren bileretan bertan emango dira, edo hortik kanpoko aldebiko edo alde anitzeko bileretan. Etapa horren ondoren, Ponentziaren koordinadoreak, Jone Berriozabal legebiltzarkide jeltzaleak, proposamen guzti horien txostena egingo du, “adostutako oinarri eta printzipioak jasoko dituena, horiek babesten dituzten alderdiak erreferentziatuta”. Boto partikularrak adierazteko aukera ere egongo da.

TESTU ARTIKULATUA IDAZTEA

Presidenteak lan hori amaitzen duenean (urtarrila amaierarako dago aurreikusita), Ponentziak aditu talde bati edo aitortutako ospedun erakunde bati eskatuko dio testu artikulatua idaztea, adostutako oinarrietatik abiatuta, eta prozesu dibultzatzaile eta partehartze sozialeko bat abiatzea. Eusko Legebiltzarrak badu “ADI” izeneko tresna bat, herritarrek iritziak helarazi ahal izateko. Tresna hori erabiliko du ekarpenak jasotzeko.

ONESPENA

Testu artikulatua idatzi eta gero, Eusko Legebiltzarrak eztabaidatu eta onetsi egin beharko du. Testua lege proposamen gisa tramitatuko da, edukia bere egiten duten taldeek sinatuko dutelarik. Behin onartuta, kontsulta ahalduntzailea egitea defendatzen dugu, Gorte Orokorretako tramitazioari ekin baino lehen.