Prentsa Aretoa

2017/11/06

Aurrekontuen negoziazioan betoak baztertzeko eskatu dio EAJ-PNVk oposizioari

Josune Gorospek talde guztien ardura eskatu du, Euskadirentzat onak diren kontu publikoak aurrera ateratzeko. “Lehentasuna ematen diote enpleguari, ekonomiaren garapenari, gizarte politikei eta inbertsio publikoari”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“EAEko Aurrekontu Orokorren Proiektua ez baldin bada onartzen, zer ezingo luke egin Eusko Jaurlaritzak? Nola eragingo lioke euskal gizarteari oposizioak (EH Bilduk, Podemosek eta PPk) bat egin eta onarpena geldiarazteak?”. Galdera horiek egin dizkio Josune Gorospe legebiltzarkideak Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuari, aurrekontuak luzatzea Euskadirentzako zein kaltegarria izango litzaken ohartarazteko.  Adierazi duenez, egoera hori gertatzeko aukera dago, baina ez da batere komeni. Hori dela eta, oposizioko hiru taldeei arduraz jokatzeko eskatu die, eta kontuan hartzeko euskal gizartearen benetako kezkak zeintzuk diren. Gorospek espero du taldeek jakingo dutela egoerak eskatu bezala jokatzen, oposizio eraikitzailea izaten, eta kontu publikoei buruzko benetako negoziazioa ahalbidetuko dutela, zerikusirik ez duten kontu politikoak sartu gabe.

“Euskal gizarteak alderdi politiko guztioi eskatzen digu arduraz jokatzea, gure ekintza politikoa demokratikoki garatzea, modu eraikitzailean, eta betoak alde batera utzita. Izan ere, betoek sistemaren inefizientziak baino ez dakartzate. Aurreko esperientziak ikusita, jakin badakigu Eusko Jaurlaritzak funtzionatu dezakeela aurrekontuak luzatuta. Baina ez da Euskadirentzat egoera onena, eta beraz, halakorik ez gertatzea espero dugu. Hemen ordezkatuta gauden legebiltzar-talde guztion ardura politikoa da hori ekiditea”. Aurrekontu onak dauzkagu euskal gizarte osoarentzat, gaineratu du; gizarte babeserako gure euskal eredua finkatuko dituen aurrekontuak, ekonomia hazten eta enplegua sortzen lagunduko dutenak. “Interes propioetan baino, herri gisa ditugun erronketan pentsatu beharra daukagu. Erronka horiek gauzatu ahal izango dira proiektu honen bidez. Jar dezagun begirada hor, eta ez beste leku batean. Pentsa dezagun zer den ona euskal gizarteak aurrera egin dezan”.

Gaur hasi da Legebiltzarra aurrekontuen lege-proiektua tramitatzen. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak bere sail guztien partidak, planak eta proiektuak aurkeztu ditu Batzordean. Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua izan da hori egiten lehena.

Euzko Abertzaleak legebiltzar-taldeak babestu egin du Eusko Jaurlaritzak onartutako kontu publikoen proiektua, non apustu sendoa egiten baiten enplegua sortzeko, herriaren garapen ekonomikorako, inbertsioa berreskuratzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko. Ordezkari jeltzaleak gaineratu duenez, guzti horrez gain, aurrekontu soziala ere bada, esfortzu handia bideratzen baitu politika horiek indartzera. Izan ere, gastu osoaren %77 helburu horretara zuzenduta baitago. Portzentai hori gaur egungoa baino puntu batetik gora altuagoa da. Osasun, Hezkuntza, eta Enplegu eta Gizarte Politika sailek dituzte aurrekontu handienak. Gorospek nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzaren ahalegina, administrazio publikoko langileen lan-baldintzak hobetzekoa: funtzionarien soldata-igoerak, langileen pentsio-planetarako Jaurlaritzaren ekarpenak berriro jartzea eta enplegu deialdi publikoak aipatu ditu Gorospek.

Horregatik guztiagatik, eta Euskadirentzat aurrekontu onak direlako, EAJ-PNVren legebiltzarkideak oposizioko taldeei “ardura, epe luzeko ikuspegia eta heldutasun politikoa” eskatu dizkie.