Prentsa Aretoa

2017/11/02

Gernikako Estatutua goitik behera betetzea exijitu dio EAJ-PNVk Espainiako Gobernuari, “abagune politikoen menpe egon gabe”

Legebiltzar-taldeak Transferentzien Batzorde Mistoa deitzea eskatu du, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren eta Espetxe Erakundeen eskualdatzeei heltzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Iragan urriaren 25ean 38 urte bete ziren Gernikako Estatutua onartu zenetik. Bete gabe jarraitzen du, Estatuko ondoz ondoko gobernuen borondate faltaren ondorioz. Gaurko bilkuran, EAJ-PNVk berriro ere exijitu dio Espainiako Gobernuari negoziazioei ekiteko, eskualdatzeke dauden arloak transferitzeko. 37 arlo dira, Eusko Jaurlaritzak joan den hilean Eusko Legebiltzarrari igorritako txosten baten arabera. Joseba Zorrilla legebiltzarkideak esan duenez, eskaera historikoa eta utziezina izatez gain, aitortutako gure autogobernu osoaren garapenerako oinarri ere bada, eta baita marko juridiko-politiko berrian aurrera egiteko ere. Baina, gaineratu duenez, espainiar Gobernuak uko egiten jarraitzen dio Legea betetzeari, eta zehazki, Autonomia Estatutua betetzeari. “Tristea eta deitoragarria da Espainiako Gobernuari –bere burua demokratikotzat duenari- eskatu behar izatea legea bete eta aplikatu dezala. Estatutua betetzea exijitzen dugu, legea betetzea, abagune politikoen menpe egon gabe”.  Marko horretan, EAJ-PNVk lehentasuna ematen die Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoari eta Espetxeei.

ESPETXE-ERAKUNDEAK

Estatutuak ez du zalantza izpirik uzten, ordezkari jeltzaleak ondorioztatu duenez: zehazki, 10.14 artikuluak jasotzen du “adinera heldugabeen babes eta tutoregorako, gartzelatzeko eta gizartean berrintegratzeko erakunde eta etxeen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua, gai zibil, gaztigu eta gartzelazkoez legegintza orokorrak dioenaren arabera.”. “Gobernu zentralari eskatzen diogu aintzat har dezala elkarrizketarako deia. Zentzuzkoa da. Elkarrizketa, Transferentzien Batzorde Mistoaren baitan, akordio bat lortzeko”. Zorrillak gogoratu du Katalunia bezalako erkidegoek aspalditik dutela espetxe-politika transferituta.

GIZARTE SEGURANTZA

Josune Gorospe legebiltzarkideak salatu du behin eta berriro ez dela bete Estatutuan jasotako aurreikuspena, gizarte segurantzaren erregimen ekonomikoa kudeatzekoa; eta horrek hobeto funtzionatuko luke euskal erakundeen eskutik. “Hezkuntza edo Osasuna kudeatzen ditugu eta gure emaitzak Espainiakoak baino hobeak dira. Hemen hobeto kudeatzen dugu, eta eskumen hori gure esku balego, baliabide gehiago izango genituzke gizarte babeserako sistema integrala sendotu eta hobetzeko”.