Prentsa Aretoa

2017/10/10

Kongresuak aintzat hartu du Legebiltzarrak planteatu duen Lege Proposamena, amiantoaren eraginpean egon diren pertsonei konpentsazioa emateko funtsa sortzea xede

Euskal Ganberatik joan diren ordezkariek, hauen artean Jon Aiartza legebiltzarkide jeltzaleak, Diputatuen Kongresuan aldeztu duten ekimenak funts bat eratzea bilatzen du beren lan bizitzan minbizia eragiten duen substantzia honekin kontaktuan egon diren langileei konpentsazio bat eskaintzea xede

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • Jon Aiartza: "Justizia egitea da amiantoaren kaltetuen beharrei erantzuna ematea"
    2017/10/10

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI  

Diputatuen Kongresuak gaur, asteartez, -gainerako taldeen iritzia jakinda- aintzat hartu du Eusko Legebiltzarrak, iragan otsailaren 9an, aho batez onetsi zuen lege proposamena, zeinen bidez Estatuari eskatu zaion euren lan bizitzan amiantoarekin kontaktuan egon diren langileei konpentsazio bat emateko funtsa eratzea. Substantzia hau oso toxikoa da eta bere eraginaren sintomek 50 urtera arteko epe barruan ager daitezke.

Jon Aiartza legebiltzarkide jeltzaleak lege proposamen hau funtsezkotzat jo du, beste hainbat arrazoiren artean “konpentsazio funts hau estatu mailan eratu beharra dagoelako, argi eta garbi geratu baita autonomien mugak gainditzen dituen kontua dela”. Halaber, Espainiako gobernuari eskatu dio gai honek merezi duen erantzukizun politikoarekin lantzea “amiantoaren biktimei dagokien konpentsazioa albait arinen emateko, baina horri lotuta eta hori bezain garrantzitsua dena, biktima guztiek ordaina eman zaiela senti dezaten”.

Legebiltzarkide jeltzaleak zentzu honetan esan duenez, amiantoaren eraginpean egon diren biktimak erakundeen aldetik ez dira inolako konpentsaziorik edo erantzunik jasotzen ari. “Kasu gehienetan biktima hauek babesik gabe aurkitzen dira benetan larria den eta ondorio modura etorri zaien arazo honen aurrean, eta gaur egun ez dute erreklamaziorik egiteko aukerarik. Prozesu judizial luzea hasita, hainbat kasutan ez dira prozesuaren amaierara iritsi beste borrokalditik, gaixotasunaren kontrako borrokatik, galtzaile irten direlako” esan du.

Aiartzak era berean gogoratu duenez, duela 14 urte Europar Batasunak amiantoa erabiltzea debekatu zuen arren – debekua ezarri da baina materiala ez da desagertu-, material hau hiru hamarkadatan oso erabilia izan da eta oraindik ere osasuna kaltetzen jarrai dezake hainbat gaitan aurkitzen delako. “Hau da, enpresa batzuek ez dakite oraindik amiantoarekin lan egiten dutela eta horregatik da hain zaila amiantoaren eraginpean zenbat pertsona edo zenbat denbora egon diren zehaztea”.

Ordezkari jeltzaleak garrantzitsu jo du gogoratzea biktima guztien heren bat emakumeak direla, lan esparruan amiantoaren eraginpean egon direlako edo lanez kanpoko zioengatik material honekin kontaktuan egon direlako beren inguruan edo etxean. Hori dela eta “beharrezkoa da biktima guztiak aintzat hartzea, lan esparruan harreman zuzena izan dutenak eta zeharkako harremana izan dutenak”.

Amaitzeko, Aiartzak autonomia erkidego ezberdinetan eratu diren amiantoaren biktimen elkarteen lana eskertu nahi izan du, eta bereziki Amiantoaren Euskadiko Biktimen elkartearen ahalegina goraipatu du. “Agurtzeaz gain, zuzena eta egokia da zortzi urteotan guztietan egin duten lana eta euskal ganberako legebiltzar taldeei eskaini dioten laguntza eskertzea. Gure aldetik, elkarrekin eginiko lanari esker, gaur esan dezakegu aho batez bide luze honen amaierara iritsi garela, eta zuek ere bide honetatik jarraitzea espero dugu amiantoaren biktimei Konpentsazioa emateko Funtsa eratzea ahalbidetzeko. Gaurkoa oso urrats garrantzitsu eta beharrezkoa izan da lege honek aukera bat izan dezan. Talde guztiei eskatu nahi diegu, eztabaida bideratzeaz eta ahalbidetzeaz gain, erantzukizun eta arduraz ekin diezaiotela eta beren printzipio nagusia justizia izan dadila”.