Prentsa Aretoa

2017/10/06

EAJ-PNVk euskal bidea defendatzen du, Euskadirentzat autogobernu estatus berria adosteko

Iñigo Iturrate legebiltzarkideak gogoratu duenez, bide horrek legezko kontsulta adostua ahalbidetu behar du, aldebikotasuna bermatuko duena, eta Euskadiren edo Kataluniaren berezko errealitate plurinazionala onartuko duena. “Hori da euskal bidea, Lehendakariaren proposamena, gure proposamena, eta aurretiaz eskatzen dugu Gernikako Estatutua erabat betetzea”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Gobernuaren kontrolerako bilkuran, legebiltzarkide jeltzaleak galdera egin dio Iñigo Urkullu Lehendakariari, ea zein pausu emango dituen Eusko Jaurlaritzak eskualdatzeke dauden 37 eskumenak Euskadira transferitzeko. Eskumen horiek Gobernu Kontseiluak irailean onartutako txosten batean jasota daude. “Gaur, Estatutuari esker, Euskadi nazioago da, Estatuago. Baina gehiago nahi dugu, eta horretarako, Gernikako Estatutua erabat bete beharra dago. Transferitu gabeko eskumenak eskatzen dizkiogu Madrili, lehen pauso gisa. Hori lortzeak nazioago egingo gaitu, eta indartsuago, autogobernu esparru berri bat lortzeko”, adierazi du Iturratek.

Euskal bidearen oinarrietako bat Gernikako Estatutua erabat betetzea da. Hori da Lehendakariak eta EAJ-PNVk Euskadirentzat estatus politiko-juridiko berria lortzeko defendatzen duten formula. Iturratek gogoratu du euskal bidea adostasunaren printzipion eta printzipio demokratikoan oinarritzen dela, eta horrek Euskadiren edo Kataluniaren errealitate nazional propioa aitortzea dakarrela, eta baita Estatua nazio-anitza dela aitortzea ere. “Hori da euskal autogobernua eguneratzeko gure bidea, Euskadiren eraikuntza nazional eta sozialerako: akordioa eta demokrazia. Estatuaren subiranotasuna berrantolatzea eskatzen du horrek, ikuspuntu eraikitzaileaz; hala nola bertan dauden herrien identitatearen defentsa ahalbidetzea”.

EAJ-PNVk bi balio horien alde egiten du -adostasuna eta demokrazia- Katalunia bizitzen ari den krisitik irtetzeko. “Akordioa eta Demokrazia, Lehendakari. Zuk lehen egunetik behin eta berriro gogora ekarritako bi printzipio. Gaur, Kataluniak duen egoeran, inoiz baino garrantzi handiagoa hartu dute. Estatuko erakunde nagusien itxikeriaren aurrean, errealitate nazionalak ez aitortu eta ez errespetatzearen aurrean, amildegi instituzionalaren aurrean, zure proposamena Akordioa eta Demokrazia da”.