Prentsa Aretoa
2017/09/18
Enplegua sortzea, autogobernua eta bizikidetza, EAJ-PNVren lehentasunak kurtso politiko berrirako
Legebiltzar-taldeak bilera egin du Lehendakariarekin eta EBBko presidentearekin, jardun politikoaren ardatzak ezarri eta datozen hileotan giltzarri izango diren gaiez jarduteko
Euzko Abertzaleak legebiltzar-taldeak lehen lan-bilera egin du astelehen honetan, Euskal Ganberan, ikasturte politiko berria abiatzeko lehentasun nagusiak ezartzeko. Lehentasun horiek legealdi hasieran finkatutako berberak dira. Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Andoni Ortuzar EAJ-PNVko EBBren presidentea bertan izan dira. “Partekatutako hiru ardatz eta legegintzaldia abiatu zenetik barneratutakoak: kalitatezko enplegua sortzea, gure autogobernua eguneratzea eta iraganarekin adiskidetutako gizartea eraikitzea”, esan du Joseba Egibarrek.
Bozeramaile parlamentarioaren esanetan, unean uneko premiak bultzatuta, ahalegin guztia hazkunde ekonomikoan, enpleguan eta zerbitzu publikoen mantentzean egin beharra dago. “Bide onetik goaz. Industria berreskuratzen ari da eta enplegua sortzen ari gara, baina ez gara iritsi krisi aurreko mailara eta enpresa askoren zailtasunez jabetzen gara. Zeregin handia daukagu aurretik, eta Eusko Jaurlaritzarekin bat egingo dugu konponbideen bila. Oposizioa bidelagun izatea nahiko genuke, eta guztion norabide berean jotzea”.
Autogobernuari dagokionez, Egibarrek gogoratu du hilak 20an Ponentziak adituen azken bi agerraldiak jasoko dituela, legebiltzar-taldeen proposamenez, eta Elkarrekin-Podemosek autogobernua eguneratzeko bere proposamena epean aurkeztu beharko duela. “Beste alderdiek, hala nahi badute, dagoeneko egindako proposamenak aldatzeko aukera izango dute. Guk iragan legealdikoa bere horretan mantenduko dugu: hamaika oinarri, akordioaren eta hitzarmenaren bidetik aitortzeko Euskal Herria subjektu politikoa dela eta bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela”. Bozeramaile jeltzaleak baieztatu du hemendik eta 2018 hasierara bitarteko lana “estatus politiko berria garatzeko oinarriak finkatzea” izango dela, eta behin horiek ezarrita, “testu artikulatua idaztea enkargatuko dugula, gero Legebiltzarrak berretsiko duena”. EAJ-PNVk berriro ere errepikatu du bere borondatea ahalik eta adostasun zabalena lortzea dela.
Bizikidetza eta memoria izango da taldearen beste jarduera legegile handietako bat. Aurreko ekitalditik ezarritako lan-egutegia jarraituz, Ponentziak laster hartuko ditu biktimen agerraldiak. Jarraian, ondorioen eta adostasunen garaia izango da. Egibarrek Legebiltzarrak duen zeregin handia nabarmendu du, memoria inklusiboa eta gizarte adiskidetua izango duen etorkizuna bilatze aldera.
“Horiek dira erronka nagusiak –enplegua, bizikidetza eta autogobernua- eta gogotik lan egingo dugu hartutako konpromisoak betetzeko. Ikasturteari arduraz ekin diogu, eta baita ilusioz ere, gizartearen kezka nagusiei erantzuna emateko. Beti bezala, elkarrizketarako eta ulermenerako espazioak sustatuko ditugu, Herriari egonkortasuna emango dioten espazioak”, amaitu du Egibarrek.
Astelehen honetako topaketan, Lehendakariak osteguneko Politika Orokorreko Bilkurako hitzaldiaren berri eman dio bere taldeari. Laburpen hori idatziz ezagutzera eman die gainontzeko alderdiei ere.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15