Prentsa Aretoa

2017/07/20

EAJ-PNVk y PSE-EEk lege-proposamena erregistratu dute Legebiltzarrean, Gardentasunari eta Herritarren parte-hartzeari buruz

Bi taldeek lehentasunezkotzat jo dute lege hori onartzea, “administrazio publikoek bermatu dezaten herritarrek duten eskubidea gai publikoen gardentasunerako eta parte-hartzerako”

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk y PSE-EEk lege-proposamena erregistratu dute Legebiltzarrean, Gardentasunari eta Herritarren parte-hartzeari buruz

ARGAZKIA JAITSI

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak talde parlamentarioetako bozeramaileek, Joseba Egibarrek eta Jose Antonio Pastorrek, urrenez urren, Gardentasunari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko lege-proposamena erregistratu dute gaur goizean. Araua idazteko orduan, erreferentzia izan dute iragan legealdiko lege proiektu bat, Eusko Legebiltzarrak Ganberan tramitatu zuena. Proiektua bertan behera geratu zen legealdia amaitzearen ondorioz.

Legea egitea Jaurlaritzaren legegintza-egutegian jasotako konpromisoa da, 2018ko lehen lauhilekoan Legebiltzarrera aurkezteko. Hala ere, bi taldeen ustez tramitazioa arindu daiteke, kontuan izanik taldeek iragan legealdian egin zituztela ekarpenak. Sinatzaileek nabarmendu dutenez, “administrazioak behartuta daude herritarrekiko gardentasun-printzipioa indartzera. Lege honek hori azpimarratuko du, hobetu egingo ditu informaziora sartzeko eskaerak eta bermatu egingo ditu pertsonek jakitzeko eskubidea eta gai publikoetan herritarrek parte hartzeko eskubidea”.

Gogora ekarri dute Euskadi dela autonomia erkidego gardenena, Espainiako Transparency International-en txostenaren arabera. “Sailkapenaren gailurrean gaude, ahal den puntuaziorik altuenaz. Europar administrazioen mailan egon nahi dugu orain, alor horretan arau propioak baitituzte”. Orain “publizitate aktiboaren” printzipioa gehitzen zaio. Horren ondorioz, Legeak eragindako subjektuek betebeharra izango dute bere ekimenez, aldian aldian eta modu eguneratuan, publiko egin beharko dute informazio adierazgarria, bere jarduera publikoaren funtzionamenduarekin eta kontrolarekin harremanetan dagoen jardueraren gardentasuna bermatuko duena.

Hori dela eta, lege-proposamenak exijentzia-maila handiagoa eskatzen du Gobernuaren gardentasunari dagokionez: betebeharra izango du argitara emateko gobernu-programa, legegintza-egutegia, horren aldaketak eta ebaluazioak, kontsulta- eta partaidetza-organuen jarduera, giza baliabideen planak, hautapen-prozesuak edo publizitate-kanpainen gastu publikoa, besteak beste. “Euskadiko administrazio publikoek sortzen duten informaziorako herritarren sarbidea ahalbidetzen duten tresnak txertatu behar ditugu, hala nola beren partehartzea interesekoak zaizkien gaietan erabakiak hartzeko eta diseinuan parte hartzeko”.

Arauak hiru erakunde-mailei eragingo die, hala nola horien menpeko erakunde guztiei, eta giltzarri izango da “euskal administrazio publikoak modernizatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko, gai izango dena modu eraginkorrean herritarren beharrei erantzuteko”. Oinarri dira XXI. Mendean Administrazioa gidatu behar duten gobernantza printzipioak: gardentasuna, parte-hartzea eta herritarren lankidetza gai publikoetan.

Intereseko taldeen erregistroa

Proposamenak administrazio publikoekin diharduten instantzia guztiengan du eragina, adibidez, kontzertatutako ikastetxe eta osasun zentroek, edo erakunde pribatuek, baldin eta finantzazioaren %40tik gora erakunde publikoetatik jasotzen badute. Halaber, emandako dirulaguntza guztiak argitaratzea ere aurreikusten da, baita intereseko taldeenak ere, izena emanda egon beharko direnak Herritarren eta interes anitzen talde adierazgarrien parte-hartzerako eta lankidetzarako Euskadiko Autonomia Erkidegoko Erregistroan.

Legea eta herritarren eskubideen bermeak betetzeko, egungo Datuak Babesteko Agentzia indartzen da, Gardentasunekoa ere izango dena. Horrek izango du isun-erregimena ezartzeko eskumena, bereziki zorrotza izango dena administrazio publikoen ez-betetzeen aurrean.

Herritarren parte hartzeko eskubideari dagokionez, berritasun nagusia Herri Ekimen Araugilea izango da. Hori batu egiten zaio zegoeneko aurreikusitako aukerari, herritarrek legeak bultzatzekoari. Orain, gainera, Jaurlaritzaren erregelamendu eta dekretuak egiteko parte-hartzea bermatuko da.

Egibarrek eta Pastorrek “asmo handiko” testua dela uste dute, eta legebiltzar-taldeei eskatu diete ahalegina egin dezatela “legea ahalik eta azkarren onartze aldera”, are gehiago, kontuan izanik testuan jasota geratu direla aurreko legegintzaldian aurkeztutako zuzenketetako asko.