Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2017/07/06

Ana Oregi: “Saharar herriarekin gaude eta konponbide justua eskatzen dugu Marokoren jazarpenarekin eta okupazio ilegalarekin amaitzeko”

Ganberak harrera egin die Euskadira uda pasatzera datozen saharar umeei. Bertan izan da Ana Oregi, legebiltzarkide jeltzale eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko Presidentea. “Gure alderdia eta euskal erakundeak beti daude zuekin. Zuek hartzen, basamortuaren gogortasunetik irtetzeko eta zuen Autodeterminazio Eskubiderako eskaera zilegia babesteko”

rss Ezagutzera eman
Ana Oregi: “Saharar herriarekin gaude eta konponbide justua eskatzen dugu Marokoren jazarpenarekin eta okupazio ilegalarekin amaitzeko”

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Legebiltzarrak, Bakartxo Tejeria presidentea buru, beste behin ere jaso ditu “Oporrak Bakean” programaren baitan Euskadira uda pasatzera datozen saharar umeak. Programa hori elkarlanean antolatzen dute Euskal Fondoak, Fronte Polisarioak eta bolondres talde batek. Topaketara bertaratu da, Euzko Abertzaleak talde parlamentarioaren izenean, Ana Oregi legebiltzarkide jeltzale eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko Presidentea. Oregik parte hartzen duten umeak agurtu eta hartzen dituzten familiak eskertu ditu, beren elkartasun eta lanagatik, adin txikiko horiek errefuxiatuen kanpamenduetatik urrun hilabete batzuk pasatzea ahalbidetzen dutelako. “Programa hauek aukera aparta dira umeak basamortutik, baliabide eskasiatik eta osasun alorreko gabezietatik aldentzeko. Errefuxiatuen kanpamenduetako sufrimendua txikitzen laguntzen diete. Hemen azterketa medikoak eta elikadura orekatua dauzkate. Eta hori guztia, programan parte hartu eta posible egiten duten familia askoren eskuzabaltasunari esker”.

Oregik erakundeetatik eta eremu politikotik lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, kausa hori ahaztua izan ez dadin eta bertako herritarrek “egunen batean beren etxeetara itzultzeko aukera izan dezaten”. “Babestu egiten dugu Mendebaldeko Sahararen aldarrikapen zilegi eta justua, eta nazioarteko ebazpenak betetzea eskatzen dugu. Helburua da behin betiko konponbide baketsu batera iristea, eta saharar herriaren determinazio librea bermatzea. 40 urte baino gehiagoko erresistentzia daramate, bide baketsuen bidez eskatzen Marokok behin betiko eten dezala okupazio ilegala eta jazarpena”. Mendebaldeko Saharan nazioarteko legeak berehala aplikatzea eskatu du legebiltzarkide jeltzaleak, bereziki herrien autodeterminaziorako eskubidea. 

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetarako EGITASMOA