Prentsa Aretoa
2017/06/29
Gaixotasun larriak dauzkaten presoak askatzea eskatu du EAJ-PNVk, arrazoi humanitarioak eta legezkoak medio
Iñigo Iturratek pertsona guztien Giza Eskubideak hertsiki errespetatzea eskatu du, eta espetxe-politikak garaiotara egokitzea, mendekua gaindituz. “Askatasuna kendutako pertsonak eskubidedun subjektuak dira, eta halaxe aitortu behar dira. Giza Eskubideen alorrean ez dago salbuespenetarako lekurik”
“Giza Eskubide guztiak pertsona guztientzat eta toki guztietan”. Esaldi horrek laburtzen du EAJ-PNVren konpromiso sendoa eta iraunkorra printzipio humanitarioekin eta pertsona guztien eskubideen defentsarekin. Printzipio eta eskubide horiek babestu eta zaindu egin behar dira, abagune, aukera edo kalkulu politikoetatik haratago, eta kartzelara eraman duen delituaren larritasunarekiko independentziaz. Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak baieztatu du gaixotasun larriak dituzten pertsona presoak kartzelatik irtetzea posiblea, egingarria eta erabat legezkoa dela. “Giza Eskubideak ezin daitezke zatitu, konpromiso osoa dira. Edo guztien alde gaude, edo ez. Ez dago salbuespenik. Pertsona presoek eskubideak dauzkate, eta horiek ezin ditugu inoiz urratu, are gutxiago aukera, taktika edo kalkulu politikoen ondorioz”.
Gaixotasun larriak dituzten pertsona presoak askatzea eskatzen duen ekimen parlamentarioak talde guztien babesa jaso du, PPrena izan ezik. Ekimenaren alde egiteko, Iturratek adierazi du kartzeletan ezin direla espetxeratuen eskubideak urratu. Adierazi duenez, humanitateak esan nahi du justizia, Giza Eskubideak errespetatzea eta indarrean dagoen espetxe-legedia betetzea. Hori dela eta, legea betetzea aldarrikatzen dutenei dei egin die, presoen egoeraz hitz egiten dugunean lege hori –aldatu beharrik ez dagoena- aplikatu dadin. “Ez dago egungo legeetatik irten beharrik. Egungoak ere, aurreikusi eta ahalbidetu egiten du espetxetik irtetzea. Halaxe dago jasota Kode Penalean eta Espetxe Arautegian. Legea da. Zintzoak izan gaitezen eta bete dezagun”. Iturratek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala ekarri du eztabaidara, eta osasun-eskubidea eskubide unibertsala dela dion agindua. “Eskubide hori askatasuna kendu zaien pertsonek ere badute. Zigorra bete beharko dute, baina gure egitekoa da baldintza duinetan betetzen dutela bermatzea. Hori da gure ardura: arreta duina, gizatiarra eta unibertsala”.
EAJ-PNVren ordezkariak nabarmendu du beharrezkoa dela egungo espetxe-politikan aldaketa egitea, gizatiarragoa egiteko eta garai berrietara egokitzeko. Esan duenez, aldaketa horren oinarria izan behar da pertsona presoen bergizarteratzeko eta printzipio konstituzionala. “Aldaketa hori arrazoizkoa, beharrezkoa eta egokia da, etorkizuneko bizikidetza daukagulako jokoan”. Iturratek
Preso gaixoen egoerarentzako soluzio humanitario eta legalak bilatzeko eta hurbiltzea ahalbidetzeko Eusko Jaurlaritzaren ekintzak eta planak errepasatu ditu Iturratek. Iñigo Urkullu Lehendakariak Hitzeman edo Zuzen Bidean bezalako programak azaldu dizkie Espainiako Gobernuari eta ETAko presoei, berak eta baita Andoni Ortuzar EBBren presidenteak bidalitako eskutitzetan. Ordezkari jeltzaleak ondorioztatu du gaur arrazoi gehiago dauzkagula eskari hori egiteko. “Adostutako testu bat daukagu, pertsona guztientzako Giza Eskubide guztien konpromisoa planteatzen duena. Eskubide oinarrizkoenetik hasita (bizitzeko eskubidea), baina baita pertsona presoei dagozkien eskubideekiko konpromisoa”.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15