Prentsa Aretoa

2017/05/29

EITBren erreforma integralerako Ponentziarako lan-proposamena aurkeztu du EAJ-PNVk

Dokumentuak lanerako hiru eremu dauzka –zerbitzu publikoa eta edukiak, gobernantza eta ordezkaritza, eta antolakuntza eta finantzazioa-. Partehartze soziala ere badu, inkeste bana jasoz euskal herritarrentzat eta erakundeko langileentzat

rss Ezagutzera eman
EITBren erreforma integralerako Ponentziarako lan-proposamena aurkeztu du EAJ-PNVk

ARGAZKIA JAITSI

Euzko Abertzaleak talde parlamentarioak astearte honetan aurkeztu du, EITBren erreforma integralerako Ponentzian, bere lan-proposamena. Bere baitan jaso ditu azterketarako eremuak, metodologia eta egutegia. Gainera, EAJ-PNVk partehartze sozialerako prozesu bat irekitzea proposatu die gainontzeko alderdiei. Proposamenak bi inkesta aurreikusten ditu –bat euskal herritarrei galdetuta, eta bestea erakundeko profesional eta kolaboratzaileei-. Horrez gain, Eusko Legebiltzarraren webgunean bertan espazio bat sortzea proposatu du, pertsona guztiek beren iritziak utz ditzaten eztabaida-prozesuak dirauen bitartean.

Dokumentua erregistratuta dago dagoeneko, eta astearte honetan gainontzeko proposamenekin batera eztabaidatu dute Ponentziak egin duen bileran. Ana Oregi legebiltzarkide jeltzaleak hiru bloketan egituratu ditu lan-taldearen azterketa- eta gogoeta-eremuak. Lehenengoa, EITBren zerbitzu publikoaren edukiak eta funtzioak definitzeko. Alor horretan jaso ditu erronka soziolinguistiko eta teknologikoak, euskal kulturaren babesa edo ikusentzunezko industria. Bigarren blokean, Oregik gogoeta proposatu du erakundearen gobernantza- eta ordezkaritza-ereduaren inguruan. Eta, amaitzeko, antolakuntzaren azterketa eta finantzazio-sistema.

Europako eta Estatuko irrati telebista publikoen lan-esperientziak ezagutze aldera, EAJ-PNVk hainbat agerraldi eskatuko ditu. Batetik, Francisco Campo Freirerena, Santiago de Compostelako Unibertsitateko irakaslea eta Europako irrati telebista publikoen egoerari eta joerei buruzko txostenaren (“Situación actual y tendencias de las Radiotelevisión pública de Europa”) egilea. Bestetik, Carmen Amoresena. Amores Forta-ren presidentea da, alegia, Irrati eta Telebista Autonomikoen Erakunde edo Entitateen Federaziokoa. Halaber, Carmelo Garitaonaindia irakasleari presentzia ere eskatuko du. Garitaonaindia EHU/UPVk iragan legegintzaldian egindako Estatuko eta Europako telebista publikoei buruzko txostenaren egilea da.

Ponentziaren lehen lan-fasean, ekainetik irailerakoan, taldeek eskatutako agerraldiak eta inkestak egingo dituzte, herritarrenak (udako soziometroaren bidez) eta EITBko langileenak. Iritzi guztiak jaso eta aztertuta, urritik aurrera akordioak bilatzea proposatu du EAJ-PNVk, aurretik zehaztutako hiru lan-eremu horietan. Ponentziaren gomendioak idaztea izango da azken fasea. Aurreikuspena da 2018ko urria eta abendua bitartean amaitu ahal izatea.

Ponentziak astearte honetan aztertu ditu legebiltzar-taldeek proposatutako formulazioak, hemendik aurrera organo horren funtzionamendua antolatuko duen proposamena finkatze eta adoste aldera.