Prentsa Aretoa

2017/05/25

Katalunia eta Estatuaren arteko akordioaren alde egin du EAJk, “benetako erreferendum loteslea” egiteko

Joseba Egibarrek nabarmendu du EAJk bere egiten duela “hasieratik amaierara” Erreferendumaren aldeko Itun Nazionala. Itun horrek bi gobernuei eskatzen die adostu ditzatela “nazioarteko komunitateak aitorutako Erreferenduma egiteko baldintza eta berme justu eta beharrezkoak” eta erreferendum horren emaitza “politikoki loteslea eta eraginkorra” izango dela

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bozeramaile jeltzalea ziur agertu da Kataluniako gatazka konpontzeko “giltzarria” Erreferendumaren aldeko Itun Nazionalean jasota dagoela. Eta, zehazki, honako puntuan: “Kataluniako zein Espainiako Estatuaren Gobernuei eskatzen diegu zailtasun politikoak eta apriorismoak gainditu ditzatela. Eta bidezko zein beharrezko diren baldintza eta bermeak ezarriko dituen azken akordio batera iritsi daitezela, nazioarteko komunitateak aitortuko duen Erreferenduma ospatzeko. Honen emaitza politikoki loteslea eta eraginkorra izan beharko da”. EAJk “hasieratik amaierara bere egiten du” Erreferendumaren aldeko Itun Nazionala, 540.000 pertsona eta erakunde baino gehiagok sinatua –baieztatu du-, eta osorik irakurtzeari ekin dio.

Kataluniako “procés” beste ezeren gainetik “prozesu demokratiko bat” dela nabarmendu du, “jatorria printzipio demokratikoaren ukazioa delako”. Hori esanda, Egibarrek nabarmendu du une honetan eztabaidaren erdigunean dagoela Puigdemont president-ak Mariano Rajoyri egindako azken eskaintza, erreferendum hitzartua egitekoa. “Hor dago erronka, nazioarteko komunitatearen aurrean; erronka da erreferendum adostua egingo den edo ez, eta batzuek eta besteek eman ditzaketen arrazoiak”, azaldu du.

Buruzagi jeltzaleak balioan jarri du une honetan Kataluniako Parlament-aren %75 eta %80 artean –barne dago En Comú Podem- bat egiten duela Erreferendumaren aldeko Hitzarmen Nazionalerako Adierazpenarekin. “Katalunian Podemosek adierazpen hori sinatu du, eta horrek esan nahi du aitortzen duela Kataluniak erabakitzeko eskubidea duela, eta hortan bat etortzea bada zerbait”, azpimarratu du. “Espero dut hemen, Autogobernu Ponentzian, gure Herriaren nazio aitortzaz gain, dagokion erabakitzeko eskubidea ere aitortuko dela”, gaineratu du. “Ganberak hori onartzen badu, bada zerbait”, nabarmendu du.

Joseba Egibarren adierazpenak Eusko Legebiltzarrean izan dira, EH Bilduk aurkeztutako ekimen baten eztabaidan. Talde horrek batzorde bat sortzea proposatu du, “Kataluniako prozesu soberanistak EAEn izango dituen eraginak aztertzeko”. EAJk ekimenaren aurka bozkatu du. Izan ere, -eta halaxe azaldu zitzaion EHBilduren bozeramaileari ekimena aurkeztu bezain pronto-, “horretarako dago Autogobernu Ponentzia” –bertan, Koalizioak pertsona katalan baten agerraldia baino ez du eskatu-.

Egibarrek “kezka” adieraziz amaitu du bere hitzartzea, garaiotan EH Bilduk ez duelako estatus berrirako proposamenik azaldu. “Autogobernu Ponentzian aurkeztu duzuen dokumentua ez da gerturatu ere egiten egin daitekeen bide-orri batera, ezta hurrik eman ere”. “Kataluniako prozesu subiranistak EAEn izan ditzakeen ondorioetatik haratago, hasi definitzen zein den zuen posizio propioa”, eskatu dio EH Bilduri. “Badakit orri zuriek bertigoa dakartela, baina hasi idazten. Bada garaia”, amaitu du.