Prentsa Aretoa

2017/05/18

Egibarrek ausardia falta leporatu die EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi, ez baitira ausartu EAJk lortutako akordioaren gaitzespena proposatzera

Bozeramaile parlamentarioak bi alderdiei leporatu die Estatuko aurrekontuen eztabaida eta eskema espainola Eusko Legebiltzarrera ekarri izana. “Ausardia izan. Ekarri Ganberara Kupoari eta beste akordioei buruzko eztabaida. Ez duzue ekartzen, ez daukazuelako ezer esateko, badakizuelako akordio horiek aurrerapausua eta indarra direla euskal gizartearentzat”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Politikan heldutasuna eta ausardia behar dira arazoei aurre egiteko. Gaur, EH Bildu eta Podemos ausartak izan balira, ez zuten Estatuko aurrekontu orokorrei buruzko eztabaida ekarriko: EAJk lortutako akordioaren gaitzespena ekarriko zuten. Baina ihesi dabiltza; ez daukate ezer esateko akordio horien inguruan eta KUPOari buruzko gai zehatzean, Kongresuan alde bozkatuko dutelako. Badakitelako Euskadirentzat ona dela”. EAJ-PNVren Legebiltzarreko bozeramaileak, Joseba Egibarrek, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi leporatu die Estatuko Aurrekontuen eztabaida Eusko Legebiltzarrean errepikatu izana, eskema erabat espainola erabiliz. Hori dela eta, Kupoari buruzko akordioaz eztabaidatzeko ekimena aurkeztera gonbidatu ditu. “Akordioa lortu baldin badugu eta onuragarria baldin bada, non dago arazoa? Euskal gizarteari eta erakundeei lasaitasuna eta indarra ematean? Eztabaida horri ihes egiten diozue eta aurrekontuen atzean ezkutatzen zarete”. Gainera, gogoratu du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ez dutela zuzenketa bakar bat ere aurkeztu euskal gai eta lehentasunei buruz.

Egibarrek galdetu du ea arazoa protagonista ote den, Euzko Alderdi Jeltzalea delako, eta ez EH Bildu. “Rajoy politikoki inhabilitatzen duzue eta gobernu ustel bat babestea leporatzen diguzue. Baina inhabilitazioak besteei eragiten dienean baino ez dizue balio. PPrekin interlokuzioa balekoa da nik egiten dudanean, baina beste bat baldin bada, demonizatu egiten dut”. Horrekin batera, gogora ekarri du ezker abertzaleak Audientzia Nazionaleko Fiskalarekin lortutako akordioa, bere 30 buruzagientzat, EAJk positiboki baloratu zuena. Ez hori bakarrik: baita Urkullu Lehendakariari egindako eskaera, espainiar Gobernuaren eta Rajoyren aurrean batertekari izan zedin, ETAren armagabetze prozesuan. Gaineratu du Rajoy duela hilabete eta erdi bezain ustela dela gaur.

Bozeramaile jeltzaleak gogoratu du espainiarrek erabaki zutela Rajoy presidente izatea. EAJk aurka bozkatu zuen inbestiduran. Era berean, Iñigo Urkullu Lehendakaria da euskaldunek bozkatu zutelako eta Legebiltzarrak aukeratu zuelako. “Hori da interlokuzioa. Maizterra aldatuz gero, dagoenarekin negoziatuko dugu. Baina hortik aurrera, EAJ-PNVk euskal agenda eramango du. Hitz egin, eta herritarrentzat onak diren akordioak bilatu. Jakina da PPk behar larria duelako negoziatu duela. Gehiengo absolutua izan duenean ez gaitu aintzat hartu”. Egibarrek deitoratu du Kupoaren inguruko akordioak lehenago iritsi ez izana.