Prentsa Aretoa

2017/04/27

EAJ-PNVk “Guernica” ekartzeko borondate politikoa exijitu dio Espainiako Gobernuari

Amaia Betolaza parlamentariak baieztatu du Madrilen ezetzaren arrazoiak politikoak direla, ez teknikoak. “Lana zaintzeko eta garraiatzeko ez dago erronka gaindiezinik. Aztertu eta negoziatu beharreko erabaki politikoa da”

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk “Guernica” ekartzeko borondate politikoa exijitu dio Espainiako Gobernuari

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren ustez, Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrena une egokia da Picassoren lana Euskadira ekartzeko, gutxienez ere, Bilboko museoetako batean behin-behinean erakusteko. Talde parlamentarioak Espainiako Gobernuari eta Kultura Ministerioari eskatu die “Guernica” Gernikara ekar dezaten, eta salatu du orain arteko ezezkoen arrazoiak ez direla teknikoak, politikoak baizik. Amaia Betolaza jeltzaleak borondate politikoa eskatu dio espainiar exekutiboari, hainbat aldiz egindako eskaria aintzat har dezan. Gaur, beste behin ere, eskari bera egin dute euskal erakundeek. Betolazak gogoratu du Eusko Legebiltzarrak hamaika aldiz eskatu duela, lortu gabe, azkenak 2010 eta 2006an. Diputatuen Kongresuak ere eskatu zuen, mozio baten bidez.

EAJ-PNVren ordezkaria konbentzituta agertu da artelanen kontserbazio- eta garraio-teknikak asko hobetu direla azken urteotan. “Kontuan hartuz Madrilek eta Reina Sofia Museoak aipatzen dituzten txosten teknikoak 1998koak direla, ulergarria da berrikuntza teknologiko handiak ere aplikatu dakizkiela lan honi. Margolana garraiatzeko ez dago teknikoki gaindiezina den erronkarik. Espainiar Gobernuaren aztertu eta negoziatu beharreko erabaki politiko baten aurrean gaude”. Betolazak Canadian Conservation Institutek egindako txostena jarri du mahai gainean. Txosten horren arabera, lanak arriskurik gabe garraiatu daitezke, planifikatuta baldin bada, baliabide egokiak jartzen baldin badira, eta adituek egiten baldin badute. Gaineratu duenez, euskal erakundeak prest daude baldintza horiek betetzeko. 

EAJ-PNVk beharrezkotzat jo du “Guernica Gernikara” aldarrikatzea, orain 80. urteurrena oroituz, eta beharrezkoa den guztietan.  “Picassoren Guernica populazio zibilaren aurkako gerraren krudelkeriaren sinboloa da, eta Euzko Abertzaleak taldearentzat garrantzitsua da margolana ekartzea eskatzen jarraitzea, hala nola bakearen, bizikidetzaren eta herrien adiskidetzearen alde lanean jarraitzea”.