Prentsa Aretoa

2017/04/24

Egibarrek baieztatu du EAJ-PNVk "euskal agenda" aldeztuko duela Estatuko Aurrekontuei buruz egingo den edozein negoziaketetan

Argi utzi nahi izan duenez, Eusko Jaurlaritzak PPrekin Euskadiko Aurrekontuak onartzeko akordioa adostu izanak ez du berez esan nahi Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzeko akordioa egongo denik; aldi berean esan du EAJk euskal hiritargoari on egingo dioten gai guztiak negoziatuko dituela PPren baitan dauden ustelkeria arazoen gainetik ere

rss Ezagutzera eman
Egibarrek baieztatu du EAJ-PNVk

ARGAZKIA JAITSI

  • Joseba Egibar - Onda Vasca elkarrizketa (2017-04-24)
    2017/04/24

    ARTXIBOA JAITSI

Joseba Egibar legebiltzarkide jeltzaleak azpimarratu du Euzko Alderdi Jeltzaleak "euskal agenda"- euskal hiritargoaren interesa- aldeztuko duela Madrilen aurrekontuen inguruan egingo den edozein negoziaketetan; era berean ohartarazi duenez Eusko Jaurlaritzak PPrekin Euskadiko Kontuak onartzeko akordioa adostu izanak ez du esan nahi besterik barik Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzeko akordioa egongo denik. "Euskal agenda aldarrikatzen dugu eta hori ez da EAJren agenda partikular bat, baizik eta PPren gehiengo absolutuak nahita saihestu zituen gai batzuk jasotzen dituena, besteak beste Kupoaren kitapenari buruzko akordioak edo hurrengo bost urteetarako metodologia adostearen ingurukoak. Une honetan PPk gehiengo osoa bere alde ez duenez, negoziaketarako aukerak eman daitezke" esan du.

Egibarrek era berean esan du ezin dela gauza egintzat jo PP eta EAJ-PNV aurrekontuen inguruko akordiora iritsiko direnik, eta gogoratu du talde popularrak "egoera delikatua" bizi duela ustelkeria aferei dagokienez " Ikusiko dugu beren lehentasuna 2017ko aurrekontuak onartzea ote den. EAJk,edozein kasutan, gardentasun osoz, egingo denari buruz informatuko du. Zerbait esanguratsua gertatzen denean, datorren astean,esaterako, osoko zuzenketen eztabaida egiten denean, ikusiko dugu zer nolako adostasun edo desadostasun maila dagoen ", gaineratu du.

Zentzu berean, Egibarrek ohartarazi duenez PP ustelkeriak kutsatuta egote hori ez da oraingo kontu bat, duela hiru hilabete ezagutzen zen gaia baitzen: "Duela hilabete batzuk genekien PPren egoera zela gaur egun aurkezten zena, agian une honetan are eskandalagarriago agertzen da,baina hori da guk daukagun solaskide instituzionala. Ez dugu guk aukeratu,baizik eta Espainiako hiritarrek eurek" esan du.

Hori dela eta, ordezkari jeltzaleak galdetu du exekutibo zentralarekin hitz egin behar denean Eusko Jaurlaritzak PPrekin hitz egiteari utzi behar ote dion ustelkeriak kutsatuta dagoelako. "Ez gaude guk nahi genukeen tokian, baina solaskidea hori da. Horregatik, EAJk euskal hiritargo osoari eragiten dioten eta ondo etorri ahal zaizkion gai guztiak negoziatuko ditu Espainiarekin ezer negoziatzerik ez dugun eguna heldu arte. Baina, bien bitartean,dagoena dagoela, PP,PSOE edo Podemos, guk negoziatu egin beharko dugu, hori bai, ordezkatzen dugun erakundeei informazioa emanez" azpimarratu du.